Herrian dauden premiak aztertzeko batzarra egin zuten hilabete hasieran arbazuarrek. Hainbat proiektu mahai gaineratu zituzten eta Arruazuko Udalak haien artean lehentasunezkoak direnak aukeratu zituzten. Eta horien artean dago Arnazko zubia konpontzea. Gorka Ovejero Ganboa alkateak azaldu duenez, “herri ondoan dagoen Arakil ubelde gaineko zubiak zutabe bat kaltetuta du eta negua heldu aurretik konpondu nahi dugu”. Herritik joanda eskuinean dagoen zutabea da urak eta hark eramaten dituenak kaltetu dutena. Ondorioz, hainbat harri erori zaizkio.
Horrekin batera, udalak herriko etxean berogailu sistema jartzea lehentasunezkoa jo du. Ovejerok argitu duenez, “berogailua izanda, herriko etxean ikastaroak eta bestelakoak egiteko aukera izanen litzateke”. Udalak eraikina berriztagarria den energiarekin berotu nahi du eta, horretarako, azterketa egitea lehentasunen artean sartu du.
Bestetik, estreinakoz, arruazuarrek plazan estalpe bat izan dute. Udaberrian jarri zuten behin behineko estalpea eta “oso ongi funtzionatu duela ikusirik, zurezko egitura duen estalpe bat egiteko aurreproiektua egitea erabaki dugu”, jakinarazi du alkateak. Egun Arruazun duten estalpea Lakuntzan plaza berritu arte erabili zena da. Azkenik, arbazuarrek erabaki dute mediku kontsultategiko paretak atontzeko garaia badela ere. Iker Uribe lakuntzarrak murala pintatuko du bertan, pareta guztia hartuz.
Egindakoak
Lanak ere egin dituzten herrian. Arruazuko Udalak herriko bankuak berritu ditu. Zurezko oholak kendu eta PVCkoengatik aldatu ditu. Gainera, zartaturik zeuden banku batzuk erabat aldatu dituzte. Eta, beharra ikusi zutenez, beste banku bat ere jarri dute. Lan horietara 5.200 euro bideratu zituzten. Bestetik, Ovejerok esan digunez, gidariak “ero xamar” pasatzen dira Arbazutik eta ibilgailuen abiadura murrizteko eta oinezkoen segurtasuna handitzeko hiru abiadura murriztaile jarri dituzte: Kale Txikin (herri sarreran), Kale Haundin (kiosko parean) eta Bidezahar kalean (ostatua pasatuta). Abiadura murriztaileak jartzeko 750 euro pagatu ditu Arruazuko Udalak.
Arruazuko Udalak, gainontzekoen moduan, Nafarroako Gobernuaren despopulazioaren aurkako jardueretarako dirulaguntza jaso du, 16.518 euro. Horrekin batera, erabilera askeko 2.500 euro jaso dituzte.