XX. mende erdialdera hasi ziren ugaritzen ibilgailuak gure errepideetan. Gero eta indartsuagoak, eta, batez ere, azkarragoak ziren ibilgailu haiek. Sakana zeharkatzen zuen errepidea herri askoren erditik pasatzen zen. Horregatik, Nafarroako Diputazioa saihesbideak egiten hasi zen, herri guneetatik arriskua kentzeko eta trafikoa arinago ibiltzeko. 1969ko otsailerako Arruazu, Lakuntza eta Arbizuko saihesbideak eginda zeuden (48.531.000 pezeta, 291.677,2 euro). Baina errepidean puntu beltz bat kentzea falta zen: Uharte Arakil eta Arruazu arteko bi bihurgune. Hura kentzeko, zubi (13.133.000 pezetako aurrekontua, 78.930,92 euro) eta errepide trazadura berria egin zituzten. Errepide berria zabaltzearekin bat, zaharra bigarren mailako bide gisa gelditu zen.
Nafarroako Gobernuak, bere errepideak kudeatzeko, errepideen katalogo bat osatua du. Goian aipatutakoa bezalako gertaera bat izaten denean, bide berria katalogoan sartu eta zaharra katalogotik kanpo uzten du. Deskatalogatutako bidea, normalean, udal edo kontzejuen esku gelditzen da. "Baina Arruazuko zubiarekin ez zen hori gertatu. Nafarroako Gobernuak esaten zuen herriko kale Nagusia berritu genuenean, 2013an, hura, eta errepide zaharra zena, Uharteko gaineraino Arruazuko Udalarena zela, zubia barne", azaldu du Gorka Ovejero Ganboa alkateak.
Zubiaren egoerak bi administrazioen arteko eztabaida piztu zuen, mendebaldeko aldean harri batzuk erori baitziren, eta ondoren izan diren uholdeek egoera okertu dutelako. Udalean argi zuten errepidea eta zubia ez zirela beraiena. Arbazuarrek haien ustea agirietan oinarrituta, idatzia bidali zioten Nafarroako Gobernuari. "Lehen haiena zen errepidea, deskatalogatu zuten, baina ez diote inori eman. Eta halakorik egin ez dutenez, haiek dira jabeak", azaldu du alkateak. Eta kexa azaldu du "agiri ofizialetan gezurretan ibili" direlako, "esan dezatela ez dagoela zubia konpontzeko dirurik. Ulertuko genuke".
Lanak
Ikusirik errepidea eta zubia bereak zirela, Errepide Mantentze Zerbitzuak babes hesiak jarri zituen zubian agorrileko lehen astean. Ovejerok azaldu duenez, "horrela ibilgailuak eta jendea zubi erditik joatea nahi dute. Epe motz-ertaineko konponbidea dela jakinarazi ziguten".
Aipatutako zubitik Sakananet-en mankomunatutako zuntz optikoaren sarea pasatzen da. Eta, etorkizunean, bertatik Sakanako bizikleta ibilbidea pasako da. Sakanako Mankomunitateak hura egiteko proiektua egin du eta finantzaketa lortzeko eskaerak egin ditu. "Errepideen arduradunei horren berri eman genien. Eta jakinarazi genien Espainiatik eta Europatik bide hori egiteko dirulaguntza etor daitekeela" azaldu du alkateak. Hala balitz, mahai gainean dituztenak bi aukera dira: zubia berritu edo oinezkoendako eta txirrindulariendako bakarrik izanen den eskegitako zubi bat eraiki. Konponketa lanak egiteak 280.000 euroko aurrekontua luke, eskegitako zubia egitearen aurrekontua oraindik ez dute jaso.
Bestalde, Arruazuko Udala beheko basoan azienda bazkatzeko angioa sortzen ari da. Baso garbiketa eta itxiturekin batera, aziendak ura edan ahal izateko baltsa bat eginen dute. Horretarako ura behar denez, gertu pasatzen den Urdalurko saretik hartuko du Arruazuko Udalak, Sakanako Mankomunitateak baimena eman baitio. Ur eramana egiteko Lakuntzako Udalaren baimena ere behar izan du udalak, hodia haren herri basotik pasako baita.