Arruazuko dermioan, NA-2410 errepidean, foruzainek jarritako kontrol batean auto batean zihoazen bost gizonezko atxilotu zituzten. Foruzaingoak jakinarazi duenez, guztiei sanferminetan telefono mugikorrak eta urrezko kateak indarrez lapurtzea egotzi diete. Zehazki, sei urrezko kate eta hiru telefono mugikorren jatorria ez zuten zehazterik izan. Haien autoa geldiarazi eta gidariak droga testean positibo eman ondoren, hura salatu eta autoa mugitu ezinik utzi zuten foruzainek.
Autoan zihoazen bost gizonezkoak identifikatu zituzten eta guztiek polizia aurrekariak zituztenez, ibilgailua eta gizonezkoak miatu zituzten. Miaketa horretan ezkutatuta zeuden urrezko sei kate opatu zituzten poliziek. Foruzaingoak azaldu duenez, kateek itxituran edo katebegietan bortxatuak izan izanaren zantzu nabariak zituzten. Hiru telefono mugikor ere opatu zituzten ezkutatuta, horietako baten jabeak lapurtu egin ziotela salatu zuen.
Foruzaingoak azaldu duenez, kateen titulartasunari buruz galdetu zaienean "bere emaztegaiena" zirela erantzun zuten, batean Asierren izena edo beste batean Nafarroako ezkutu bat agertzen zenean. Une horretan atxilotu eta Iruñeko polizia etxera eraman zituzten, atestatuaren eginbideekin jarraitzeko. Orain, Foruzaingoa ikertzen ari da ea salaketarik dagoen, berreskuratutako objektuen jatorria ezagutzeko eta legezko jabeei bueltatzeko.