Arruazu UEMAko kide da

Guaixe 2023ko mar. 28a, 11:41

UEMAk larunbatean egindako ekitaldian onartu zuten Arruazuko Udala kide gisa.

UEMAk larunbatean egindako batzar nagusian onartu zuen. Dagoeneko Hego Euskal Herriko 101 udalerri dira UEMAko kide, haien artean Arruazu, Arbizu eta Etxarri Aranatz.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) batzarra egin zuen Azpeitian larunbatean eta lau kide berri onartu zituen: Arrankudiaga-Zollo, Etxebarria, Doneztebe eta Arruazu. Lau kide berri horiekin, UEMAk ehun kideren laga gainditzen du eta, dagoeneko, 101 udalerri dira euskara sustatzea helburu duen mankomunitateko kide. Kide diren herri guztietan euskararen ezagutza %70etik gorakoa da eta guztien artean 305.000 biztanle dira. 

UEMAko kide diren udal berrietako alkateek hitza hartu zuten batzarraren akaberan, eta herritarren eta UEMAren ekarpena eskertu ondoren, euskara lehenesteko, herritarren aurrean eredugarri agertzeko eta erabilera areagotzeko ilusioa eta lanerako gogoa agertu zuten. Bestalde, UEMAko lehendakari Iraitz Lazkano Garitaonaindiak nabarmendu zuenez, “Euskal Herria euskalduntzeko bidean, pauso gehiago emateko harrobia dira udalerri euskaldunak, eta euskara indartzeko aukera ez ezik, bideak zabaltzeko ardura ere badute”. Horregatik, “ezagutzan egiten ari garen pausoak erabilerara eramateko egiturazko erabakiak hartzeko garaia” dela adierazi zuen, erakunde publikoei eredugarriak izatea dagokiela gaineratuz: “herritarrek eman diguzuen ardurari erantzunez, zor dizuegu Euskal Herri euskaldunaren orubeak sendotzea”.