Arruazu eta ubeldea. Bata besterik gabe ezin da ulertu. Arruazuarrak ubeldeari begira bizi dira, eta Mikel Aizpun Anduezak ere hara jo du herriko txokoa aukeratzean. Ubeldetxabalera, zehazki. “Toki bitxia da, berezia, herri askotan ez dagoena. Ondoan irripetak ditu. Irripetetan asko ibili izan gara, eta ubeldean udan bainatzen edo arrantzan, ordu asko pasa izan ditugu” dio Andra Mari ikastolako irakaslea den gazte arruazuarrak.
Irripetak
Irripetak ubeldearen ondoko mendian dauden arrakalak edo tarteak dira, “harea gris antzekoa dutena. Hor fosilak bilatzen aritzen ginen askotan, Ubeldetxabaleko irripetetan eta baita Arnatz bideko irripetetan ere, fosilak zeudelako. Goiko irripetetan eseri, eta ipurdiz beheraino jaisten ginen, txirrista bailitzan. Eta gero bainua hartzera!” oroitzen du Mikel Aizpunek.
Ubeldea alde batetik bestera gurutzatzeko garai batean bertako harriak zeuden Ubeldetxabalen. Batzuk handiagoak, txikiagoak besteak, borobila bata, laukia bestea… baina 80. hamarkadaren hasieran porlanezko harriak jarri zituzten, denak berdinak. “Nik porlanezkoak ezagutu izan ditut beti. Urteen poderioz, batzuk borobiltzen ari dira, eta batzuk konpondu izan dituzte, makurtuta zeudelako. Uholde handiak egon izan dira, indar handikoak, eta uholde horiek zuhaitzak ekarri izan dituzte, harrien artean geratu izan direnak. Indar horrekin, harriak gutxinaka mugitzen joan dira eta konpondu egin ditugu” azaldu du Aizpunek.
"Arruazuk txoko polit asko ditu, baina, niretako, Ubeldetxabal berezia da ordu asko pasa izan ditugulako"
Saastiarako pasabidea
Harrietatik ubeldea zeharkatu, eta bidean ezkerrera eginez, Saastiako soroetara heltzen da. Bertara iristeko modu ia bakarra da ubeldea zeharkatzea, harrietatik salto eginez, edo traktoreak ibaian sartuta, beste aldera pasaz. Porlanezko bidea dago, ibaiak behera egiten duenean ikus daitekeena. Neguan ia ezinezkoa izaten da Saastiara joatea, ubeldeak ur emari asko duelako. Uda inguruan edo emari gutxi dagoenean, ez dago besterik. “Uharte Arakilgo zubiaren beste aldetik ere Saastiara hel daiteke, baina jabego pribatuak diren soroetatik pasa beharra dago, eta ez da ohikoa” aipatu du.
Arruazuko igerilekua
Ubeldetxabal ezinbesteko tokia da arruazuarrendako. “Arruazun ohikoa izan da beti ubeldera bainatzera etortzea. Igerilekurik ez baitugu. Txikiak ginela, gurasoekin etortzen ginen, eta adin pixka batekin, bakarrik. Bainua hartzeaz gain arrantzara etortzen ginen” dio. Igeri egiten ikasita, Koxkora joatea zen hurrengo pausoa, hondo gehiago duelako, “baina pixka bat aparte geratzen zen eta ez ginen askotan joaten. Arrantzan ari ginela bai, poliki-poliki kobazuloz kobazulo eskuak sartzen Koxkora iristen ginen. Gure bainu gehienak Ubeldetxabalen izaten ziren. Azkeneko harriak txirrista txiki bat egiten du, eta han ibiltzen ginen. Erdi aldera ere putzu ederra dago” oroitzen du.
Mikel Aizpunek bi seme dauzka. “Oraindik txikiak dira ubeldean bainua hartzeko; aurrerago hasiko dira. Arrapalekin txipak hartzen ibiltzen dira ibaian, hankak uretan sartuta, baina oraindik ez dira bainatzen. Orain gaztetxoak dira bainua hartzera datozenak” kontatu du.
Txipi-txapak
Ubeldetxabaleko beste klasiko bat txipi-txapak dira. Hau da, harriak ibaira jaurti eta ur gainean saltoak eginaraztea. “Txipi-txapak egiten ere zenbat ordu! Gainera, lehen festetan txipi-txapa txapelketa egoten zen; Maria Joaquina Ganboak irabazten zuen gehienetan” gogoratu du.
Ubeldetxabal, beraz, txoko berezia da. “Ez dakit Arruazuko txokorik politena den, Arruazu herri oso polita baita. Txoko polit asko ditu, historikoak, baina niretako, txoko hau berezia da ordu asko pasa izan ditugulako. Osabak Saastia parean soroa eta frutarbolak ditu. Askotan joaten ginen, harrietatik pasaz. Horregatik niretako berezia da, oroitzapen horiengatik guztiengatik. Irripetak ahaztu gabe; bertan asko jolastu izan gara” dio.
Ubeldea berdintsu dagoela uste du Aizpunek. “Ingurua da aldatzen joan dena. Txikiak ginela, ubeldea zikina zegoen. Gero bazter guztiak garbitu zituzten, ubeldea asko ateratzen zelako. Garbitu ondoren, gutxiago iristen zen herrira. Orain inguruan sasi gehiago ditu. Aldatu da, baina ez makurrago edo hobeki, baizik eta ezberdin” dio.