Esaterako, zortzikoari eta auzateei eutsiko diete, beti ere segurtasun neurriak bermatuz.
1. Bitxia da. Arruazun etxez etxe aldatzen da festetan ardoa banatzearen ardura.
Bai, buuzeyak egiten du lan hori, beste herri batzuetan almiante esaten zaionak. Urte osoko lana izaten da, eta etxez etxe pasatzen da ardura, urrenkeran. Buuzeyaren lana da udalak egiten dituen abisuak edo notak etxez etxe banatzea –auzolanak, herri batzarrak, kultur ekitaldiak edo erabakiak direla– eta festetan ardoa banatzea, Arruazuko zilarrezko barkilloetan.
2. San Pedrotan ardoa egunero banatzen da?
Bai, egunero banatzen dira gazta, ogia eta ardoa, arratsaldeko zortzietan, ostatu parean. Festetako bezperan, ostiralean, San Pedro ermitan egiten da auzatea eta han banatzen da. Egun jendeak ez du behar asko, baina urtetan ardoa hartzeko ia aukera bakarra zen festetakoa, eta majo jartzen ziren. Arruazu herri txikia da; joan zen urtean 45 ardo litro erosi ziren eta egunero Albi gaztandegiko 4 gazta banatzen dira, beraz, 18 guztira. Eta bezperako ermitako auzatean urdaia eta txistorra ere banatzen dira.
3.Joan zen urtean zein etxetakoa izan zen buuzeya?
Itxatxiki izan zen iaz buuzeya, eta aurten Kuartelia, gure etxea. Beraz, guri dagokigu.
4.Festetarako herria garbitzeko auzolanik egiten al da herrian?
Lehen, festen bezperan, arratsaldeko hiruretan kohetea jaurtitzen zen herritarrak auzolanera deitzeko. Batzuk festetako kioskoa muntatzen zuten, beste batzuk herriko kaleak garbitu, eta etxeetako jendeak bakoitzak bere etxe aurrealdea txukuntzen zuen. Harrizko kioskoa egin zenetik ez da auzolana egun horretan egiten, festak baino egun batzuk lehenago baizik.
5.Koronabirusarengatik festa guztiak bertan behera geratu dira, baita Arruazukoak, baina ekitaldiren bat egiteko asmoa duzue.
Festak bertan behera uztea erabaki zuen udalak, baina ikusita gure herria txikia dela, ez dela COVID kasurik egon eta ez daudela herri handietan bezalako interakzio eta arrisku horiek, Jai Batzordea bildu zen eta erabaki zuen, beti ere osasun babesari lehentasuna emanez eta segurtasun neurriak mantenduz, festetako zenbait ekitaldi egitea.
6.Gaur, ostiralean, bezperan, San Pedro ermitara joango zarete?
Ez da meza elizkizunik egingo, baseliza txikia delako eta distantzia ezin delako mantendu, baina baselizan parrilada egitea erabaki da, osasun neurri guztiak eta distantziak mantenduta. San Joan bezperan ere herritarrak bildu ginen, proba moduan. Sua egin genuen eta auzatean aldaketak egin genituen. Lehen mahaietan jartzen ziren jatekoak eta jendeak hartzen zituen. Asteartean auzatea prestatu zutenak eskularruak eta maskara jantzita zeuden, herritarrak bi ilaratan jarri ziren, distantziak mantenduta, eta banaka eman zitzaien pintxoa. Ardoa edalontzi konpostagarrietan banatu zen, aurten ezingo baita zilarrezko barkillotan dastatu. Jendea lasai egon zen, eta ikusi genuen gurea bezalako herri txiki batean auzateak egin ahal direla. Gaur San Pedron bilduko gara, eta iaz jaiotako bi haur arruazuarrei, Etxahun Kanpioni eta Rita Satrustegiri, zapia jarriko diegu.
7.Handik jaitsi eta Arruazuko zortzikoa dantzatuko duzue.
Bai. Arruazuko zortzikoa zapia eskutan dantzatzen da, eta, hortaz, ez dago arazorik. Dantzatu aurretik gel hidroalkoholikoarekin garbituko ditugu eskuak eta muturrekoa erabiliko duenik ere egongo da.
8. Zenbat urte pasa dira zortzikoa berreskuratu zenetik?
Aurten 26 urte egingo dira. Iruña taldekoek ezagutzen zuten, beraiek erakutsi ziguten, baina Angeles Ganboa zenak Arruazuko azken zortzikoa dantzatu zuen bere aita Martinekin eta bera ere aritu zen zortzikoa erakusteko lanetan. Iruñeko folklorista ezagun batek esan zigun gurea Arruazuko Larrain dantza zela, baina guk argi genuen hemen zortzikoa esaten zitzaiola. Orduan konturatu ziren Arruazuk muga egiten zuela; Arruazutik Altsasu aldera zortzikoa deitzen zaio, eta Uharte Arakildik Arakil aldera Larrain dantza.
9.Zortzikoa ikasteko ikastaroren bat egiten duzue?
Hasieran bai, urte askotan egin izan zen, baina jendea ikasten joan da eta jada ez da egiten. Azken 10 urtetatik ona ikusgarria da zenbat arruazuarrek dantzatzen duten. Buruan dantzatzen duenarendako zailagoa da, baina atzean doazenendako nahiko erraza. Urtetan Aitor Kanpion ibili da buruan dantzatzen, eta joan den urtean, berreskuratu zela 25. urteurrena ospatzen zenean, Naia Satrustegik dantzatu zuen, lehendabiziko emakumea.
10.Zein beste ekitaldi egingo dituzue festetan?
Ez da ez musika ez dantzaldirik egongo. Jai Batzordeak antolatuta, auzateak egongo dira eta horretaz gain larunbatean afaria egongo da eta igandean paella jana, ostatu aurreko karpan. Beharrezko neurriak hartuta, gurea bezalako herri txiki batean herrikoendako bazkari bat egin ahal da. Lakuntzako Udalak bere garaian oparitutako karpa zaharra aurten lehen aldiz jarri dugu eta aterpe bikaina da.
11.Festa aurreko giroa nolakoa da aurten?
Oso arraroa. Adineko jendea kezkatuago dago, eurak arrisku taldekoak direlako; gaztetxoak pattal, ezin dutelako dagokien parranda egin; eta helduak, finean, baita ere. Ez dira festa normalak, inondik inora, baina gutxieneko batzuk egin nahi ditugu, egun jendeak edozein txoko eta egunetan egiten dituenak, beti ere segurtasuna mantenduz.