Satrustegi gabe 20 urte

Guaixe 2023ko mar. 27a, 08:39
Jose Mari Satrustegi Zubeldia etxeko idazmahaian. ARTXIBOA

Gaur 20 urte bete dira Jose Mari Satrustegi Zubeldia hil zela. Etnografoa, idazlea, itzultzailea, euskararen aldeko langile, euskaltzain eta apaiza izan zen.Mende erdian euskarak Nafarroan izandako erreferenteetako bat izan zen.

Luisa eta Pedro Miguelen semea, Arruazuko Kuartelea etxean jaio zen 1930eko azaroaren 20an. Sei anaia-arrebaren artean zaharrena izan zen. Txikia zela azal zurikoa eta ile horia izanda, Iduzki izen txikia jarri zioten. Iruñeko apaizgaitegian 12 urterekin sartu zen eta han egin zituen ikasketak. Irakasleetako bat Jose Goñi Gaztanbide ikertzaile ezaguna izan zuen. 1955ean eman zuen meza berria Arruazun. Madozko parrokian bi hilabete eta erdi egin bazituen ere, berehala izendatu zuten Luzaideko bikario eta bederatzi urte geroago Urdiaingo apaiz. Burundako herrian hartuko zuen erretiroa 1995ean, bertan 31 urte eman ondoren. 

Erretiroko adina iritsi zitzaionean, bizitzan pilatu zitzaizkion materialak aztertu, moldatu eta argitaratzeko asmotan bere sorterrira itzuli zen, Milikonea etxera. 72 urtetan, burua argi, lanerako betiko sasoi betean eta aurrera ateratzeko esku bete proiektu zituela, 2003ko martxoaren 1ean Euskaltzaindiak Hernanin egindako XIII. Barne Jardunaldietatik itzulitakoan, ustekabeko garun infartuak jo eta hilabete bat eskas geroago, martxoaren 27an, Iruñeko Bideko Ama ospitalean hil zen. Ospitalean ez zegoen apaiz euskaldunik, halabeharren egun hartan erietxera apaiz euskaldun adiskide bat suertatu zen eta harrek eman zion oliadura euskaraz. 

Euskaltzain 
Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1957ko garilaren 26an. Sei urteren ondoren, euskaltzain oso izendatu zuten, 1963ko maiatzaren 18an. 2. aulkia eman zioten, aurretik Nicolas Ormaetxea Pellejerok, Orixek bete zuena. Luzaideko apaiz zela, herrian bertan, Euskaltzaindian sartzeko hitzaldia eman zuen, Luzaideko Otoitz Ttipiak izenburua zuena, 1963ko irailaren 16an. 1978tik 1992ra, 14 urtez, Euskaltzaindiko idazkaria izan zen. 1979an sortu zenetik 1997ra, 18 urtez akademiako Nafarroako ordezkaria izan zen. 

Euskaltzain zela erakundeak hartutako erabaki garrantzitsuetan parte hartu zuen. Akademiak 1968eko lastailaren 3an eta 4an euskara estandarra edo batua egiteko kongresua egin zuen Arantzazun. Satrustegi kongresuko moderatzailea izan zen. 

Euskaltzaindiaren hainbat batzordetan aritu zen, baina Onomastika batzordean nabarmendu zen. Horretan pertsonen izenen arloa izan zuen aztergai nagusi. Euskal izendegiaren hiru argitaraldi prestatu zituen (1972, 1977 eta 1983) eta arrakasta handia izan zuen. Makina bat euskal izen lan horien bidez egin ziren ezagun eta jendeak seme-alabendako izena argitalpen horretatik aukeratzen hasi zen. 2001ekoak arbazuarrak egindako lana izan zuen oinarri. Hiztegi Batuari Nafarroako euskaratik ekarpenak egin zizkion.

Jardun euskaltzalea
Txikitatik izan zuen paper guztiak jaso eta biltzeko joera. Bestetik, bere osaba Joakin Satrustegi kaputxino abertzale eta euskaltzalea izan zen Jose Mari euskaragatik kezka azaldu eta hizkuntza lantzera bulkatu zuena. Satrustegiren biziaren zergatia eta oinarria bihurtuko zen hizkuntza gerora. Luzaideko egonaldiak Euskal Herriaren ikuspegi osoa eman zion, baita Ipar Euskal Herriko hainbat apaiz eta kultur eragilerekin harremana hasteko aukera ere. 

Arbazuarra goi mailako kultur gizona zen. Autodidakta izan zen, bere kabuz jaso zuen euskarari eta euskal munduari buruzko jakituria zabala. Hori hiru bidetatik lortu zuen: bere jarduera pertsonalaren fruitu, kultura eta ikerketa arloko adituekin izandako harreman estuei esker (M. Tovar, J. M. Barandiaran, J. Caro Baroja, K. Mitxelena...) eta itzal handiko atzerriko zenbait hizkuntzalari eta euskaltzalerekin ere izandako harreman estuei esker. Antropologia, etnografia, historia eta beste landu zituen. 

Luzaiden zegoela idatzi zituen bere aurreneko artikuluak. Miguel Javier Urmenetaren eraginez eta Pedro Diez de Ultzurrunen zuzendaritzapean, Nafarroako Foru Diputazioaren Principe de Viana erakundeak, 1957an, Seccion del Fomento del vascuence saila sortu zuen. Arbazuar gaztea hasieratik inguruan ibili zen. Lehen egitekoetako bat izan zen herrietan euskaraz ongi zekiten haurrei saria ematea. Erakundeak Principe de Viana euskarazko aldizkaria argitaratu zuen (7.000 etxetara iristen zen) eta Satrustegiren sinadura izan zuten makina bat artikuluk. Zenbatu ezinak dira ere Satrustegik han eta hemen hainbat gairen inguruan emandako hitzaldiak. 

Bere ikerketa lanaren emaitza izan zen euskarazko makina bat testu zahar eskuratzea, baita makina bat euskal hiztun grabatzea ere. Horiek, besteak beste, Egan, Julio Urquijo Euskal Filologia Mintegiaren urtekaria, Euskera argitalpenetan eman zituen. Arbazuarrak sustatuta, Nafarroako Foru Diputazioak 1969an Cuadernos de Etnologia y Etnografia eta Fontes Linguae Vasconum, Studia eta documenta aldizkariak sortu zituen. Azken horren argitalpen kontseiluko kide izan zen hasieratik eta zuzendari kargua 1988an hartu zuen eta hil zenean haren ardura zuen. Haietan ere, makina bat artikulu sinatuko zituen. Fontes nazioarteko hainbat unibertsitate, kultura gune eta ikertzailerendako, Nafarroaren eta bere hizkuntza zaharraren erakusleiho bilakatu ziren. Izan ere, Satrustegik atzerrian euskal kultura eta hizkuntza zabaltzeko ahalegina egin zuen beti. Besteak beste atzerriko honako herrialdeetan egon zen: Argentina, Armenia, Belgika, Errusia, Amerikako Estatu Batuak, Europa erdialdea, Japonia...

Satrustegiren atean hainbat gurasok atea joko zuten. Haien seme-alabendako euskarazko irakaskuntza nahi zuten guraso gazte haiei aholkua eman, bitartekari eta laguntzaile izan zen arbazuarra. Idazlea ere izan zen. Etnografia, etnologia eta euskara kontuez aparte, Ekaitza eleberria eta zenbait biografia idatzi zituen, edo Lewis Carrolen Alicia itzuli. Ipuin eta elezahar bilduma mordo bat ere argitaratu zituen. Bere ikerketa lanen emaitza gisa, Ordenanzas de la Universidad del Valle de Burunda argitaratu zuen, ibarreko sei udalek babestuta 1982an. Guaixe aldizkariko sustatzaileendako ere ateak zabalik izan zituen. Hilabetekarian argitaratutako artikuluen bildumak Sakanerri barrena (1999) liburuan ikusi zuen argia.  

Udako Euskal Unibertsitateak 1977an Iruñean egin zuen lehen ekitaldiko sarrera-hitzaldian hizlari gonbidatua izan zen arbazuarra. Nafarroa, Euskaltzaindia eta UEU izenburua izan zuen hitzaldiak. AEK-k antolatutako Korrikako lehen edizioan Remigio Mendibururen lekukoa estreinakoz eraman zuena Satrustegi izan zen. Nafar Ateneoaren sortzaileetako kide, non hasiera-hasieratik Euskal Hizkuntza eta Kultura saila ezartzea lortu zuen. Nafarroako Gobernuaren Kultura eta Euskara kontseiluetako kide, bietatik atera zen euskarazko irratiei lizentziak ez emateagatik. Hil aurretik hainbat aitortza egin zizkioten.