Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) udalerri euskaldunek euskararen biziberritzeari eta herri honi egiten dioten ekarpena nabarmentzeko ekitaldia eginen dute Azpeitian, martxoaren 25an. Ekitaldi berean beste lau udal kide gisa onartuko dituzte eta horien artean, Arruazu dago. UEMAn aurretik Arbizu eta Etxarri Aranazko udalak daude.
UEMAko lehendakari Iraitz Lazkano Garitaonaindiak azaldu duenez, “euskararen erdia udalerri euskaldunetan ekoizten dela adierazten dute adituek eta soziolinguistek. Ekoitzi ez ezik, biziberritu ere egiten da euskara udalerri euskaldunetan, belaunaldiz belaunaldi, modu naturalean. Horrek egundoko eragina dauka euskararen erabileran, udalerri euskaldunetan ez ezik udalerri euskaldunetako herritarrek beste herrietara ere zabaltzen dutelako euskara, efektu biderkatzailea sortuz. Beraz, ezinbestekoa da udalerri euskaldunak zaintzea, babestea eta garatzea, eta hori ere gogoratuko dugu”.
Lazkanok udalerri euskaldunen erronka berriak ere zerrendatu zituen: “ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala leuntzea, herritarren kontzientziazioan eragiten jarraitzea, baina askoz neurri sendoagoak ere behar ditugu”. Horiei eta bestelako erronkei buruz arituko dira Azpeitian. Lazkanok zehaztu duenez, “gaur egun UEMAn daude euskararen arnasguneak, baina badakigu UEMAko kide diren udal guztiak ere ez direla euskararen arnasguneak. Udalerri euskaldun horiek ere, ordea, giltzarriak dira euskararen etorkizunerako”. Presidenteak ziurtatu zuenez, “udalerri horiek datozen urteetan izango duten bilakaera garrantzitsua izango da euskararen biziberritzean; eta guztietan, arnasguneetan zein udalerri euskaldunetan, izango da beharrezkoa politika ausartak egitea eta euskara nagusituko den eremua indartzea”. Nabarmendu zuenez, “UEMAk arnasguneei eustea eta gainerako udalerri euskaldunak ere arnasgune izan daitezen lan egiteko konpromisoa du”. Azkenik, euskaltzaleak Azpeitiko ekitaldira joatera gonbidatu zituen Lazkanok.
UEMAko kide diren herri berrietako lau alkateak, berriz, pozik agertu dira udalek hartutako erabakiekin, eta UEMArekin lanean hasteko gogotsu daudela adierazi dute, udalei eredugarri izatea dagokiela nabarmenduz. Bai udal barruan hartu beharreko neurriak areagotuz, eta baita udalerriak euskalduntzeko zerbitzuak UEMArekin landuz ere, batez ere herritarren kontzientziazioan eragiteko.