"Helburua ongi bete genuen. Hori da inportanteena"

Guaixe 2019ko aza. 1a, 12:54
Ganboa Izabara iristen.

Artzaintzaren inguruan dagoen ondareari aitortza egiteko Arruazu eta Izaba arteko mendi lasterketa egin zuen Aritz Ganboa de Migel artzain arbazuarrak asteburuan.

Aritz Ganboa de Migelek lortu du bere buruari jarritako erronka beteta: artzaintzari eta hari lotutako natur-, paisaia-, ingurune-, ekonomia-, kultur-, historia- eta giza-ondareari omenadia egitea.

Aurpegi onarekin iritsi zinen Izabara. Zer moduz? 
Zalantza guztiak uxatu ziren lasterketa aurrera zihoala. Une txarrak ere pasa genituen. Azkenean, hain lasterketa luzean, bizkar gainean neraman zamatxo hori kontuan izanik, une latzak ere tokatu zitzaizkigun. Baina, orokorrean, oso ongi atera zen. Eguraldiak asko lagundu zigun. Baita jendeak ere ibilbidean zehar. Herri ia guztietan eta ibilbidean zehar beti animoak emateko prest zegoen jendea opatu genuen bide bazterrean. Sorpresatxo ugari aurkitu genituen ere. Horrek motibazioa mantentzen dizu, eta asko laguntzen du. Gainera, Iker Karrerak eskarmentu handia du eta berak markatu zuen erritmoa. Berak lagundu zidan. Oso erraza izan zen berari segitzea. Eta momentu txarrak izan genituenean ez genituen batera eduki. Berak txarrak eduki zituenean ni ongi nindoan eta alderantziz. Batak besteari lagundu genion. Erretiratzeko edo ez bukatzeko une latzik ez genuen izan.  

Hori garrantzitsua da, ez?
Bai, azkenean buruak agintzen baitu. Buruak esaten ziguna zen: beteko dugu. Zalantza zen zein denbora eginen genuen. Denbora kudeatzen egon ginen. Oso azkar hasi ginen, markatutako erritmoak baino askoz azkarrago gindoazen, konturatu gabe. Ez genuen horren sentsaziorik. Azkenean geldialdiak egin behar izan genituen zegokigun orduan iristeko. Orhi menditik jaisterakoan pixka bat estutu behar izan genuen, garaiz iristeko. Hala izan zen. 11:00etan Izaban geunden. 

Geldialdiak egin behar izateak zein ondorio izan zituen? 
Geldialdi batzuk oso onak izan ziren. Baina beste batzuk oso txarrak. Erritmoa hartuta zaudenean, ongi zoazenean, gelditzeak ez du merezi. Giarretan kristalizazio batzuk izaten dira eta gero horrek haustura txikiak sortzen ditu. Higadura handiagoa da. Lasterketan zehar egin genituen geldialdi ugari egin ez bagenitu muskularki askoz hobe egonen ginateke. Baina geldialdi luzexkago batzuk egin genituen eta horiek hankendako oso onak izan ziren. Azpimarratu behar da kirola ez zela helburua. Hau ez zen lasterketa bat, erlojupeko bat. Honek beste helburu batzuk zeuzkan. Hasieratik oso garbi izan genuen. Hori oso garrantzitsua izan zen. Gure helburua zein zen kontuan izanik, geldialdi horiek ezinbestekoak ziren. Agertzen zen jendearekin pixka bat gelditzea, agurtzea eta egotea oso-oso garrantzitsua zen. Helburua ongi bete genuen. Hori da inportanteena. 

Jakin-mina. Nolako sentsazioa da 06:30ean Orhiko gailurrean egotearena?
Oso une polita izan zen. Gure frontalen argiak itzali genituen eta tarte batez gelditu ginen han, isil-isilik. Ipar Euskal Herria argiztatuta ikusten zen, Baionatik Larrañeraino. Egunsentian iristeko asmoa genuen, bertan egunsentia ikusteko. Oso momentu hunkigarria. Ordubete lehenago iritsi ginen eta hango hotzak ez zigun egunsentiari itxaroten uzten. “Ikusi mendizaleak” kantatzen igo ginen. Hori oso une polita izan zen. Larraura jaitsi ginen, han denbora egiteko. 

Izabakoa nolakoa izan zen?
Nire bi jatorriak ordezkatzen duen jendea Izaban egotea, niretako izugarria izan zen. Bazkari baten bueltan Sakanako eta Erronkariko jendetza batuta ikustea, hori oso polita niretako. Uste dut han egon ginen guztiek oso une hunkigarriak bizi izan genituela. 

Baina? 
Sakanako Garapen Agentziari esker Arruazutik Izabarako autobusa antolatu zen, baina autobusa ez zen agertu. Arruazun zain egon zirenek ez zuten autobusean joateko aukerarik izan. La Burundesak ez zuen agendan altan eman hitzartutako autobus zerbitzu hori eta ez zuen autobusa bidali. Nahiz eta aurretik hitzartuta izan. Guretako sorpresa izan zen. Arruazun antolatzaileak ere zeudelako. Izabako iritsiera momenturako beharrezko azpiegiturak ere autobusez eramatekoak ziren. Esan beharra dago momentuan jendea oso ongi antolatu zela autoetan. Inprobisatzeko gaitasuna dugu. Azkenean ez zen sumatu. Giroa bikaina izan zen. Jendeari barkamenak eskatzea. Baina eskerrak ematea ere, han bizi genuena betirako geldituko zaigulako.  

Nola zaude? Nolakoak izan dira hurrengo egunak? 
Errekuperatu beharra dago, bai muskuluak, halako erronka bat higadura handia delako, bai barrutik, giltzurrinak, gibelak, urdaialak-eta pasada ederra hartzen dutelako. Orain bi asteko errekuperazioa beharko dut. Adi egon beharko naiz ezer txarrik jasan nahi ez badut. Baina oso ongi sentitzen naiz. Primeran. Hankak ongi ditut. Ez dut ezer berezirik nabaritu. Bestetik, dokumentalaren grabaketa, edizioa, muntatzea falta zaigu. Fase oso luzea datorkigu gainera. Nahikoa potentea. Beraz, guretako erronka ez da bukatu.  Fase bat bukatu da, baina aurretik erronka potoloa daukagu. 

Bideak dokumentala 2020an mustuko duzue, crowdfunding kanpaina noiz itxiko duzue?
Azaroan itxiko dugu. Sare sozialetan zabalduko dugu eta fase hori bukatutzat eman nahi dugu. Eta jaso dugun diruarekin aurrera eginen dugu. Eta behar duguna, bestela, guk jarri, eta fuera.  

Erlazionatuak

Ganboak erronka bete du

Guaixe 2019 urr 29 Arruazu