Alfon Berastegi Otsagabia “arbazuarra da, Tximoonekua”. Gaztetatik mundua ezagutzeko jakin mina zuen. “Arruazu oso txikia zen niretako. Ni neure munduan bizi izan naiz: nire musika aldizkariak, musika taldeak, liburuak... Nire mundua beste bat zen, eta hiri handiak ezagutzeko jakin mina nuen”. 22 urte zituela, AEBetako Pensilvaniako haurren kanpaldi batera joan zen lanera, sukaldera, 2 hilabetez. Lana bukatuta, New York ezagutzera joan zen, astebete. “80. hamarkada zen, eta guztiz liluratuta geratu nintzen. New Yorkek zuen energia, martxa eta abiadura”. 25 urte zituela itzuli zen. “Zergatik ez? Pentsatu nuen. Kuriositateak bulkatu ninduen”. Guztira 4 urte bizi izan zen New Yorken, 2 urte Manhattanen, eta 2 urte Queensen. “Esperientzia oso interesgarria izan zen, sekulako aldaketa”. Jatetxeetan aritu zen lanean, zerbitzari, tartean bi urte baino gehiago American Museum of Natural History-ko jatetxean.
Unibertsitate ikasketak egin nahi zituen New Yorken, “baina han oso garestia zen, ezinezkoa, eta aldatzea erabaki nuen. Zergatik Madril? Ez zen New York, baina hiri handia zelako. Gainera, ez nuen arazo legalik”. UNED-en Zientzia Politikoak ikasi zituen, lan egiten zuen bitartean, eta hizkuntzak landu zituen. Konturatu gabe, 30 urte pasa dira.
“Aralar alde batean, Beriain bestean, bistak ematen dizun guztia berdea da”
Ikusentzunezko saioetako azpitituluak idazten ditu Alfonek. “Azken 5 urteetan Ilunion enpresako azpititulugilea naiz. Orain Tele Madrid-erako lan egiten dugu, baina garai batean Mediaset-eko, ‘Salvame’ eta Maria Teresa Camposen ‘Que Tiempo tan feliz’ saioetan. Oso dibertigarria izan zen; zuzenean egiten genuen lan, eta txutxu-mutxuetan egunean nengoen (kar-kar). Egun, grabatutako produktuen gainean egiten dugu lan”.
Berdea, eta aire garbia
Alfon Carabanchelen bizi da. Arruazura urtero etortzen da; oporretako aste bat hartzen du Maria Jose arreba eta familia bisitatzeko. “Harremana ez galtzen saiatzen naiz, lotura mantentzen”. Ama Tristontorena etxekoa zen, eta bertara joaten da beti, Karmentxu izebarekin eta familiarekin egotera. “Sakanara iristerakoan beti pentsatzen dut bidean dagoen tokirik politena dela. Hemengo mendiak, kolore berdeak, herriak... Madriletik hona ez daude kolore horiek. Aralar alde batean, Beriain bestean, bistak ematen dizun guztia berdea da. Madrilera itzultzen naizenean kontrastea handia da; dena oso lehorra iruditzen zait”.
Arruazun “denetatik” egiten du: lagunekin egon, jendea agurtu, “baina batez ere naturaz gozatu. Etxetik hanka atera, eta mendian zaude, edo Ubeldetxabalen, naturaren erdi-erdian. Hori niretako sekulako luxua da, eta asko baloratzen dut”. Barazkiak, beste gozamen bat. “Gure aitak sekulako baratzea zuen, eta denetatik genuen etxean. Garai hartan ez nion inolako balorerik ematen, baina egun, dudan guztia emango nuke. Horrek mina ematen dit”.
"Etxetik hanka atera, eta mendian zaude, edo Ubeldetxabalen, naturaren erdi-erdian. Hori niretako sekulako luxua da"
Arruazu “aire garbiarekin” lotzen du. “Ez dago kutsadurarik. Madrilekoa izugarria da. Arruazuko aire garbia, freskura eta lasaitasuna faltan botatzen ditut. Eta aldemenekoekin eta lagunekin eseri eta gustura hitz egitea. Herritarren artean dagoen laguntasun eta elkar zaintza hori”.
Urte hauetan Arruazu berritu dela uste du. “Herria oso polita dago, baina nire gusturako auto gehiegi daude. Ia ezkaatzeraino sartzen zaizkigu. Kanpoaldean parkinga egitea ongi legoke, autoak bertan uzteko. Horrek herriari edertasun handia emango lioke, beste giro bat”. Herria “bizirik” ikusten du, eta pozten da.
Aurten, barnetegira
Aurten iraileko lehen bi astetan etorriko da, asmo bereziarekin: Lazkaoko Maizpide barnetegian bi asteko egonaldia egitea. “Nire jatorriaren deia sentitzen dut. Hizkuntza ez da bakarrik herriaren bihotza, herriaren arima ere bada. Eta nik ez dut nire etxeko eta nire herriko hizkuntza galtzea nahi. Euskaraz bizi nahiko nuke, baina Madrilen ez da erraza. Astero euskaraz aritzen naiz online Lizarragako Edurne irakaslearekin, baina orain nire hizkuntzan alfabetatzeko esfortzua egin nahi dut”.