Abian da Arabako sagardotegietako txotx denboraldia. 100.000 litro sagardo ekoiztu du Arabako elkarteak aurten; horren %35a txotx egiteko kupeletara eta %65a botiletara bideratuko dute. Joan den urtean sasoiaren hasierako txotxa egiteko aukerarik ez zen izan, baina aurten bai. Aramaioko Iturrieta sagardotegian dastatu zuten ostegunean aurtengo lehenengo sagardoa. Aritz Ganboa de Migel artzain eta dibulgatzaileak dastatu zuen lehen sagardoa. Harekin batera, txotx garaiaren irekiera ekitaldian izan ziren Idiazabal jatorrizko izendapenaren presidente den Felix Ajuria eta Felix Etxebarria artzaina.
Ganboak Goienari adierazi zionez, “hemen gauza onak egiten dira, ezagutza eta kultura oso bat dagoelako; naturak ematen dizkigun fruituekin egin dezaketen onena egiten dute ekoizleek. Beste behin ere, sagardo bikaina edan dezakegu”. Artzainek zuhaitz bat ere landatu zuten.