AHT ibilbide proiektua

"Zundaketak obra egiten hasteko lehenbiziko pauso serioa dira"

Guaixe 2024ko aza. 4a, 09:00

Ekimenaren izenean Gorka Ovejero Ganboa agiria irakurtzen.

AHTko zundaketa kanpainaren hasierak kezka eragin die STOP AHT Zundaketak ekimeneko kideei eta zundaketen aurkako protokoloa aktibatu dutela jakianarazi du Gorka Ovejero Ganboak.

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) euskal Y-a eta Nafarroako korridorea lotzeko bi trazadura posible daude eta biak Sakana ikutzen dute. Ibilbide egokiena aukeratzeko zundaketa egin zuten Itzako Otxobi herrian. Horrek Stop AHT Zundaketak ekimeneko kideen alarmak piztu ditu. 

Zer dira zundaketak?
Halako makroproiektu bat egiteko hainbat pauso eman behar dira. Lehenbizi lurra zein motatakoa den ezagutu behar da, hain zuzen, akueduktu eta tunel pilo bat aurreikusi dituztelako AHT egiteko. Dena den, dendak ez dira zundaketak. Zundaketa bat da, makina batekin, lurrean burnizko ziri bat sartu eta lur laginak ateratzea. Gero kanpainak deitzen dituztenak daude. Horietan belarra mozteko makina moduko sonar bat, zulorik egin gabe, lur azaletik pasatzen dute. Arruazun, Narbaro inguruan esaterako, kanpaina eginen lukete. Zundaketak ezinbestekoak dira jakiteko nondik eraman trena. 

Otxobin bat egin dute.
Bai. Nekazari bati ura eskatu zioten, zeren askotan zundaketak egiteko ura behar dute. Horrela jakin zuten udalak eta kontzejuak zundaketa egin behar zutela. Udalen eta herrien borondatearen kontra, Otxobin egin dute, trenbidearen ondo-ondoan, Adifen lurretan. Berez, AHT ez litzateke hortik joango, baina beraien lurretan egin dute, udalari inongo baimen eta jakinarazpenik ez egiteko. Guretako AHTren zundaketa batek obra baimena behar du, ezin duzu besterik gabe egin. 

Udal gehienak eta lur jabeek baimena ukatuta, nolaz ari dira egiten? 
Maria Chivite Navascues lehendakariak prentsaurreko batean esan zuenez, "halako ingeniaritza juridikoa", zuzenean azpijoko bat, erabiliko dute urgentziazko figura erabiliz. Urgentziazko prozedura bat denean, udalean baimenik ez dute behar. Okupazioak ere egingo dituzte, aldi baterako jabeen edo udalen baimenik gabe. Dena den, hori ere egiteko udalari jakinarazi behar zaio urgentziazko prozedura dagoela, zertan oinarritzen den... Hori guztia ere ez dute jakinarazi eta zuzenean zundaketa bat egiten hasi dira. 

Dermioko bideetatik makinaria ibiltzeko baimena behar izaten da?
Hainbat udaletan dermioko bideen inguruko ordenantzak daude. Esaterako, Uharte Arakilen orain dela gutxi onartu dute. Eta Otxobiko kontzejuak halakoa dauka, ezin direla pisu handiko ibilgailuak ibili. Otxobiko Kontzejuak enpresari bere dermioko bidetan ibiltzea debekatu dio. Hala ere, pasatu dira. 

Eta horrelakoetan, zer? 
Otxobiko kontzeju buru Mirari Zestauk Foruzaingoari hots egin zion txosten bat egin zezan. Eta, beste aldetik, enpresari eta ministerioari jakinarazi diete Otxobiko dermioko bideen erabilera ez dietela utzi nahi. Agian urgentziazko prozedurarekin horren gainetik ere pasatu daitezke, baina ez dakigu. Gaur-gaurkoz ez dute inongo jakinarazpen edo baimenik eskaerarik egin. 

Sakanan zenbat zundaketa aurreikusten ziren?
30 pasa. Gogoratu Goierrin eta Itzan ere aurreikusiak dituztela. 

Zundaketak Otxobin, kezka?
Zundaketak ezinbestekoak dira AHTren prozedura luze eta negargarrian aurrera egiteko. Izatez obra egiten hasteko lehenbiziko pauso serioa dira. Horregatik jendeari esan diogu adi egon dadila eta batu daitezela zundaketen kontra. 

Nola egiten da zundaketen kontra?
Lehenik eta behin, orain arte egin dugun bezala, bai jabe pribatuek, udalek baimenak ukatzea. Ura eskatzen badute, ukatzea. Dermioko bideen erabilera arautzen dituzten ordenantzak baldin badaude, ukatzeko haiek baliatzea. Eta herri mugimenduaren erresistentzia baketsua, desobedientzia zibila ere izan daiteke.

Protokolo bat ere baduzue. 
Balizko zundaketa bat ikusten dugunean 656 111 130 telefono zenbakira hots egin. Edo, zuzenean, udalari jakinarazi. Beraz, zundaketa bat ikusten baldin badugu, hurrengo egunean herri horretako plazan informazio batzarra egin eta egoera aztertuko da. Sakandarrei zundaketen kontra adi egotera deitzen ditugu, paseatzen ibiltzen direnak aktibo egon daitezela. Guk hainbat tresna erabiliko ditugu legalak eta herri aurkaritza zundaketen kontra.