Argazkilari ibiltariak asteburuan herrian

Guaixe 2021ko urr. 15a, 14:04

Arruazuarrak plazan. ARTXIBOA

Arbazuar guztiei argazkia ateratzeko ekimena gaurtik igandera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, frontoian. Ez dago ordua eskatu beharrik.

Argazki estudio ibiltaria izanen da asteburuan Arruazun, Nomad studio. Arruazuko Udalak herritar guztiak argazkia egitera joatera gonbidatu ditu, “horrela, aurten arbazuar guztien argazkiak historiarako jasorik geldituko dira, betiko”. Haur, gazte, heldu eta adinduak, erroldaturik dauden edo ez, herrian bizi diren eta ez diren arbazuarrak, guztiak daude gonbidatuta argazkiak egitera. Udalak jakinarazi duenez, “erretratua egitera joaten denak momentuan bertan paperezko argazkia jasoko du, dohainik. Etxeren batek familia erretratua egin nahiko balu hamar euro pagatu beharko ditu. Paperean jasotzeaz aparte, emandako e-posta helbidera formatu digitalean bidaliko da argazkia”. 

Nomad Studio batetik bestera doan autokarabana bat da, herri txikietan geldialdiak egiten dituenak. Autokarabana aparkatu eta haren zeharreko alde batean estudioa prestatzen dute, bere foku, hondoko oihal eta guzti. Estudioko argazkilariak Eli Garmendia eta Carlos Pericas dira. Haien lana nolakoa den ezagutzeko aukera izanen dute arbazuarrek. Izan ere, autokarabanaren beste zeharreko aldean bisitatu dituzten herrietan ateratako erretratuen erakusketa jartzen baitute. Argazki estudio ibiltari hori bi argazkilarien bizitokia ere bada, horregatik, nomada izena.