Estalpea baino gehiago

Guaixe 2021ko api. 12a, 09:18
Arruazuko eliza eta frontoia udaletxeko ganboikotik. Artxiboa

Arbazuarrek esandakoekin eta arkitektoen laguntzaz, estalpea forma hartzen hasi da. Oinezkoen eremu bat sortzea aurreikusi da.

Herrian estalpe finko bat behar ote den eta, beharrezkoa bada, nolakoa eta non egon behar lukeen zehazteko bigarren batzarra egin zen Arruazun larunbatean. Gorka Ovejero Ganboa alkateak azaldu duenez, arkitektoen azalpenen laguntzarekin arbazuarrak estalpea zein materialekin egin zitekeen aztertu zuten (harria, zura, metala…), zein egitura izan beharko lukeen, zein forma… Baldintzatzaileak ere kontuan hartu zituzten: ibaiak gainezka egiten duela eta plazaraino iristen dela, estalpeko teilatuak argia pasatzen utzi behar duen edo ez, estalpean eguzki plakak jartzeko aukera eman behar duen edo ez… Azken horiek kontuan hartzen badira, material batzuk besteek baino erraztasun gehiago ematen dituztela azaldu zuten arkitektoek. 

Ovejerok gaineratu duenez, “estalpea zehazteko batzarrak proiektu zabalago batean bukatu du”. Batetik, Arruazun ibilgailuak aparkatzeko espazioak zehaztea. Eta, bestetik, udaletxea-ostatua haren pareko berdegunea, eliza, frontoia eta elkartea hartuko dituen oinezko eremua sortzea. Alkateak azaldu duenez, larunbateko batzarrean “udaletxe eta ostatu pareko espazioari plaza itxura ematea” ere aztertu zuten arbazuarrek. “Hori egiteko zenbait aukera aipatu zituzten. Jasotako guztiarekin arkitektoek proposamena prestatuko dute, hirugarren batzar batean aurkeztuko dutena”, azaldu du alkateak.