Astekaria

Herriek behar duten bizipoza

Guaixe 2021ko urr. 26a, 13:09

Euskal Herriko Txistularien Elkarteak 'Bizpoza!' kontzertua eskaini zuen Arruazun. LACTURALE

Euskal Herriko Txistularien Elkarteak 'Bizipoza!' kontzertua eskaini zuen, igandean, Arruazuko plazan. Besteak beste, Lacturaleren eskutik iritsi ziren txistulariak Sakanara, herriak alaitzeko.

Pandemia baten erdian jendeak "bizipoza" behar duela esan du Xabier Olazabal Etxegia Euskal Herriko Txistularien Elkarteko Nafarroako delegazioko kideak. "Lehengo urtea pandemia urtea izan zen, itxita bizi izan ginen eta gero murrizketa asko egon ziren. Horren ondoren, bizi poza eman behar genuen". Alaitasuna eman nahi zuten txistuen bidez. "Ez bakarrik ikus-entzuleei, gure txistularien artean ere". Izan ere, pandemiaren erdian musika "formatu amateur batean" oso zaila izan dela azaldu du Olazabalek, eta haien artean eta txistuaren bidez "elkartzea, irri egitea eta musikaz gozatzea" behar zutela esan du. Behar horretatik sortu zen Bizipoza! Alardea eta igandean Arruazuko plazara bizipoza eraman zuten txistulariek. 

Lagunak
Txistularien kontzertuak aurkezle oso bereziak izan zituen zituen, gainera: Lactutxiki eta Pontxa, Lacturale esneki enpresako maskotak. "Familiarteko kontzertua izanen da. Txistu kontzertu bat da, txistua oso instrumentu tradizionala da, baina oso ikuskizun polita antolatu dute, eta txistuarekin egin ahal dena oso handia dela erakusten dute". Maite Azpiroz Razkin Lacturaleko Marketing eta komunikazio arduraduna da, eta enpresan gizarte erantzukizunekiko duten konpromisoa goraipatu du: "Litroko bi zentimo gizarte erantzukizunera bideratzen ditugu". Kirolarekin duten harremana ezagunagoa da, baina kulturarekin ere bat egiten dutela adierazi du Azpirozek. Esaterako, Euskal Herriko Txistularien Elkartearen babeslea da Lacturale.

Arruazun zita "polita" zegoen, beraz. Tartean Lacturalek antolatu du emanaldia. " Beti egiten dituzten kontzertuetan parte hartzen genuen, eta zergatik ez kontzertu bat gure zonaldera ekarri?" . Bizipoza Sakanara ekarri. " Hitz egin genuen Arruazuko ostatukoekin beraiek ere babesa ematen dietelako, Ultzama postreekin, Arruazuko Udalarekin... Arruazu toki polita izan zitekeela pentsatu genuen" . Haien filosofiaren barruan herriak bizirik mantentzea dago. " Herri batean egin behar zen, eta Arruazun egitea erabaki genuen". Herrietan algara eta kultura mantendu behar dira.

"Duela sei urte inguru elkar ezagutu genuen". Elkarteak Iruñeko Alardearekin aurrera egiteko laguntza behar zuen, eta laguntza eskatu zuten. "Gaur egun, esaten dugu taldea egiten dugun taldeak garela". Lacturaleko familiaren parte dira txistulariak ere. "Beraiek laguntzen digute eta guk beraiei". Babesletza hauen bidez Arruazuko kontzertua bezalako "proiektu politak" egiten dituzte. "Gure kontsumitzaileei, gure herritarrei, bizipoza ematen duen zerbait antolatzea oso polita da". Lacturalerekin batera, Arruazuko udalak eta ostatuak eta Ultzama postreak-ek antolatu dute kontzertua.

Alardea
Euskal Herriko Txistularien Elartea "oso zabala" da, eta barruan delegazioak ditu. Nafarroakoak urte asko daramatza lanean proiektu berriak lantzen, eta horietatik garrantzitsuenetarikoa Iruñeko Sanferminetako Alardea dela azaldu du Olazabalek: "Laburki esateko Alardea txistularien orkestra bat da. 30 edo 40 txistulari elkartzen gara eta zenbait instrumentuz lagunduta kontzertua prestatzen dugu". Kontzertua urtero "berria" da, ez dute kantarik errepikatzen eta txistulari "berdintsuak" diren arren, proiektu "guztiz" berria da. 2020an egin zuten alardea da Arruazun eskainiko dutena ere.

Kontzertuan "denetarik" interpretatu zuten. Ahalik eta anitzena sortzen saiatu dira. "Euskal musika egonen da, Balkanetako musika, Irlandakoa… hainbat kulturetako musika izanen da". Elkartearen ildo nagusietako bat da kontzertuetarako abestiak haiek sortu edo moldatzen dituztela, eta, horretarako, Nafarroako edo inguruko konpositoreei eskatzen diote lana. Alarde honetarako hainbat lan mustu zituzten, esaterako, Jokin Lekunberriren Gazteluko plaza pasodoblea, "benetan ederra da". Balkanetako musikan oinarritutako Sher obra egin du Joan Bardina Castará konpositoreak ere; "eta konpositore asko aipatu genitzake". "Ikusgarria da ikustea nola txistuak beste kulturetako musika ere jo dezakeen".