harrera duina

"Bakoitza bere aldetik, baina elkarbizitza egin gabe"

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko eka. 15a, 14:15

Virginia Eraso Berrio.

Foru administrazioa harrera plana eta elkarbizitzarako estrategia lantzen ari dira eta horien berri ematera etorri ziren bere ordezkariak, baita sakandarren premien eta kezken berri jasotzera ere. 

Sakanako Harrera Mahaiaren bilerara gonbidatua izategatik eskerrak eman zituen
Virginia Eraso Berriok, Karibu Harrera eta akonpainamendu zerbitzuko zuzendariak.

Zergatik etorri zarete Sakanako Harrera Mahaira? 
Nafarroako Gobernuan egin behar dugun lana herriekin eta mugimenduekin elkarlanean egin behar dugula ikusten dugu, baita Sakanarekin ere. Eta dudan arduragatik hemen egon behar dut, hemengo jendearekin eta hemen mugitzen diren entitate eta zerbitzuekin. 

Elkar ezagutzea garrantzitsua da? 
Bai, zeren askotan gu gure bulegoetan gaude eta ez dugu ikusten benetan herrietan-eta gertatzen ari dena. Batzuetan galtzeko arriskua daukagu esperientziak eta kalean gertatzen dena. 

Informazio hori guztia jasotzeko etorri zarete? 
Informazioa eta eskualdean dauden beharrak jasotzeko etortzen gara, baita guk emateko ere. Sakanako Harrera Mahaia azkenekoz bildu zenean bi eskaera atera ziren eta biek erantzuna izan dute. 

Zein bi eskaerak jaso dute erantzuna?
Aurrekoan azaldu ziguten bazirela ume batzuk ikasturtea hasita, beranduegi iritsi zirenak eta orduan integrazio edo eskolan arazoak zituztenak. Horrekin zerbait egiterik ba ote genuen galdetu ziguten eta ume horiendako prestakuntza prestatzen ari gara. Bestetik, guk daukagu Atzerritarren Atalean aholkularitza zerbitzua. Eta esan ziguten nahiko lanpetuta zebilela teknikaria eta kontratua %25 handitu dugu. 

Gaur ere eskaerak jaso dituzue? 
Bai, esaterako, euskara teknikariak azaldu duenez, Euskarabideak euskara ikasteko beka batzuk ematen ditu. Baina, dirudienez, bakarrik paperak dituztenendako dira. Hori ez nekien, jaso dut eta ikusiko dugu zerbait egin dezakegun.  

Nafarroako Gobernua kulturarteko elkarbizitzaren inguruko diagnosia egiten ari da, ezta? 
Aurten hiru plan egiten ari gara: harrera plana, elkarbizitzarako estrategia eta orain martxan jarri den arrazakeria eta xenofobiaren kontrako plana. Lehendabiziko bi plan horien diagnosiak maiatzean aurkeztu ziren. Eta Sakanako Harrera Mahaiari aurkeztu dizkiegu. Alde batetik, elkarbizitzarako estrategiarena. Argi dago, Nafarroan istilu askoren berri ez da ateratzen hedabideetan. Eta hori da hemen “aldi bereko izate baketsua” egiten delako, hau da, “zu alde batean eta ni bestean”; bakoitza bere aldetik, baina elkarbizitza egin gabe. Bestetik, harrera planeko diagnosian gehien atera dena da zer zailtasun dituzten etortzen diren pertsonek. Gaur egun, bizitzen ari garen egoerarekin, denok hainbat esparrutan zailtasunak baldin baditugu, migratutako pertsonek guk baino askoz handiagoak dituzte. 

Eskualdeetara, Sakanara, nola iritsiko dira diagnosi horren emaitzak edo tresnak? 
Bai plana bai estrategia Nafarroa osorako izanen dira. Sakanan egin diren mahaietan eta bileretan parte hartu dute. Eskaera guztiak jaso dira. Ondoren eskualde bakoitzari emanen zaio ahal zaiona, baina beharren arabera izanen da. Behar bada Sakanan behar dena ez da Tuteran behar dena.

Bakarrik dauden adingabe atzerritarrei harrera egiteko tokietako bat izan zen Sakana 2019an. Iturmendiko egoitza itxi ondoren, Sakanan gazte horietakoren bat dago? 
Gai hori zuzenean guk ez dugu eramaten, baina lankideak azaldu duenez, Iturmendiko egoitza itxi zen. Adin txikiko gazte horiek etorri zirenean nolabaiteko sarbide berezia egin zen, beraiendako propio. Denborarekin ikusi dena da sarbide bakarra izan behar dela Nafarroan bizi diren adingabeko guztiendako. Hori sortzen ari dira. Eta, oraingoz, Iturmendiko egoitza itxita egonen da. 

Migrazioak segitzen du: Ceuta, Kanariar Irlak, paterak… Nafarroak gazte edo migratzaile gehiago hartuko ditu? 
Nafarroa beti izan da lehendabizikoetarikoa bai umeak bai jendea hartzeko. Batzuetan guk eskatu ditugu Madrilen, baina ez dizkigute eman. Hori batzuetan gure esparrutik kanpo gelditzen da, zoritxarrez. Zeren guk pentsatzen dugu Nafarroa jendea hartzeko prest dagoela beti, eta halako jendea ere, jakina. Batzuetan ez da dena ateratzen nahi dugun bezala. 

Erlazionatuak