Aritz Ganboa de Migelek lortu du bere buruari jarritako erronka betetzea: artzaintzari eta hari lotutako natur-, paisaia-, ingurune-, ekonomia-, kultur-, historia- eta giza-ondare ari omenaldia egitea. Horretarako, bere familiaren bi aldeen aitaren Arruazu eta amaren Izaba, lasterka lotu zituen. Motxilan zeraman 1,205 kiloko gazta Izabako Marengo borda gaztandegiko Marinaren eta Ossau-Iratyko gaztekin trukatzeko aukera izan zuen, 170 km eta 27 orduko ibilbidea egin ondoren. Ganboarekin batera ibilbidea Iker Karrerak osatu zuen. Haiek animatzera jendea hurbildu zen bideetara. Eta uneoro fisioterapeuta, nutrizionista eta dokumentala grabatzen ziharduten kamerariak aldamenean izan zituzten.
Arruazutik larunbatean 08:00etan abiatu zen Ganboa eta Karrera bikotea Aralarrerantz, Sakana Bizirik mendi taldeko beste dozena bat korrikalariren babesean egin zuten bidea. Erronkaren tamainak geldialdiak egin eta indarberritzeko uneak tartekatzea ekarri zuen. Aurreneko geldialdia Aralarko santutegian izan zen. Artzainak han zain zituen, besteak beste, Aitor Zubieta eta Iosu Bergera. Handik Madotz aldera atera egin zuten. Aldapan behera erritmo polita hartu eta Goldaratzen barna uste baino lehenago iritsi ziren Latasara. Behin Imotzen sartuta, Zarrantz aldera jo eta bide ertzean Irurtzungo Iskidi taldeko artaldeak harrera egin zien, trikitilari eta panderojolearekin batera.
Ganboa eta Karrera Olaguen ziren larunbat eguerdian, aurreikusitako ordutegia baino ordu bat lehenago.Olaguear ugari eta Hegoalde Ikastolako haurrak bildu ziren, aniztasunaren aldeko pankarta eta guzti. Herriko haurrek, gainera, gogotsu ekin zioten erronkari ziztu bizian erronkako protagonistak aurreratuaz. Egozkue, Iragi, Usetxi, Saigots, Lintzoain pasa eta gero hurrengo geldiunea Iragin egin zuten. Jan-edanak zituzten han zain lasterkariek. Eta Idiazabal Jatorri Izendapeneko artzainek harrera egin zioten Ganboari artzain baserri batean.
Bidera bueltatu eta erritmoari segituz, lasterkariak arazorik gabe iritsi ziren Bizkarreta-Gerendiainera. Hara ere aurreikusitakoa baino lehenago heldu ziren. Handik aurrerakoa Ganboarendako inkognita zen, distantzia hori baino gehiago sekula ez baitzuen egin. Aurizperri eta Auritzera bidea hartu eta Orbaizetako Olan ziren korrikalariak gau sartzen hasi zenerako. Ibilbideko zati horretan Unai Ugartemendia korrikalaria eta kazetaria ere bidelagun izan zuten.
Aurreikusitako denbora betez, Orbaitzetako zabaltzatarren etxean atseden hartu zuten. Han zeuden ere prestatzaile eta laguntzaileak, eta lasterkariek masajeak jaso zituzten. Salda beroa ere hartu zuten. Bideak-eko talde guztiak Zabaltza familiaren goxotasuna eskertu zuen. Indar berriturik 01:30ean erronkari ekin zioten berriro. Iratiko oihanean barna eman zuten gaua eta 06:30ean Orhiko (2.017 m) gailurrean zeuden.
Izaban
Beherako bidea martxa ederrean egin zuten, Larraulgo Tunela zeharkatuta, Lazako Bordara iritsi ziren goizean goiz. Han zituen zain Ganboak familiako kideak eta harrera beroa jaso zuen. Azken kilometroetan, besteak beste, Oihana Azkorbebeitia eta Laura Sola korrikalariak izan zituen lagun bikoteak. Erronkariko ibarrean, Uztarrotzen txalaparta doinuekin jaso zituzten eta azken kilometroak bereziki hunkigarriak izan ziren. 30 korrikalariren babesean heldu zen Ganboa Izabara, joaldun kuadrilla batek inguratuta: Zaraitzu ibaiaren defentsarako Zain Elkartekoak, inguruko korrikalariak, ADI Elkartekoak, mendi taldeetakoak eta abar. Plazan, artzainari eskainitako monumentuaren ondoan, hainbat artzainek makilak jaso eta zubia egin zieten Ganboari eta Karrerari eta alfonbra gorri baten gainetik egin zituzten azken metroak, jendetzak inguraturik. 11:00k ziren eta Izaban zeuden lasterkariak.
Enaren festa ere bazen Izaban igandean. Iritsi berriak gaztak trukatu ondoren, frontoian bazkaria izan zen. Parte- hartzaile eta kolaboratzaileek omenaldia jaso zuten eta Txema Goldaratzen artelana jaso zuten. Arratsaldean zehar musika egon da bertaratutako guztien gozamenerako. Horrekin bukaera eman zaio asteburu osoko festari.
Erronkaren segida
Behin ibilbidea despeditua, bestelako erronka bati helduko dio orain Xabier Unanuak. Bera da, lantalde baten laguntzaz, Ganboaren erronka irudietan jaso eta Bideak dokumentala egiteaz arduratuko dena. Heldu den urtean mustuko dute eta zinema jaialdietan zabalduko dute lehenik. Egitasmoa laguntzeko cruwdfunding kanpaina dago martxan. 30, 50 eta 100 euroko laguntza eman daiteke.