Arruazuko estrategia plana egiteko prozesua irailaren bigarren asteburuan hasi zuten Emun enpresako teknikariek. Bost arbazuarri elkarrizketa sakonak eginez hasi ziren. Irailaren hirugarren asteburuan gazteekin, emakumezkoekin eta adinekoekin elkartu ziren teknikariak haien ikuspegiak jasotzeko. Lastailean bi batzar irekitan bidea definitu ondoren, larunbatean despeditu zuten Arruazuko estrategia plana egiteko prozesua.
Gorka Ovejero Ganboa alkateak azaldu duenez, 2022-2032 Arruazuko estrategia plana egiteko prozesuan adin guztietako 70 bat herritarrek parte hartu dute. “Prozesuaren balorazio positiboa egin dugu”, gaineratu du. Arruazuko estrategia planak lau ardatz ditu etxebizitza, barne eta kanpo espazioak, antolatutako aisialdia eta zaintza. “Bakoitzean epe motz, ertain eta luzerako helburuak zehaztu ditugu. Ez dugu lehentasunik markatu, denak aldi berean egiten joanen gara. Batzuk auzolanean eginen ditugu, besteetarako dirulaguntzak beharko ditugu”, argitu du Ovejerok.
Ardatzak
Etxebizitza
Alkateak azaldu duenez, “ardatz zailena da. Herriko Alde Zaharra husten ari da eta etxeak herriaren kanpoko aldean eraikitzen ari dira”. Horregatik, arbazuarrek etxebizitzaren arloan honako lehentasunak zehaztu dituzte: etxe zaharrak birgaitzea, etxebizitza hutsei zergak igotzea, etxebizitza beharren inguruan inkesta bat egitea (balizko saltzaileei eta erosleei); udalak bitartekari lanak egitea, udalak etxe bat erosi, udalak erosketa dirulaguntzen bitartez egitea, Nafarroako Gobernuarekin dirulaguntza aukerez hitz egin, bitartekari profila lantzea eta bitartekaritza eginen duen norbait bilatu, etxejabeekin hitz egiteko.
Horiek lortzeko, epe motzean honako egitekoak dituzte arbazuarrek: etxebizitza beharrak eta aukerak detektatzeko eta saltzaile zein erosleak identifikatzeko galdetegia zabaltzea eta etxebizitza hutsei zergak igotzea aztertzea. Epe ertaineko egitekoen artean daude: Nasuvinsa enpresa publikoko teknikariei Arruazuren egoeraren berri eman, udalak etxe bat erosteko aukera ikertu (dirulaguntzak aukerak, alokairu soziala edo eta pisu txikien eskaintza egin behar den zehaztu) eta aukera egotekotan proiektua prest izan dirulaguntza dagoenean aurkezteko. Azkenik, epe luzera, bitartekaritza sistematizatu eta herriaren erdigunean etxebizitza sozialak eraikitzea aurreikusi dute.
Gaztetxoek ere parte hartu dute estrategia planaren lanketan. EMUN
Zaintza
Arlo horretan arbazuarrek lortu nahi lituzketen helburuak dira: taxi zerbitzua (udala eta Gizarte Zerbitzuen artea); bidaiak partekatzeko aplikazioa; arbazuarrak koordinatu eta egiten diren bidaiak baliatzea; Gizarte Zerbitzuen bitartez ekimenak egiteko pertsona bat jartzea; herrian hirugarren adinekoek dituzten beharrak asetzeko (erosketak, medikura joan…) pertsona talde bat egotea; herriaren etxean igogailua jartzea; udalak hirugarren adinakoendako gune egoki bat egitea; belaunaldien arteko zaintza eta komunitatearendako zerbitzu bankua sortzea.
Hori lortzeko, lehenik Sakanako Mankomunitatera joko dute, ibarreko autobus edota taxi zerbitzua indartzeko proposamena egiteko. Gizarte Zerbitzuen eta Mank-en Kirol Zerbitzuaren ateak joko dituzte hirugarren adinekoendako ekimenak martxan jartzeko. Udaletxea igogailua jartzeko tramitazioa abiatuko dute. Ovejerok azaldu duenez, “lehen medikua ostiralero etortzen zen herrira. Pandemiaz geroztik etortzeari utzi dio eta Osasunbideari eskatuko diogu zerbitzua berrezartzeko”. Azkenik, beste herrietan komunitateari zerbitzuak eskaintzeko bankua nola duten antolatuta aztertuko dute.
Epe ertaineko helburuen artean ikusi dute ibilgailua partekatzeko Sakanan aplikazioa sortzea. Eta Luzera begira, berriz, hirugarren adinakoendako toki eta zerbitzu egokia izatea beharrezko jo dute. Alkateak horretarako aukera posible baten berri eman du: “mediku kontsultategia oso handia da, eta ezkaratza du. Aukera bat da hura txikitu eta ezkaratza handitzea adinduendako tokia egiteko. Baina aztertu beharko da”.
Espazioak
Estrategia plana egiterakoan arbazuarrek barne eta kanpo espazioak bereizi dituzte. Herritarrek barne espazioei makina bat erabilera eman nahi liekete: liburutegia, ikasgela, ludoteka, gimnasioa, kirol gunea… Barne espazioen kudeaketarako ( giltza, ardurak, koordinazioa…) proposamena egin beharko lukete.
Helburu horiek lortzeko epe motzera lehentasunezkotzat jo dute udaletxeko bi planten espazioak definitu eta martxan jartzea: kirol gunea, liburutegi-proiekzio gela eta ludoteka. Mediku kontsulta zertarako erabiliko dugun definitzea. Itrugain elkartean jolastokia dago, hura gazteendako gunea izateko udalak bitartekari lanak eginen ditu. Azkenik, herriaren etxeko giltzen kudeaketa aztertu eta erabakiak hartuko dituzte.Epe ertainera arbazuarrek mediku kontsultan obra egin nahi lukete eta gazte lokala izan. Epe luzera, berriz, eguneko zentroa izateko aukera mahai gainean izanen dute.
Arruazuko kanpo espazioei dagokienez, estrategia plana egiterakoan hainbat gai atera ziren: estalpearen beharra, aparkalekuak, herri barruko trafikoa arautu, ubeldea txukundu, gazteen beharrak aseko dituen toki autogestionatua… Arbazuarrek berehalakoan emanen dituzten pausoak dira, batetik, estalpea egiteko proiektua egin, kalearen urbanizazioa barne, prest izateko (gaur egun aurreproiektua dute). Horrekin batera, gehienezko abiadura 30 km orduko dela adierazteko seinaleak jarri nahi dituzte. Basozelaiko angioaren berreskurapenean aurrera egin nahi dute. Ubeldeari dagokionez, ur zikinen birbideratzea egin nahi dute, eta eremuaren berreskurapena. Horrekin batera, Ubeldetxabaletik Saastiarako bidea eta Arnazko zubia konpondu nahi dituzte.
Epe ertaineko helburuen artean daude: estalpea egitea, trafikoaren antolaketa eta aparkalekuak ordenatzea eta margotzea; ubelde ondoko bidea txukuntzea, herri lurren berrikuspena eta nekazaritza eta abeltzaintza proiektuak sortzeko basogintzaren kudeaketa mistoa landuko dute. Epe luze egitekoen artena daude auzolanean harrizko mugak berreskuratzea eta herriko natura eta historia ondarea berreskuratu eta balioa ematea, turismo aktiborako gune bilakatuz.
Egindako bilkura ireki bat. EMUN
Antolatutako aisialdia
Estrategia plana landu bitartean arbazuarrek hainbat adin hartuko dituen antolatutako aisialdiaren beharra nabarmendu dute, esate baterako: dantza, yoga, gimnasioa, sukaldaritza, joskintza. Horrekin batera, egoki jo dute herri guztiarendako ekimenak antolatzea: irteerak, mendi ibilbideak, herritik kanpora irteerak… Urtero errepikatu daitezkeenen egutegia ere zirriborratu zuten: martxoan Emakumearen Egunari lotutako kultur adierazpen bat, apirilean liburu baten aurkezpena edota ipuin kontalaria, garagartzaroan festak, garilean mendi irteera irailean herritik kanpora joateko kultur irteera, abenduan Euskararen Eguna eta antzerkia, eguberrietan kontzertua, Olentzero eguna hobetzea eta indartzea. Jakina, kultur agenda hori guztia aurrera ateratzeko ardurak banatu beharko dira.
Helburu horietara iristeko aurrena honako pausoak emanen dituzte: egin daitezkeen ikastaroak martxan jarri; kultura batzordea indartu; neguan kultura ekintza bat egitea; Arruazuko ondarea ezagutzeko (dermioak, natura…) irteerak antolatu eta kulturarako aurrekontua zehaztea. Horien ondoren, letozkeen pausoak dira: gelak egokitu ondoren, herrian egin daitezkeen ikastaroak antolatu eta martxan jarri; urteko kultur ekintzen egutegia ezarri; jertuko ingurunean mendi ibilbideak egitea eta ohitura bilakatzea eta urtean behin kanpora irteera bat egitea Euskal Herriko ondarea ezagutzeko. Epe luzera lortzeko helburuak dira: urtero herrira egokitutako kultur programazioa lantzea (ikastaroak, kultura emanaldiak eta festak) eta aurrekontuetan kulturarako partida esleitzea.
Arbazuarrak bilera irekian parte hartzen. EMUN
Gobernantza eredua
Arruazuko Udalak alkateak eta lau zinegotzik osatzen dute. Baina udalarekin lotutako lanak egiten hamazortzi arbazuar daude, herritarren %16,98. Herriaren alde lan egiten duten arbazuar horiek udalaren batzordeetan parte hartzeko aukera dute, udal ordezkariekin batera. Duela bi urtetik batzordeetan onartzen diren erabakiei udalak baiezkoa, legezkotasuna ematen die plenoan. Gaur egun honako batzordeak dituzte: hirigintza; natur baliabideak; udaleko lanak (udalak langilerik ez duenez, auzolanean egiten dira lanak) eta euskara, kultura, gazteria eta festak.