Kaiku bat Euskaltzaindiarendako

Guaixe 2023ko urr. 2a, 09:01

Euskaltzainak eta ikastolako eta udaletako ordezkariak Arruazun.

Nafarroa Oinez dela eta, akademiako zuzendaritzak Arruazun bilera egin zuen. Andra Mari ikastolak hartzen duen eremuko (Hiriberri Arakil eta Iturmendi arteko) udal ordezkaritzak harrera egin zien euskaltzainei eta, ondoren, ikastola bisitatu zuten.

Euskaltzaindiak urtero bisitatzen du Nafarroa Oinez antolatzeaz arduratzen den ikastola. Andra Mari ikastolan bisitan izan ziren euskaltzainak joan zen ostiralean. Euskaltzain oso eta Nafarroako ordezkari Sagrario Aleman Astitzek azaldu zuenez, "Nafarroa Oinez antolatzen duen ikastola bisitatzearena 2000. urtetik egiten da. San Fermin ikastolan urteurrena izan zuten eta Euskaltzaindia gonbidatu zuten. Eta hurrengo urteetan Nafarroa Oinez antolatzen zuten ikastolek gonbidapena egiten segitu zuten. Gehienetan zuzendaritza edo batzorderen bat joan izan da". Alemanek jakinarazi zuenez, "aurten Kilometroak-ekin Errenterian izan bagara ere, halako bisitak Nafarroa Oinezekin bakar-bakarrik egiten ditugu". Halako bisitak "tokian-tokiko egoeren berri izateko" baliagarri zaizkiela ere gaineratu zuen. 

Ikastola bisitatu aurretik, Euskaltzaindiko zuzendaritzak lan saioa egin zuen Arruazuko udaletxeko ganbaran. "Euskaltzaindiaren egitekoak aztertzeko hilero batzarra egiten da. Irekia da euskaltzain oso guztiendako, nahiz eta batzuk emerituak izan (75 urtetik gorakoak). Batzar horretatik zuzendaritza ateratzen da", azaldu du Alemanek, eta zuzendaritzaren egitekoa zehaztu du: "jartzen diren egitekoak aurrera eramanen ditu". Zuzendaritzako bileretan sei euskaltzain oso, kudeatzailea, idazkaria eta bateratzailea izaten dira. “Baina gonbidapena zabaldu da. Horrelakoetan beste euskaltzain batzuk etortzen dira. Kasu honetan nafarrak etorri dira: Jose Luis Erdozia Mauleon euskaltzain urgazlea eta Castillo Suarez Garcia, Pascual Rekalde Irigoien eta Andres Iñigo Ariztegi euskaltzain osoak”. Halako bilerak Euskal Herriko lurralde guztietan egiten dituztela jakinarazi zuen Alemanek. 

Adierazpenak 
Behin lanak despedituta, ikastola osatzen duten hamalau herrietako udaletako ordezkaritzak ongi etorri ofiziala egin zion Euskaltzaindiari Arruazuko udaletxean bertan. Jose Mari Satrustegi Zubeldiaren senideak ere bertan ziren. Udalen izenean Arruazuko alkate Gorka Ovejero Ganboak hartu zuen hitza. Aitortu zuen Arruazurendako ohore handia zela bigarrenez Euskaltzaindia herrian hartzea. Aurrekoa 2004an izan zen, Satrustegiri omenaldia egin zitzaionean. Nabarmendu zuen, batetik, Arruazu berriki Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, UEMAn, sartu berri dela. Eta, bestetik, herriko banderak Herria eta hizkuntza leloa duela. 

Euskaltzaindiko buru Andres Urrutia Badiolak esan zuenez, "Arruazun etxean gaude, besteak beste, Euskaltzaindiaren egitekoetan eta  Jose Mari Satrustegiren itzala hortxe presente dagoelako. Hura izan zen euskaltzainen artean sutsuenetarikoa, eta atzetik etorri ginen belaunaldiendako eredugarri". Urrutiak gaineratu zuenez, "hark argi erakutsi zigun Euskaltzaindia ez zela bakarrik noizean behin elkartzeko eta kontu kontari ibiltzeko toki bat, lan egiteko baizik. Lan egiteko euskararen aitzinamenduan". 

Banderaren leloari helduz, Urrutiak gaineratu zuenez, "herria eta hizkuntza, hori da ehun urtetan egin duguna eta egiteko asmoa duguna. Hori alferrikako lana litzateke ez balitz egonen herri euskalduna eta herri horrek bere hizkuntzari eutsiko ez balio. Herriak ematen diguna jasotzen dugu, sailkatu eta gero herriari bueltatzen diogu. Herriak ematen digun hori gaurko gizartearen arabera baliatzen dugu, herri honek dituen gaurkotasunezko premiak (komunikatzeko, lan egiteko eta abarretarako) gure hizkuntzaren bitartez egin ahal izateko". 

Gaurkotasunari ez zion ixkin egin Urrutiak eta Madrilgo eta Bruselako Parlamentuetan euskara ofiziala izateko ekimenen inguruan aritu zen. "Izan dadila, pauso handia da. Baina ondoren, egunerokotasunean, hori egunero bete egin behar da". 

Opariak eta bisita
Herriari eta bertako euskarari buruzko libururik ez dutenez, udalak Pilar Satrustegi Zubeldiaren eskutik, kaiku bat oparitu zion Euskaltzaindiari. "Herria artzaintza eta lehen sektorearekin oso lotuta egon da. Kaikuan herriko hitzak jarri ditugu, batzuk Sakanan erabiltzen direnak, eta beste batzuk bakarrik, ustez, Arruazun". Euskaltzain guztiak Idiazabal jatorri izendapeneko gazta banarekin joan ziren etxera. Euskaltzaindiaren izenean Urrutiak eta Alemanek udal ordezkariei akademiaren urteurrenaren harira argitaratutako liburua oparitu zieten. 

Arruazutik ikastolaren instalazioak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten, baita irakasle eta ikasleekin hizketatzeko aukera izan ere. Taldeka antolaturik, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei egin zieten bisita. Ikasle txikienen naturaltasunari esker eta helduagoen zorroztasunari esker elkarrizketa politak sortu ziren. "Oso polita da, eta interesgarria da haurrek egiten dituzten galderak. Batzuetan izaten diren usteak hausten ditu". Bisitaren akaberan ikasleek euskaltzain bakoitzari haritz kimu bana oparitu zioten. Euskaltzainek gustuz hartu zituzten, eta aurreratu zuten Donostiako egoitzan landatuko dituztela, Oinez Basoaren luzapen gisa. 

 


Arbazuko herriyek Euskaltzaindiei ta euskal herri guziei

Aralarko basuen jayooik, 
Beriaingo magaletan onduuik, 
Arakil ubeldieen bazter, irripeta ta geinberen tartetik. 
Albiko larretan haziik, 
sorotako lurretan ernaaik, 
baatzetan bilduik, 
larreñetan ta atzokotetan urgozotuik
ta itxetako sutonduen hitziñik: 
euskera, guu euskera!


Euskaltzaindiari oparitutako kaikuan idatzitako Arbazuko hitzak

  • Bei: bai.
  • Mustu: lehen aldiz erabili.
  • Udrsa: ura.
  • Totano: elkarri begira egotea.
  • Antemen: azkar, han eta hemen
  • Apatamuxu: ongi eramaten direnei esaten zaiena.
  • Imermauba: armiarma.
  • Eroozi: titia kendu antzutzeko.
  • Ganbazeleya: itxetako bierren solairuten zittonen/zittoben pasillo zabalak.
  • Irripeta: lur gerrittuba (lur jausi) izen ondorien sortzen den ubelde ondoko amildegi malkartsuba.
  • Auxkin: heldu, eutsi.
  • Sinesa: dena sinesten duena.
  • Kurruma: izotza. Lurrean dagoen izotza.
  • Ubedaga: igaraba.
  • Lantxurda: itsasiriko elurra.
  • Atzokotak: atzokotetak, etxetako atzealdeak.
  • Idooziya: urak lurrazpian tunelak sortzen ditu honen kapa mehetuz eta haiek zapaltzean zuloak sortzen dira, idooziyek.
  • Gaueñeria: gauenara, saguzarra
  • Iyeziya: ihetua, gastatuta (arropa gehienetan).
  • Urgooztu: eultzia (aultziya) egiteko lurra prestatzeko prozedura. 
Erlazionatuak

Euskaltzaindia bisitan

Guaixe 2023 ira 25 Arruazu