Ubeldearen ertzean, Iturgain elkartearen parean dago Arruazuko putzu septikoa. 1989tik han jasotzen dira herriko hondakin urak. Gorka Ovejero Ganboa alkateak jakinarazi duenez, "duela bi urte etorri ziren Nilsakoak beraien proposamenarekin. Arruazun dugun putzu septikoa kenduko dute eta herriko hondakin urak, motoponpa bidez, Lakuntzako araztegira eramanen dituzte, han behar bezala arazteko". Alkateak jakinarazi duenez, "motoponpa Arnazko zubiaren parean jarriko dute, handik hondakin urak araztegira eramateko". Lanak aurten eginen dituzte eta, horretarako, Arruazuko Udalak Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiarekin hitzarmena sinatu dute.
Ibaien saneamendua egiteko azpiegitura oinarrizkoenak dira putzu septikoak. Haietan hondakin urak eramandako solidoak dekantatu besterik ez dira egiten; horrela, gai kutsakorra kentzen da, eta putzuan gelditzen da lohi moduan harik eta kamioi batek atera eta leku egoki batera eramaten duen arte. Arazte txikia behar den lekuetan daude putzu septikoak. Izan ere, isurketaren eragina oso txikia da, kutsadura faltagatik.