Ilbeltzaren 17an Garfe enpresak 2021ko pilotarien aurkezpena egin zuen. Bertan zegoen Iosu Bergera Azketa. Atzelari arruazuarrak Errioxako enpresan laugarren urtea egingo du eta, aldi berean, afizionatuen denboraldiari ekin dio Irurtzun klubean.
Garfe enpresan pilotari profesionala zara baina aldi berean Irurtzun afizionatuen taldean jarraitzen duzu.
Arbizuko Aldabide Kirol taldean hasi nintzen pilotan. Han egon nintzen 19 urte bete nituen arte, Lino Arrutirekin eta Joxe Mari Berastegirekin. Bertatik Irurtzun klubera joan nintzen eta Migel Berazarekin jarraitu nuen lanean, gaur egunera arte. Eta bai, bi taldetan nago. Irurtzungo klubarekin bereziki Espainiako Kluben Arteko Pilota Txapelketan, Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketan eta Berria Txapelketan. Gainontzeko guztian Garferekin aritzen naiz.
Afizionatuen mailan palmares bikaina duzu. Munduko txapelduna zara, Espainiako txapelduna eta txapeldunordea, Euskadiko txapelduna, Euskal Ligako txapelduna…Afizionatuena maila gogorra da, agian guk uste baino gogorragoa.
Txapelketa batzuk irabaziak dauzkat; Munduko Kopa bat irabazi nuen, Europako txapelketa bat ere, Espainiako Txapelketetan finalak irabazi eta galdu ere egin izan ditugu, Euskal Herriko Kluben Artekoa ere irabazi dugu… Afizionatuen mailan geroz eta lehiakortasun gehiago dago, baita profesionaletan ere. Nik, pilotaz aparte, lan egiten dut; Indar enpresan informatikoa naiz. Guztia uztartzea geroz eta zailagoa da, baina momentuz eusten diot eta pozik.
Aspe eta Baiko bezalako enpresetara salto egitea zaila da?
Bai, maila handia dago. Beste salto bat da, eta zaila da. Sekula ez dut nire burua estutu enpresa horietara heldu ahal izateko. Besterik gabe, ez da etorri, eta, egia esan, ez diot buelta gehiegirik ematen. Nik nire lana dut Indarren eta gero pilotan aritzen naiz Irurtzunen eta Garfen.
Zenbat urtera arte izan zaitezke afizionatuen mailako pilotaria?
Afizionatuetan nahi duzunera arte egon zaitezke. Orain 30 urte dauzkat eta momentuz ongi sentitzen naiz; horrela nagoen bitartean, aurrera. Baina ikusten badut motibazio falta dudala edo entrenamenduetan gogogabe edo alfer hasten naizela, alde batera utziko dut eta kitto.
Nolakoa da zure egun arrunt bat?
Lanaldi zatitua dut. Arratsaldean, lanetik ateratzen naizenean, asteartetan eta ostegunetan Irurtzungo frontoira noa entrenatzera, eta gainontzeko egunetan ariketa fisikoa lantzen dut nire kontu edo koinatuarekin, Jon Mendietarekin. Eta asteburutan beti partidak daudenez, frontoietan ibiltzen naiz.
"Lana eta pilota uztartzea kosta egiten da, baina mailari eusten diot eta pozik"
Irurtzun pilota klub garrantzitsuenen artean dago, bai bere ibilbideagatik eta baita emaitzak ikusita ere.
Nafarroan goian dauden kluben artean -Ultzama, Oberena...– maila handia da, baina Irurtzunen zorte handia dugu gure taldean pilotari handiak ditugulako. Hori asko nabaritu da azkenaldian. Azkeneko lauzpabost urtetan Espainiako Kluben Arteko Txapelketan beti hiru hoberenen artean egon da Irurtzun. Oso pilotari onak daude gurean: Alberto Ongay eta Julen Retegi profesional ohiak, Azanza... eta atzetik Sakanako gazteak datoz, eta maila polita hartzen ari dira: Aaron Arbizu, Urtzi Nazabal, Josu Olaetxea, Lazkoz... talde polita dator eta badirudi mailari eutsi egingo diotela. Irurtzun kluba osasuntsu ikusten dut. Oso pilotari onak daude, eta edozein kluben aurka jokatu dezakegu.
Nafarroako Pilota Txapelketetan ez al duzu parte hartzen?
Irurtzun klubarekin hartzen dudan konpromisoa Espainiako Kluben Arteko Txapelketa, Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa eta Berria Txapelketa jokatzekoa da. Gainontzekoa Garferekin egiten dut. Nafarroako Txapelketak iraila eta urria aldera izaten dira, eta nik abuztuan eta irailean Garferekin partida asko jokatzen ditudanez, urria eta azaroa atseden moduan hartzen ditut eta horregatik ez naiz Nafarroakoetan aritzen.
2020an partida asko geratu ziren bertan behera, pandemiagatik. Aurtengorako zein aurreikuspen daude?
Aurtengo aurreikuspena hobea da. Nahiz eta ikuslerik gabe jokatu, partidak grabatuko dituzte, telebistan eskaintzeko, eta 10 jaialdi inguru bermatu dizkigute. Gero ikusi beharko da uda aldera zein den pandemiaren egoera. Ea ikusleek frontoietara joatea duten eta poliki ohiko errutina hartzen dugun.
Garfek Binakako Txapelketa aurkeztu du eta Elizalderekin osatuko duzu bikoa. Noiz hasiko zarete?
Jaialdiak itxita daude, baina ez dituzte datak konfirmatu. Normalean astebete lehenago esaten digute partida noiz jokatuko dugun. Iaz Gontzal Urionarekin jokatu nuen txapelketa eta nahiko ongi joan zitzaigun, irabazi genuen, baina aurten ez dut Elizalderekin asko jokatu. Ea elkarrekin saio pare bat egiten ditugun eta txukun hastea dugun.
PCR probak egin behar izaten dituzue?
Tarteka. Nik bizpahiru egin ditut jada.
Bi taldetan pilotari bikainez inguratuta zaude. Zer nolako giroa duzue?
Irurtzunen maila handia egoteaz gain, pilotarien artean giro bikaina dugu. Eta hori da pilotan segitzeko nire beste arrazoietako bat. Nik pilotan lagunak ditut, eta gustura ibiltzen gara entrenatzen. Giro ona badago gehiago entrenatzen duzu, gusturago joaten zara eta hori emaitzetan islatu egiten da.
"Irurtzun oso pilotari onak daude, eta edozein kluben aurka jokatu dezakegu"
Zein da zure aurtengo erronka?
Maila polita ematea, ahalik eta hoberena, eta hor mantentzea. Eta egiten dudanarekin disfrutatzea, jakina.
Espainiako Kluben Arteko Txapelketari ekin dio Irurtzunek. Zer moduz hasi zarete?
Bi jardunaldi jokatu dira. Nik Binakakoan jokatzen dut, atzelari, eta 1. jardunaldia eskua nahiko gaizki nuela bukatu nuen. Horregatik asteburuan atseden hartu nuen eta Aaron Arbizuk jokatu zuen nire ordez, Alberto Ongayrekin batera. Galdu egin zuten, baina beno, txapelketa hasi besterik ez da egin. Txapelketa luzea da; 6 jardunaldi dira, joanekoarekin eta itzulikoarekin. Hortaz, badugu buelta emateko tartea. Buruz Burukoan Urtzi Nazabalek jokatu ditu bi jardunaldiak, eta biak irabazi ditu.
Euskal Herriko Kluben Arteko egungo txapeldunak zarete, 2019ko txapelketa irabazi zenutelako eta 2020koan finalera iritsi zinetelako. Finala ez da jokatu, pandemiagatik.
Bai, Euskal Herriko Kluben Artekoan bertan behera utzi zen 2020ko finala. Nahiz eta finala ez jokatu, sariak banatu ziren. Ulertu nuenagatik ez dira 2020ko finalak jokatuko eta 2021eko edizioa normal hastea da aurreikusten dutena.
"Garfen partida asko jokatzen ditugu, herrietako jaialdi asko"
Beste kiroletan aipatzen denez, Iruñeko taldeek askoz eta jokalari eta baliabide gehiago izaten dituzte. Pilotan ere hala izaten da?
Ez nuke hori esango. Sakanan, Baztanen, Ultzaman… pilotari asko atera izan dira, bai profesionaletan eta baita afizionatuetan ere. Baina nik ikusten dudana da, orokorrean, jende gaztea pilotan gutxiago dabilela; orain klub eta pilotari gutxiago daudela iruditzen zait. Lehen edozein herritan pilota klub bat zegoen eta hainbat haur eta gazte jokatzen. Eta hori gutxitzen joan dela iruditzen zait.
Batzuetan boladak izaten dira.
Agian moda kontua ere izan daiteke. Dena den, nahiz eta haur asko pilotan hasi, gero zenbat irauten duten ikusi behar da. 14 eta 16 urte artekoa adin nahiko kritikoa izaten da kirol batean jarraitzea edo ez erabakitzeko. Ikasketek dedikazio gehiago eskatzen dute, sarritan ez zara guztira iristen eta aukeratu beharra dago.
Pilota klubetako teknikari askok ere urte asko daramatzate neska-mutilekin lanean eta erreleboa aurkitzeko zailtasunak izaten dira.
Bai, hala izaten da. Lino Arrutik eta Joxe Mari Berastegik Arbizun kristoren lana egin zuten, Irurtzunen Migelek, Matak, Ignaciok eta gainontzekoek ere lan handia egiten dute, Etxarrin Venturak urte asko eman zituen eskolan, baita Ricardo Lopez de Sabandok Olaztin ere... Egia da zaila dela haiek ordezkatzea, baina beno, eskolek aurrera diraute. Migelek aipatu zidan Irurtzunen haur dezente daudela, uste dut Arbizuko eskola Patxi Lasak ematen duela, Lakuntzakoa Lopetegik…
Nola duzu eskua, osatu zaizu?
Hor dabil. Aierdirekin ibili naiz, fisioterapeuta batekin, eta baita Logroñoko Pedrorekin ere. Ea poliki poliki sendatzen hasten den, denboraldiarekin jarraitzeko gogotsu bainago. Denbora asko egon gara geldi, eta orain irrikaz nago.
Kuriositatez, zenbat denbora ematen duzue takoak jartzen?
Hori pilotariaren arabera izaten da. Nik hiru ordu laurdenetan edo ordu erdi batean jartzen ditut takoak partida baten aurretik. Baina denetarik ikusi dut. Ikusi ditut 20 minututan jarriak dituzten pilotariak eta ordu eta erdi behar dituztenak. Takoak jartzea arte bat da eta bakoitzak bere moduan jartzen ditu.
Pilotari bakoitzak zuen maniak dituzue. Batzuk esparatrapua moztu ahala itsasten dute, beste batzuk paretan tira pila bat itsasten dituzte eta gero denak batera jartzen dituzte...
Bakoitzak bere mania bereziak ditu eta bakoitzak bere materiala erabiltzen du. Normalean denek berdea erabiltzen dugu, itsastekoa dena, eta esparatrapua, baina gero tako mota ugari daude eta bakoitzak zein erabiltzen dituen eta zenbat kantitate... hori pilotariaren arabera izaten da.
Partida baterako zenbat esparatrapu biribilki erabiltzen duzue?
Niri biribilki batek hiruzpalau partida aguantatzen dizkit, bakarrik jokatzeko baldin bada. Tako berriak egiten badituzu, orduan esparatrapu gutxiago erabiltzen da. Nik nahiago izaten dut esparatrapu berria erabiltzea eta pixka bat berotu. Esparatrapu zaharrek gehiegi itsasten dute eta gehiegi gogortzen da. Baina hemen ere bakoitzak bere maniak ditu.
"Takoak jartzea arte bat da eta bakoitzak bere moduan jartzen ditu"
Goizetan lan egin, arratsaldetan entrenatu, asteburutan pilota partidak… etxekoek gutxi ikusiko zaituzte etxean.
Egia esan, etxean gutxi nago. Afaldu, lo egin eta gutxi gehiago. Beti nabil handik hona. Gertu jokatzen badut tarteka gurasoak nire partidetara joaten dira, baina urrunago baldin bada beste pilotariekin edo bakarrik joaten naiz.
Ea eskua ongi jarri eta pilotaz gozatzen duzun. Zeren, azkenean, hori da, ezta? Gustura egotea...
Bai, hori da. Lesioek errespetatzen badute, galdu edo irabazi, baina gutxienez pilotaz disfrutatzea.