Zer nolako zerbitzua ematen ari zarete?
Aurretik Errozko Oskia Etxean aritu eta gero, azaroaren 1ean Arruazuko Ostatuaren kargua hartu genuen. Astean zehar bazkariko menuak ematen genituen eta asteburuetan eta udan afariak baita ere. Asko lan egiten genuen eta oso gustura geunden. Kontuan izan behar da Arruazu herri txikia dela, ostatua taberna-jatetxe bakarra dela eta herritarren bilgunea dela. Baina koronabirusarena gertatu zenetik negozioa itxi genuen eta horrela jarraitzen dugu, ez dugu zerbitzurik ematen. Inork ez du ezer esaten eta nik uste dut egoera hau luzerako doala; zaila ikusten dut, eta itzulera gogorra izango da.
Zuen kasuan teknologia berriek ez dute laguntzen?
Ez, itxita gaudelako. Gure kasuan, gainera, Aldi Baterako Enplegu Erregulazioa egin behar izan genuen, eta, hortaz, ezin dugu asteburuetan etxera emateko zerbitzua eskaini edo besterik egitera animatu. Horretarako Aldi Baterako Enplegu Erregulazioa jaso beharko genuke, eta nor arriskatzen da halako egoera batean? Emaztea eta biok bakarrik bageunde, animatuko ginateke, baina…
Buelta nolakoa izanen dela uste duzu?
Zaila. Asesoreak ere esan digu, oso konplikatua izango dela. Faktore asko aztertu beharko ditugu, aurrera egin dezakegun ikusteko.
Uste duzu ostatua egokitu beharko duzuela?
Ziurrenik inbertsioren bat egin beharko da. Entzuten da, manparak jarri beharko direla, banatzeko eremuak… baina oraindik ez dakitu zer eskatuko ote duten. Bestalde, aforoa erdira jaisten bada eta langileak izanez gero, erdira lan egitea errentagarria izango da? Oso konplikatua da. Honekin guztiarekin garai bateko Tabakoaren Legea datorkit burura. Orduan taberna eta jatetxe askok sekulako inbertsioak egin zituzten erretzaileen eremuak egiteko, eta handik urte batera erretzea debekatu zuten. Eta administraziotik ez zen inolako laguntzarik egon egindako gastuetan laguntzeko. Izugarrizko ziurgabetasun egoeran gaude. Nik eta emazteak, biok Arruazuko Ostatuan lan egiten dugu, gure etxean ez da beste dirurik sartzen, eta bi seme-alaba ditugu. Esperoan gaude, lehenik eta behin ea ostatua noiz zabaldu ahal izango dugun eta zein baldintzatan jakiteko, eta gero egoerari aurre egin ahal diogun aztertzeko. Argi eta garbi. Eta pena handia ematen digu, oso gustura gaudelako Arruazun. Ostatua herriko bilgunea da, eta herritarron artean familian bezala gaude.
Hortaz, herritarren erantzuna ona da?
Sekulakoa. Makina bat dei jaso ditugu herritarrengatik, nola gauden galdetu eta zerbait behar badugu euren burua eskaintzeko. Eta hau gertatu zenetik Udalak ez digu alokairua kobratzen. Hori sekulako detailea da. Gutaz kezkatzen dira: nola gauden, ea zerbaitetan lagundu dezaketen, beste herritar bat bagina bezala. Eta asko eskertzen da hori. Likidezia gehiago izateko, ea produkturen bat saltzen ote dugun galdetzeko deitu digute.
Egoera honetatik zein irakasgai atera duzue aurrera egiteko?
Ba tabernak eta jatetxeak uste baino askoz ere garrantzitsuagoak direla. Aurreko egunean mendian egon nintzen osabarekin azienda gobernatzen eta jaisterakoan garagardo bat hartzeko tokiren bat faltan bota genuen. Izan ere, garagardo batek ez du zapore berdina tabernan edo etxean. Ez da berdina. Jendeak faltan botatzen ditu tabernak. Sare sozialetan erlazionatzen omen da jendea orain, baina tabernak, bilguneak faltan botatzen dira. Bestetik, Arruazuko jendearen portaera, txalotzekoa da. Etengabe gutaz kezkatzen, babestuta sentitzen gara. Urte asko daramatzagu ostalaritzan eta aspaldiko bezeroak eta egungoak gutaz galdetzea, handia da. Orain seme-alabekin egoteko tarte handiagoa dugu, baina lanera bueltatu nahiko genuke.