Astekaria

"Erdigunetik kanpoko istorioak gustatzen zaizkit"

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko aza. 16a, 13:02

Olatz Ovejero zinemagilea. UTZITAKOA

Olatz Ovejero Alfonso zinemagileak sustraiak Arruazun ditu eta herriak eta amonak bere proiektu baterako inspirazioa izan dira. 'Iruñea, mon amour' eta 'Hiru bider' dokumentalak lantzen ari da.

Oraindik bere burua zinemagiletzat jotzea "zaila" egiten zaiola esan du Olatz Ovejero Alfonsok. Film labur bat egin zuen eta orain Iruñea, mon amour eta Hiru bider proiektuetan lanean ari da; "gutxinaka" zinemaren munduan murgiltzen. Barañainen jaioa da, baina sustraiak Arruazun ditu. Bertan, besteak beste, amona bizi da eta herrira askotan joaten da. Landa mundua asko gustatzen zaio eta bere hurrengo pelikulak landa munduarekin eta Arruazurekin erlazioa edukiko duela azaldu du, "niretzat Sakana eta Arruazu oso garrantzitsuak dira; nire bizitza hor egon da". Bere imaginarioan eta pelikuletan azalduko da, "baita natura eta naturarekin daukagun erlazioa ere".

Zergatik ikasi zenuen ikus-entzunezko komunikazioa?
Txikitatik artea pila bat gustatu izan zait; idaztea eta istorioak kontatzea. Aitak beti esaten zidan asmatzen nituen ipuinak idatzi behar nituela. Orduan, gutxinaka hasi nintzen. Gainera, modu organikoan izan zen. Pila bat gustatzen zitzaidan grabatzea eta horren bidez istorioak kontatzea. Pila bat gustatzen zait ere hori dena gordetzea, eta orain konturatu naiz grabatutako guztia dokumentalak zirela. Kakotxen artean, baina ez ziren fikzioa aktoreekin eta horrelakoekin eginak. Gehienbat gurasoengana, aiton-amonengana, lehengusu txikiengana joaten nintzen eta elkarrizketak egiten nizkien. Ikus-entzunezkoa komunikazioa ikastea erabaki nuen eta modu inkontzientean izan zen. Ez neukan buruan zinema egingo nuenik. Gauzak agertzen joan ziren eta zer gustatzen zitzaidan ulertzen hasi nintzen.

Eta zergatik dokumentalak?
Ikus-entzunezko komunikazioan dokumentalaren inguruan ikasten hasi ginenean konturatu nintzen hori zela bete-betean gustatzen zitzaidana. Batez ere produkzio txikiak, gertuko istorioak. Horrela erabaki nuen Bartzelonako Dokumental masterra egitea. Erdigunetik kanpo gelditzen diren istorio horiek gustatzen zaizkit, eta Euskal Herriak badauka kontatu gabe dauden istorio pila bat.

'A cambio de tu vida' film laburra egin zenuen. Zer kontatzen du?
Masterrean egin genuen eta lan kolektibo bat izan zen. Momentu horretan Tarragonako petrokimikan leherketa bat egon zen eta hara hurbildu ginen. Ikusi genuen sekulako mugimendua zegoela langileekin eta horrek interesa piztu zigun. Erabaki genuen haien mugimenduaren inguruan dokumentala egitea eta erakustea zein zaila den horrelako mundu kapitalista eta indibidualista batean elkartzea eta ideia baten alde borrokatzea.

Orain beste proiektu batekin zaude: 'Iruñea, mon amour'.
Maria Luisa Elioren istorioa kontatzen du. Iruñean jaio zen baina hamar urterekin erbestera joan behar izan zuen Gerra Zibila zela eta. Bere familia Iruñeko dirudunetako bat zen; Barañaingo jabeak ziren. Etxebizitza batzuk eraikitzeko obra batzuk egiten hasi ziren eta horren harira ezagutu nuen bere istorioa, bertan, bere etxea zegoelako. Nire interesa piztu zuen eta ikertzen hasi nintzen. Proiektuarekin Galiziako Intersección jaialdian egon naiz eta Bartzelonako La Alternativan hartu dute ere beste laborategi batean lan egiteko.

Nolakoa izan da filmaren prozesua?

"Lehenengo fase honetatik gustatzen zait proiektuak nola joaten diren aldatzen"

Obrak egiten hasi zirenean hasi nintzen grabatzen. Pila bat gustatzen zait lehenengo etapa honetan, idazketa prozesu honetan, proiektuak nola aldatzen diren. Pelikula oraindik nire buruan dagoenez, eta dossierretan idatzita, aldatzen joan da eta nire ama ere sartu da. Erlazioa zuela ikusi nuelako. Maria Luisa Eliok bi liburu eta senarrarekin batera En el balcón vacio filma egin zituen, eta batez ere identitateari buruz hitz egiten zuen; bere obra artistikoan behin eta berriz Iruñeaz eta Barañainez hitz egiten du. Proiektua Iruñea, mon amour deitzen da horrela deitzen ziotelako Mexikon, beti Iruñeaz hitz egiten zuelako. Filma erreferenteetaz hitz egiten du. Orduan, Mari Luisa Elio erreferentea da, baita nire ama ere. Balkoitik grabatzen ari naiz eta berarendako balkoia eta leihoa toki oso garrantzitsuak dira. Eraikiko dituzten etxebizitzek bistak aldatuko dizkigu. Proiektu honekin pozik sentitu zen ama eta kanpoan nagoenean berak grabatzen du, Elioren etxera nirekin etorri zen... Oso sartuta dago.

Laborategietan parte hartzeko hautatua izan da, baina zer dira?
Zinemagile batzuekin elkartzen gara eta koordinatzaile bat egoten da bere iritzia ematen. Oso polita da beste zinemagileekin hitz egitea, lana besteen aurrean aurkezten duzulako. Ideia buruan duzuenean zaila izaten da pertsona baten aurrean zure proiektua zer den adieraztea. Batez ere hasten ari zarenean. Hainbeste gauza izan daitezke edo hainbeste lekutatik joan daiteke proiektua, erabakitzen duzuenean pertsona batzuen aurrean jartzea eta ahoz esatea zer den, ariketa oso garrantzitsua da. Batez ere lehenengo urrats horiek oso bakartiak direlako, eta horrela baduzu motibazio bat aurrera egiteko.

Beste proiektu bat 'Hiru bider' da.
Iruñea, mon amour obrekin batera doa eta beste bi edo hiru urte gelditzen zaizkio. Momentu honetan freskoago daukat Hiru bider. Uharte Zentroak beka bat eman zidan Italian erresidentzia artistikoa egiteko, Erroma ondoko hamabost biztanleko herri txiki batean egon nintzen irailean landa gaiak jorratzen dituzten artistekin batera. Oso esperientzia polita izan zen. Pelikularen gidoia idazteko aukera izan nuen.

Zer kontatzen du?
Hiru euskal emakumeen inguruan hitz egiten du. Nafarroako emakume bat, Arruazuko amona, iparraldeko emakume bat eta beste bat Gipuzkoakoa. Ideia da hiru emakume hauen erretratua egitea; haien egunerokotasunaren bizitzaren inguruan. Emakume, euskaldun eta baserritarra zer den jakiteko. Gustatuko litzaidake, eta hori da Italian landu nuena, mitologian barna ibiltzea; batez ere Mariren mitoa, matriarkatuaren mitoa eta nola ematen den Euskal Herrian kontestu honen guztiaren barruan emakume euskaldun eta baserritarra izatea.