Astekaria

Estalpea eta estrategia plana lotuta

Guaixe 2021ko eka. 10a, 10:17

Arkitektoek beraien proposamena arbazuarrei aurkeztu zieten. Hura eraikiko den edo ez Arruazuko plan estrategikoaren baitan erabakiko dute. Parte hartze prozesua udazkenean egitea aurreikusi du udalak.

Bi batzarretan entzundako ideiak estalpe proiektu batean gauzatu ditu Arantxa Satrustegi arkitektoak eta larunbatean aurkeztu zien arbazuarrei, eta “kontzeptua gustatu” egin zitzaien. Proposamenaren arabera estalpea herriko itxaren eta elizaren artean egonen litzateke, frontoia libratuz, eta haren paralelo dagoen berdegunearen zati bat hartuz. 200 metro karratu pasa izanen lituzke. 

Zirriborroan bi isurkitako estalkia aurreikusten da, herrien etxeetakoa bezala. Txapazkoa litzateke, eta egurrez estalita. Gainera, argia pasatzen uzteko tarteak aurreikusi dira. Teilatuak elizaren ondoan izanen luke altuerarik handiena, bost metro pasa, eta herriko itxara hurbiltzen den heinean teilatua jaisten da. Hari metalezko hamar zutabek eutsiko liokete. 

Estalpearen proposamenarekin batera, arbazuarrek aurreko batzarretan udaletxe ingurua ordenatzeko aukera mahai gaineratu zuten. Satrustegik kontsultategiaren parean berdegune txiki bat aurreikusi du, zuhaitz eta guzti, eta herriko itxen fatxadaren pareko guztia libre uztea. 

Etorkizunaz 
Gorka Ovejero Ganboa alkateak azaldu duenez, “arkitektoari estalpe proiektuaren proposamena egiteko eskatu diogu. Baina estalpeari buruzko azken hitza arbazuarrek izanen dute Arbazuko plan estrategikoa egiteko parte hartze prozesuaren barruan”. Ovejerok gaineratu duenez, “udalaren gaitasuna mugatua denez, epe ertainerako estrategia plana eginen dugu, 15-25 urterako-edo”.

Arruazuko Udalak aurki enpresa bat kontratatuko du herriko estrategia plana egiteko prozesua bideratzeko. Horretarako, 16.000 euro (BEZ barne) aurreikusi ditu. Behin kontratazioa eginda, “estrategia planaren talde motorra lanean berehala hasiko litzateke eta eztabaida taldeak eta parte hartze prozesua iraila eta abendu artean eginen litzateke”. Etorkizunerako plangintza hori egin ahal izateko, Arruazuko Udalak Nafarroako Gobernuaren herritarren parte hartzea sustatzeko dirulaguntza deialdian eskaera egin zuen, baina ez du jaso. 

Bestalde, Abaila kooperatibako kideak Arruazun lanean daude eta hilaren erdialderako euren lana despedituko dutela jakinarazi du Ovejerok. Haien egitekoa da zuntz optikoa herrira eramatea eta gero etxeetaraino sartzea,  Eraikinetan sartu ahala zerbitzua jasotzen ari dira arbazuarrak.