Astekaria

Basati Alaunt txakurra talde etniko gisa aitortu dute

Guaixe 2024ko urr. 16a, 13:30

Bi basati Alaunt txakur. UTZITAKOA

Makina bat txakur hazleren 30 urteko ahaleginaren eta arduraren fruitu da Estatuko Real Sociedad Caninaren aitortza. "Aitortza bertako arrazak babestearen eta gure ondarea bizirik mantentzearen garrantzia gogorarazten digu".

Basati Alaunt txakurra, Presa Navarro bezala ezaguna ere, ofizialki talde etniko gisa aitortu dute. Xabier Ovejero Ganboa arbazuarrak esan duenez, "aitorpen horrek mugarri bat ezartzen du arrazaren historian, baita txakur nafar horren iraupena bermatzeko etengabe borrokatu dutenen lan nekagaitzean ere". Gaineratu duenez, "Basati Alaunt-aren aitorpena ez da bakarrik arraza horrendako zorionekoa, baizik eta bere sustapenean eta zaintzan konprometituta dauden pertsonendako ere. Hiru hamarkada baino gehiagoan, pertsona horiek etengabe lan egin dute arraza tradizional hori mantendu eta ugaritu dadin, bere ezaugarri funtzional eta morfologikoak errespetatuz". Ovejerok jakinarazi duenez, "Real Sociedad Caninaren aitortza lortu ondoren, Nekazaritza eta Elikadura Ministerioaren aintzatespena lortzeko prozesuan gaude. Eta orain Nafarroako administrazioaren esku dago Basati Alaunt arraza garatzeko gure lana babestea edo oztopatzea".

Arbazuarraren iritziz, "aitorpen horrek mugarri bat ezartzen du arrazaren historian, baita txakur nafar horren iraupena bermatzeko etengabe borrokatu dutenen lan nekagaitzean ere". Gaineratu duenez, "Basati Alaunt-aren aitorpena ez da bakarrik arraza horrendako zorionekoa, baizik eta bere sustapenean eta zaintzan konprometituta dauden pertsonendako ere. Hiru hamarkada baino gehiagoan, pertsona horiek etengabe lan egin dute arraza hori mantendu eta ugaritu dadin, bere ezaugarri funtzional eta morfologikoak errespetatuz".

Hark azaldu duenez, "Basati Alaunt-a mendeetako tradizio baten emaitza da; lanari, naturarekiko errespetuari eta gizakiaren eta animalien arteko harreman bereziari lotua. Bere izaera noblearekin, txakur hori urteetan erabilia izan da ehiza larrirako eta zezen suharren kudeaketarako, funtsezko eginkizuna betez Nafarroako landa eremuetan". Gaineratu duenez, Iruñeko Andre Mariaren Jasokundearen katedralean XIV. mendeko irudiak dauden zeinetan zezen suharren kudeaketan eta ehiza eszenetan aritu ziren txakurrak ikus daitezke.

Arruazun sortua
Ovejerok jakinarazi duenez, "1990ean hasi nintzen txakurrekin. Gorri izeneko txakur eme batek bere izaerarekin liluratu ninduen. Eta erabaki nuen txakur hartatik abiatuta txakur arraza bat sortzea erabaki nuen". Horren zergatiaz galdetuta, arbazuarrak esan duenez, "Egia esan, inork ez zidalako esan ezin nuenik egin. Eta ez nekielako hainbesteko lana izango zela". Arrazari Basati Alaunt edo Presa Navarro izena jarri zion. 

Arbazuarrak herrian bertan, Lakuntzan, Etxarri Aranatzen, Aretxabaletan, Arrasaten eta beste hainbat tokitan presa edo heltze txakur mota horren zaleak ziren pertsona asko zegoela bazekien. "Baina kanpoko arrazak ziren, amerikarrak, argentinarrak, espainiarrak... Nik gure arraza propioa atera nahi nuen, hemengoa". 


Klubaren sortzaileak: Luis Martin San Migel (Doneztebe), Pedro Saez de Jauregi (Valtierra) eta Xabier Ovejero Ganboa.

Kluba
Arrazaren sortzaileak esan duenez, "mundua txikia da, eta zaletasun bakoitzaren barruan azkar opatzen duzu 'buruko arazo bera duen jendea!' Berehala ezagutu nuen txakurrak zeuzkaten pertsonak, eta proiektu komun batean elkartu ginen hiru lagun: Luis Martin San Migel (Doneztebe), Pedro Saez de Jauregi (Valtierra) eta ni. Lanaren, aniztasunaren eta lankidetzaren adibide". Bidea egitearekin batera, arraza ofizialki onartzeko prozesua hasi zuten. Eta, azkenean, Nafarroako Gobernuko animalien ongizate zerbitzuak jarritako baldintza betez, elkartea edo klub ofizial bat sortzea erabaki zuten: Sociedad de Amigos del Presa Navarro (SAPN), "funtsezko zutabea izan da arraza horren kontserbazio eta sustapenean". 2015ean eratu zuten. Aipatu zerbitzuak jarri zien beste baldintza izan zen "gure txakur guztien genetika eta biometria azterketa egitea. Tamalez, lan ikaragarri hori egin ondoren, Nafarroako Gobernuak arrazaren aurrerapenaren kontra besterik ez du lan egin. Interesatzen ez zaizkien gaietan ohiko arazoa da hori administrazio askotan", esan du arbazuarrak.

Ovejerok azaldu duenez, "klubaren lana arraza zaintzea da eta bere aintzatespena lortzea. Bere funtzionaltasuna eta morfologia mantentzea zaintzen du. Txakur zintzoak, osasuntsuak eta izaera onekoak izaten jarrai dezaten zaintzea da bere egitekoa". Gaur egun klubak 150 bazkide inguru ditu, horien artean ehiztariak, txakur hazleak, familiak edo arraza horren zaleak daude. Kideen artean, jakina, sakandarrak daude. "Arrazako txakur onenetako batzuk Sakanan jaioak dira", jakinarazi du arbazuarrak. 

Klubak webgunea egin zuen, sapn.es, eta, ondoren, "mundu osoko jendea hots egiten hasi zen. Jendeak heltze txakur mota hori gustuko du, eta gurea maiteenetako bat da". Klubaren webgunearen bidez, arraza horren historiarekin lotutako informazio guztia eskuratu daiteke, baita txakurren genealogiak kontsulta daitezke ere. "Estatuan gardentasun maila hori eskaintzen duen klub bakarra gara, 1989. urtera arteko txakurren genealogiak jarraitu daitezkeelarik. Gainera, klubak informazio baliotsua eskaintzen du arraza horri buruz gehiago jakin nahi dutenendako".

Altxorra 
SAPN klubeko kidearen iritziz, "Basati Alaunt-a gure kultur eta natura ondarearen altxorra da. Bioaniztasunaren babesa eta ingurunearekiko errespetua baloratzen ditugun garai honetan, arraza horrek bere gaitasuna nabarmentzen du, hiri zein landa bizitzaren beharrizanetara egokitzeko. Bere izaerak ez du bakarrik bere lan tradizionalerako aproposa egiten, lagun gisa ere erabil daiteke. Basati Alaunt-a garatzeko eta babesteko ahaleginak tradizioen kontserbazioarekin eta bioaniztasunaren babesarekin konpromiso zabalago bat islatzen du". Jakinarazi duenez, Frantzian, Ingalaterran, Brasilen, Argentinan eta Amerikako Estatu Batuetan interes gero eta handiagoa dago arraza horretako txakurrak esportatzeko, eta horrek "arraza nazioarteko erreferente bihurtzeko duen potentziala erakusten du, kluba egindako lan sakonaren isla da".

Arrazaren gardentasun eta zabalkundearekin konpromisoa hartuta dute klubeko kideek. Adierazi dutenez, "bere kontserbazioan konprometituta dauden pertsonen ahaleginari esker, arraza horren txakur bakoitza gure historiaren zati bat da, bizirik dirauen tradizio bat. Basati Alaunt-a babestean, bizirik dagoen ondare bat kontserbatzen laguntzen ari gara, pertsonak beren ingurunearekin eta mendeetan zehar beren lagun izan diren animaliekin lotzen dituena".

Arrazaren sortzaileak sakandarrak sapn.es webguneaz bisitatzera eta haien txakurrak ezagutzera gonbidatu ditu. Azaldu duenez, "urtero, Aste Santuko igandean, Donezteben bilera egiten dugu urtero. Sakanan jatorria duen arraza horretako 200 bat txakur inguru elkartzen dira. Hartan parte hartzera ere gonbidatzen ditut sakandarrak". Gaineratu duenez, urtero hutsik egiten ez duten beste bi hitzordu ere baditu SAPN klubak: Uharte Arakilgo Artzain Eguna eta Irurtzun era Arakilgo bertako ganadu azoka.