Udalak baso aprobetxamendua saldu nahi du

Guaixe 2022ko api. 19a, 11:20

Arruazuko ikuspegia Lakuntzako San Sebastian ermitatik.

Lote bat txipuz osatuta dago eta bestea bertako eta Amerikako haritzez. Guztira 25.624,32 eurotan baloratuta dago.

Herriko basoen aurtengo aprobetxamendu eta hobekuntza planaren barruan, Arruazuko Udalak enkante bidez bi epaitza saldu nahi ditu. Aurreneko aprobetxamendua Ostaleku eta Ertitz dermioetan dago eta kanadar txipuz osatuta dago. Makalek, guztira, 392,2 m3 egiten dute. Epaitza horrengatik Arruazuko Udalak 18.364,22 euro eskatzen ditu. Atzeneko aprobetxamendua Basabean eta mendian dago, zehazki, Loidi, Amabarreta, Arnatz eta Narbarozear parajeetan. Bertako eta Amerikako haritzez osatutako epaitza da, 264,9 m3 egiten duena. Haren hasierako prezioa 7.260,1 eurokoa da. Enkantean interesa dutenek hilaren 25era arteko epea dute beraien proposamenak aurkezteko.