Noiz hasi zinen ezkilak jotzen?
Hemengo sakristaua eta ezkila jotzailea, Tximooneko Pedro Arratibel, Iruñera joan zen bizitzera, eta hark nire aita animatu zuen sakristau jartzeko. Aitak ardura hartu, eta ni ezkilak jotzen hasi nintzen, 18 urte inguru nituela. Arratibelek oso ongi jotzen zituen ezkilak. Mutikotan, ezkila dorrera igotzen ginen, ezkilak nola jotzen zituen eta sokak nola jartzen zituen ikustera, baina ikustetik jotzera diferentzia handia dago. Errepikak ez daude idatzirik, baina, hala ere, nik sekula ere ez dut musika ikasi. Bakarrik hasi nintzen ezkilak jotzen; ez nuen irakaslerik izan. Probak egin eta aurrera.
Errepikak belarriz ikasi zenituen ala zuk errepika berriak sortu dituzu?
Lehengokoak imitatzen saiatu nintzen, baina errepiken konbinazioak eta erritmoak nireak dira, nik sortuak. Esanen nuke jotzen ditudanetatik % 80 inguru nik sortutakoak direla eta gainontzekoa entzunez edo belarriz. Errepika batzuek izena dute: difuntuena, suarena… Meza deitzeko eta bezperetako errepikak daude, eta beste errepika batzuk bereziagoak dira, zeremonia ukitua dute, esaterako Gabonetan, Corpus egunean, San Migel aingerua etortzen zenean, San Pedro ermitatik jaisten zenean eta halakoetan jotzen direnak. Lehen errogatiba asko egiten ziren, prozesioak... beti ezkilak jota.
Ezkilak jotzea zaila da? Edozeinek ikasi dezake, edo berezkoa izan behar da?
Kirolean bezala, asko entrenatu behar da. Hilabete pare bat jo gabe ematen baduzu, edo ni bertan orain joango banintz, erdia ez litzaidake ongi aterako. Bere zailtasuna badu; nik 12-15 konbinazio diferente dauzkat, eta batetik bestera pasatzen joaten naiz. Baten bat galtzen baduzu, erritmoa galtzen duzu. Batzuetan esaten zidaten: “gaur ez duk ongi jo”; beste batzuetan: “gaur, ongi”. Izan ere, ezkila delikatua da; ezkila guztiek soinu ezberdina dute, eta ezkila-mihia nola kokatzen duzun, zein distantziatara, soka nola tenkatzen duzun… badu berea.
Zuk nola jotzen dituzu ezkilak, mihiari helduta ala soka sistemaren bidez?
Soka sistemaren bidez. Erosoago iruditzen zait, eta soinu konbinazioak egiteko hobea da. Sistema honekin aprobetxatzen dut mihia gora mugitu eta ezkilaren goialdean jotzeko, eta behera mugitu eta mihiak ezkilaren behealdean jotzeko. Soinu ezberdinak ateratzen ditu. Mihiari helduta, pultsuan jotzen denean, erritmoa ia bera da: “tin-tan, tin-tan…”. Baina nik egiten dut gora jo eta paun, behera jo eta paun, ezkerrarekin berriz ere tenkatu eta beste soinu bat… askoz ere soinu gehiago sortzen dira horrela. Soka sistemaren bidez jotzea kosta egiten da. Sokak ongi jartzen jakitea ezinbestekoa da. Indarra baino gehiago, teknika kontua da. Soka lodi samarra izatea komeni da, eskuetan poliki sar dadila. Ezkilen mihiari soka gantxo batekin lotzen zaio, eta gero atzealdean dagoen zur bati edo egon ahal denari lotu behar zaio. Baina milimetrora tenkatu behar da soka. Laso jartzen baduzu, gaizki; baina estuegi jartzen baduzu, okerrago. Beraz, neurrian. Beste egoera batzuk ere hartu behar dira kontuan: soka bustitzen bada, sokak gogorrago egoten dira; eta hego haizea dagoenean, lasoago. Hori kontrolatu behar da. Haizea indartsu dabilenean da okerrena; sargoria desastre hutsa da.
Zenbat ezkila daude Arruazun?
Bi ezkila handi. Goian ezkila txiki bat dago, baina hori haur txikiak hiltzen zirenean erabiltzen omen zen. Ni ez naiz ailegatu hura erabiltzera. Erlojuak jotzen du ezkila txiki hori.
Arruazuko ezkilek soinu fina dute inguruko beste batzuekin alderatuta.
Bai, onak dira jotzeko, eta doinua fina da. Ezkila bakoitza mundu bat da; soinua ezberdina da, guztiz. Eta ezkila dorreak ere eragina du. Leku guztietan ez dago soka lotzeko toki egokirik.
1967an Ihabarko Txapelketa irabazi zenuen.
Ezkilak jotzen 8 edo 10 urte neramatzan Ihabarren Ezkila Jotze Txapelketa Nazionala egin zutenean. Animatu nintzen, 15 partaide inguru geunden, tartean bizkaitarrak, Lizarra aldekoak, inguru honetako sakristauak eta ni. Sokak lotuta nola zeuden ikusi, jotzen hasi eta lehendabizikoa atera nintzen. Batzuek esaten zidaten Arratibel egon balitz ez nuela irabaziko, baina hurrengo urteko Ihabarko txapelketara Arratibel etorri zen, baita Lizarra aldeko jotzaile ezagun bat eta beste hainbat. Sokak ongi jarri, jo, eta jendea ixil-ixil zegoela, Ihabarko apaizak eskuko atzamarra jaso zuen, irabazi nuela azalduz. Morondo musiko ezaguna epaimahaian zegoen, eta emozionatu zela esan zuen.
Ondoren Arruazuko Ezkila Jotze Txapelketak jokatu ziren, eta hor nagusi izan zinen.
Ihabarko apaiza istripuz hil zen, eta bertako txapelketak bertan behera geratu ziren. Urte batzuk pasatuta, Iturgain elkarteak Arruazun txapelketa antolatzea erabaki zuen. 10 urte inguru egin ziren. 10-15 ezkila-jotzaile aritzen ginen, eta ia urtero nik irabazten nituen. Jendeak esaten zidan, txantxan, herritarra nintzela, eta, horregatik, penalizazioren bat jarri beharko lidaketela. Sariak, dantzaldia… azkenean dirua zen elkartearendako, eta antolatzeari utzi zioten. Huitzin eta Lekunberrin ere txapelketak atera nituen, eta epaimahaietan ere ibilia naiz.
Toki gehiagotan jo duzu?
Herri askotan. Lekunberritik hots egin zidaten, Iurretatik… Iurretara joan, eta ezkilak zulatuta zeuden, gerran balek utzitako arrastoak. Behin, Elizondoko frontoian plataforma bat jarri zuten, eta bertan bi ezkila. Boxeo ringean bezala, erdi-erdian jarri, eta han aritu nintzen ezkilak jotzen. Dotore atera zen. Izan ere, ezkila mugitzen ez bada... Ezkila finko egotea, ez mugitzea komeni da, mugitzen bada ez da dominatzen. Amurrion urtero erakustaldia egiten zen, bertako eta Murtziako, Valentziako eta Zamorako ezkila-jotzaileekin. Beste behin Zegamara joan ginen omenaldi bat egitera. Sekulako ezkila handia zuten, elegantea. Mihia oso handia zen, ia ezin mugitu ibili ginen, baina ezkila ona zen.
Iruñeko katedralean jo duzu?
Bai, baina “Maria” ezkila ez. Bakarrik dago, izugarrizko mihi handia du, eta ezin da jo. Beste ezkila-dorrean beste 4 ezkila daude, “Gabriela” eta beste. Arotz batek soka sistema prestatu zidan, eta nahiko ongi jo nuen.
Norbait etorri zaizu ezkilak jotzen irakasteko eskatzen?
Bai. Denboraldi batean, Lizarragako mutil bat etorri zen, baina gero utzi zuen. Arruazun, Jokin Lanz ere ibili zen, poliki, baina utzi egin zuen. Aretxabaletan mutil bat hasi da nire estiloan ezkilak jotzen, baina kosta egiten da. Borondatez jotzen dira ezkilak, festa egunetan bereziki. Gogoan dut, aita sakristaua zela, San Juan bezperan hiru errepika jotzeagatik 3 litro ardo ematen zizkidatela. Nahiz eta elizara jendea ez hurbildu, errepika herri guztian eta herritik kanpo entzuten da: basoan, baratzean, paseatzen... Behin ehiztari batek esan zidan ehizan zegoela entzuten ninduela.
Iktusa izan zenuen duela bi urte, eta ordutik ez zara apenas aritzen.
Medikuak esan zidan eskaileretan kontuz ibiltzeko. Arruazuko ezkila-dorrekoak barraskilo itxurakoak dira, triangularrak, eta izkinak borobilduta dituzte. Jaistean gaizki ibiltzen naiz, txoratu egiten naiz. Horrek mugatzen nau. Gabonetan lagun batek lagunduta igo nintzen, hori da jo nuen azken aldia.
Jotzeari utzi zenionetik sistema automatiko bat jarri dute. Zer sentitzen duzu hori entzutean?
Pena. Beti doinu bera errepikatzen du; poztasuna beharrean, tristura ematen dit. Pentsatzen dut “ño, ni goien banio...”. Arruazun beste norbaitek nire tokia ez hartzeak pena ematen dit, baina hori da dagoena.
Nafarroako Ezkilazainen Elkarteko azken topaketa iaz egin zenuten, Lakuntzan, eta sekulako omenaldia egin zizuten: elkarteko ohorezko presidente izendatu zintuzten, txapel eta guzti.
Bai, oso pozik eta eskertuta nago. Hunkigarria izan zen, jendea bikain portatu zen. Errepikea jo nuen: soka sistemaren bidez jotzeko ongi prestatu zuten ezkila dorrea, Lakuntzan mihiei helduta jotzen baitira bi ezkila handiak; eta txikiak, sokarekin. Txukun atera zen. Gero, gustura bazkaldu genuen.
Zure beste talentuak baratzea eta lorezaintza dira. Argiñenekuen dituzun loreak ikusgarriak dira. Zein da sekretua?
Geranioak izaten ditut, gorriak beti. Sekreturen bat dudala esaten didate, ea zer botatzen diedan. Gustukoa dut. Goizean ez bada arratsaldean, aldiro ura bota; eta udaberrian tutua sartu eta zulotxoak egiten ditut, lurra estu-estua dagoenez arnas pixka bat hartzeko. Loreak mimatu behar dira, egunero errepaso bat egin. Ura, gauean botatzea hobe; eta bero handia badago, goizean eta arratsaldean.