Estrategia plana egiteko lehen bilerak

Guaixe 2021ko ira. 17a, 10:16
Arruazuko plaza herriaren etxeko safeitik. ARTXIBOA

Dagoeneko bost elkarrizketa eginak dituzte eta asteburuan hiru talderen iritziak jaso nahi dituzte: gazteenak gaur, 18:00etan; eta bihar, 11:00etan, alde batetik, emakumeenak eta, bestetik, adinekoenak.

Hamar edo hamabost urte barru Arruazu nolakoa izanen den gaur egun irudikatzea, premiak aztertu eta lehentasunak markatzea. Egiteko hori dute arbazuarrek heldu den asteetan. Izan ere, Arruazuko estrategia plana osatzeko prozesua martxan da. Horretarako, Emun kooperatiba kontratatu du udalak (16.000 euro, BEZ barne), arbazuarren parte hartzea dinamizatzeko. Gorka Ovejero Ganboa alkateak jakinarazi duenez, “dagoeneko hasi dira. Beraien ibilbide eta eskarmentuagatik bost arbazuar aukeratu zituzten eta elkarrizketa sakona egin zieten”. 

Hileko lehen larunbatean izan zen hori. Baina ez da horretara mugatuko. Ovejerok gaztigatu duenez, “gaur, 18:00etan, gazteekin elkartuko dira etorkizuneko Arruazu irudikatzeko. Bihar, berriz, emakumezkoekin eta adinduekin elkartuko dira”. Azken bi hitzordu horiek 11:00etan izanen dira. “Eguraldiak laguntzen badu saioak Itur-aldea elkartearen atzeko belardian egin nahi genituzke. Bestela, herriko etxean lirateke. Adinekoak hango eskailerak igotzen ez ibiltzeko, elkartera gonbidatuko genituzke”, argitu du alkateak. 

Horien ondoren, udazkenean arbazuar guztiei zabalik egonen diren beste hiru saio aurreikusi dituzte: lastailaren 2a eta 23a eta azaroaren 20a. Guztiak larunbatak eta hitzordua 17:00etan dago jarrita. Horrela, herriaren lehentasunak markatuko dituzte. “Helburua da denon artean zehaztea zer Arbazu garatu nahi dugun. Eta proiektu horiek garatzeko udalak zorpetu behar badu, jendearekin batera joan izanagatik izan dadila” esan du Ovejerok. Alkateak aurreratu duenez, estrategia plana urte bukaerarako egina izanen da.