Arruazuko Udalaren aurtengo aurrekontuan 154.914,70 euroko sarrerak, aurreko urtean baino 53.011,03 gutxiago, eta 149.239,21 euroko gastuak, joan zen urtean baino 387,61 euro gehiago daude. Gorka Ovejero Ganboa alkateak azaldu duenez, "herri txikiotako aurrekontua beti berdina da. Baso aprobetxamendu baten salmenta edo etxe batzuen eraikuntzagatik ordaindu beharreko tasak dira aldatu dezaketenak". Aurtengoan sarrera gutxiago daude aurreneko arrazoiagatik.
Arbazuarren eta udalaren nahia da ostatuaren eta elizaren artean, gaur egun zuhaitzak dauden inguru horretan estalpe bat egitea. "Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planeko dirulaguntza deialdira aurkeztu genuen proiektua eta ukatu egin ziguten. Gobernukoek esan ziguten estalpe bat ez dela dotazio eraikin bat. Baina herri txiki batean, bada, han egiten dira bazkariak, kontzertuak..." azaldu du kexu alkateak. Finantziazio bide hori itxi diotela ikusita Arruazuko Udalak beste finantziazio bide bat du begiz jota: Landa Garapenerako Programa. Eskaera eginen du udalak. Onartuz gero funts horretatik 60.000 bat euro jaso lituzke udalak.
Estalpea jaso nahiko luketen tokia da euri uren kanalizazioa jarri gabe dagoen Arruazuko espazio bakarra. Udalak lan horiek aurten egin nahi ditu, estalpea egiten denerako dena prest izateko. Lan horiek egiten direla baliatuta zahartuta dagoen haurrendako jolas parkea kendu eginen du udalak. "Frontoiaren beste aldean, elkartearen ondoko belardian berria jarriko dugu", argitu du alkateak. Lan horiek aurten egin nahi dituzte. Ovejerok gaineratu duenez, "urbanizazio lanak eta estalpea bera egitea 200.000 euro inguruko aurrekontua izanen lukeela uste genuen. Baina izugarri garestitu da eta aurrekontua 428.000 eurokoa da gaur egun". Parte hartzearen bidez egindako estalpearen diseinua garestia da eta aztertu beharko dute hura edo besteren bat egiten duten.
Kontsultategia
Arruazuk dagoeneko ez du mediku kontsultategirik eta osasun arreta jasotzeko arbazuarrak Uharte Arakilgo kontsultategira joan behar dute. Egoera berean daude iheberdarrak eta irintarrak. Herriotako udal ordezkariak Osasunbideako arduradunarekin elkartu ziren eta "Uharte Arakilgo kontsultategia indartzeko eskatu genion. Besteak beste langileen bajak daudenean lehen egunetik ordezkatzeko. Eta etortzen diren mediku edo erizainak ordutegi bera izan dezatela, askotan ez baita horrela", azaldu du alkateak.
Herriko etxean zegoen kontsultategian enpresa bat espazioa itxuraldatzen ari da, horretarako pareta bat jaso eta elektrizitate sarea jartzen ari da. "Lehen egongela zena ostatuaren biltegi bihurtuko da. Kontsulta gela, berriz, erabilera anitzeko gela izanen da", esan du Ovejerok.
Hirigintza
Arruazuko hirigintza plana 1991koa da. 2012an hura berritzeko proposamena atzera bota zuen Nafarroako Gobernuak. Alkateak azaldu duenez, "herriak duen uholde arriskuagatik ez zuten onartu. Arriskuak bere horretan jarraitzen duenez, ez dugu uste beste plan bat onartuko digutenik, beraz, duguna eguneratzea aztertzen ari gara". Horrekin batera, herria lehentasunezko birgaitze eremu izendatzeko eskatuko diote Nafarroako Gobernuari. Izendapenak etxeen zaharberritzean dirulaguntza handiagoak lortzea dakar.
Udalaren beste asmo bat da bazkide gisa Sakanako Energia Komunitatean sartzea. Bestalde, baso lanen inguruan egin den dirulaguntza deialdi bat aztertzekoa da, eskaera aurkezteko. Bitartean, basoan angioa egina dago eta aziendak edateko ura izan dezan baltsa ere.