Historia guztiz nolakoa den ezinen dela jakin azaldu du Jokin Lanz Betelu arbazuarrak. Lanz historialaria da, Antzinateko historia doktorea da, eta orain Oiasso museoan eta NUPen lan egiten du. Zenbait liburu argitaratu ditu, esaterako, Análisis histórico y documental del castillo de Behobia (o Gazteluzar) edo Nafarroako Gobernuak berrargitaratu duen Baskoiak eta bere bizilagunak (K.a. II – K.o. VIII. mendeak).
Zer da historialaria izatea?
Sekula ezingo dugu jakin nolakoa zen historia. Asko jota, hurbilpen bat egin dezakegu. Dena da historia. Ez bakarrik duela 2000 urtekoa; herenegun gertatutakoa ere historia da. Orain dela 2000 urtekoaz ez dugu ia iturririk, orain dela bi urteko gauzez, bai. Baina, hala ere, ezingo dugu inoiz jakin benetan zer gertatu zen. Denok ez dugu ikuspuntu bera, informazio iturriak ez ditugu berdin baloratzen edo erabiltzen, batzuek emanen diete garrantzia handiagoa iturri batzuei, iturri batzuei, txanpon batzuei, ahozko testimonioei, arkeologiari… Historiagileak egiten duena da iturri horiek guztiak baloratu eta ahalik eta berregite edo hurbilpen objektibo eta oso bat egin. Horregatik esaten dut ezinen dugula sekula jakin nolakoa zen.
Nondik abiatzen zara ikerketa bat egiteko?
Historiagile izateak ez du esan nahi historia osoa dakigunik. Beti gertatzen da ikasketak bukatu eta baten batek esatea tribialean zurekin jarriko dela. Baina nik ez dakit historia guztia! Panorama orokor bat egin dezaket. Dokumentatu behar naiz aurretik. Orduan, gaiaren arabera dokumentatzen naiz. Lehendabiziko gauza da irakurtzea zer egin den gaiaren inguruan, eta, aldi berean, iturriak biltzea. Behin iturriak dituzula eta jakinda orain arte idatzi dutenak nondik abiatu diren eta zer idatzi duten, balorazio bat egin daiteke. Zerbait atera dezaket hemendik, edo dena esanda dago? Orduan, konturatu zaitezke ez dutela zerbait kontuan hartu. Esaterako, orain genero ikuspegia asko lantzen ari da. Horrelako hutsuneak edo parentesiak agertzen dira, eta historiagilearen lana da horiek topatzea eta baloratzea ea merezi duen gehiago ikertzea. Badaude gai batzuk oso landuak daudenak Julio Zesar edo Cleopatra, esaterako, eta arriskua dago beste ideia batzuk errepikatzeko edo zure ekarpena oso txikia izateko. Beste bai batzuk modu batera edo bestera bideratu daitezke.
"Historiagile izateak ez du esan nahi historia osoa dakigunik"
Zergatik historialaria izan?
Etxean gurasoek beti irakurri dute asko. Nobela historikoak eta abar. Nik ere bai. Txikitan komikiak irakurtzen nituen, gehienbat Asterix eta Obelix, Lucky Luke… Etxean ere entzuten dituzu kontuak. Familia guztietan beti dago bakarren bat garai bateko historiak kontatzen dituena: Gerra Zibileko kontuak, aitona lehengo ohitura kontatzen, aita... Beti jakin-min hori izan dut. Nahiz eta nobela historikoak eta komikiak irakurri, benetako oinarri bat dute. Ikastola garaian ere gizarte irakasgaia asko gustatzen zitzaidan. Batxilergoan bideratzen hasi nintzen, eta galdetzen zidaten ea zertan lan egingo nuen, ea irakasle izateko zen. Nik esaten nien egingo nuela eta gero ikusiko genuela. Oso gustura egin nituen ikasketak. Lan munduan inprobisatzen joan naiz, eta nahiko ongi atera dira gauzak.
Zertan egiten duzu lan?
Bekadun hasi nintzen EHUn, Gasteizen, eta lau urtez egon nintzen. Tesia egin nuen, eta handik ikastola batera joan nintzen. Urtebete egon nintzen, eta ondoren berriz kontratatu ninduten unibertsitatean. Orain, Arkeona fundazioak kudeatzen duen Oiasso museoan nago, Irunen. NUPen irakasgai batzuk emateko aukera sortu zitzaidan, eta ikasturte honetan ere egongo naiz.
Doktoretza egin zenuen. Zertan berezitu zara?
Antzinateko historian doktorea naiz. Antzinatea oso zabala da: Mesopotamia, Grezia, Erroma… eta horren barruan nik Erroma aukeratu nuen, Erroma hemen, Baskoian edo Baskoien lurraldean. Tesia idatzi nuen. Sekulako totxoa da; baina laburtu nuen, eta liburu bat argitaratu nuen: Baskoiak eta bere bizilagunak (K.a. II. - K.o. VIII. mendeak). Doktoretza egin bitartean, eta ondoren ere, artikuluak publikatu ditut. Kongresuetan parte hartu dut. Guztiak gaiarekin zerikusia zutenak. Orain museo batean nagoela, nahiz eta erromatarra izan, ikerketa ere egiten da, eta enkargu bat egin zidaten Nafarroako konkistarekin zerikusia duen gaztelu baten inguruan: Behobiako gaztelua edo Gazteluzar. Ez da nire gaia; ia mila urte geroagoko gauza da. Tesiarekin Iñigo Aritzara heldu nintzen, baina Nafarroako konkista ez nuen landu. Historialaria ere egokitu behar da.
Nola egiten dituzue ikerketak?
Denetariko profilak daude. Gaiaren araberakoa izaten da. Badaude batzuk arkeologian zentratzen direnak eta industen dutenak. Izan daitezke ikerketak idatzien gainean egindakoak. Nire kasuan, pixka bat denetarik ukitzen saiatu naiz. Esperientzia pixka bat daukat arkeologian, baina ez gehiegi. Artxiboetan egon naiz, aztarnategietan, museo bateko inskripzio bat begiratzen…
Espero ez zenituzten aurkikuntzak ager daitezke?
Pixka bat denetarik. Normalean, ikerketa txikietan, nondik norakoak ezagutzen dituzu. Tesia esperientzia polita izan zen, baina gorabehera handiekin. Atzera begiratu dezaket, eta merezi duela esan dezaket. Hasiera batean pentsatu nuen bideratzea modu batean, baina ikusi nuen lana eginda zegoela eta hortik jotzea karten gaztelu bat zela, hipotesi bat, beste bat, beste bat… Orduan, beste nonbaitetik bideratu behar duzu. Azkenean, tesia bideratu nuen diplomazia eta komunikazio politikan. Hor espero ez nituen gauzatxoak topatu nituen, eta, modu horretan, gaiari beste ikuspegi bat ematen zaio. Beste ekarpen bat ematen diozu.
Zuek oso akademikoak zarete, zuen lana publiko zabalera iristen da?
Historia akademikoaren arazoetako bat da. Badago jende asko ordu asko, baita bizitza ere, eskaintzen diona eta argitalpen ugari kaleratzen dituena, baina, azkenean, daukan zabalpena ez da oso handia. Gai hau interesatu dakiokeenaren profil nagusia da historia bat ezagutu eta gaiaz interesatu dena, dokumental bat ikusi duen norbait eta abar. Baina totxo handi hau hartzen badu… Zaila da. Horregatik egokitzapenak egiten dira, publiko orokorrarendako egindako egokitzapenak. Behobiako gazteluarena, adibidez, alde batetik historia agertzen da, eta, bestetik, dokumentuak. Hori izan daiteke bidetako bat. Baina ez da beti erraza izaera akademiko hori mantendu behar delako ere. Museoek ere lan handia egiten dute eta hitzaldi zikloak, ikastaroak, txangoak eta horrelako ekimenak antolatzen dituzte. Museoen helburuetako bat hori da, dagoen informazioa eta materiala gizarteratzea eta denoi jakinaraztea. Youtuberrak ere badaude. Dibulgazio modu bat da.