Arruazuko Udalaren aurrekontuak 188.514,94 euroko diru sarrerak eta 161.368,40 euro gastuak ditu. 2024aan baino 33.600,24 euroko sarrera eta 12.129,19 euroko gastu gehiago. Gorka Ovejero Ganboa alkateak azaldu duenez, aurrekontuaren hazkundea baso aprobetxamendu baten salmenta bati lotuta dago.
Alkateak jakinarazi duenez, udalak Arozarena etxea eta lursaila erosi ditu. Jose Mari Satrustegi kaleko 3. zenbakidun eraikina dira udalak erosi duena. 145 metro karratuko azalera du, lursailak, berriz, 248 metro karratu eta 14 dezimetro ditu. "Egun udalak duen biltegia txiki gelditu da eta premia dugunez, hasiera batean, biltegi gisa erabiliko dugu. Aurrera begira etxebizitzak egin nahi genituzke. Lau egiteko aukera ematen du eraikinak", esan du alkateak. Eta zehaztu du epe motzean ez dutela halakorik eginen. Bitartean, erositako etxebizitzaren energia eraginkortasun txostena egin eta Eraikinen Ikuskapen Teknikoa pasa beharko du.
Disuasio aparkalekua
Udan eta opor garaietan batez ere, Arruazun ibilgailuen trafiko handia dago. Jendeak nonahi aparkatzen du, arbazuarren etxeen ateen kontra askotan. Egoerarekin nekatuta, Arruazuko Udalak herriko sarreraren ondoan disuasio aparkalekua egitea erabaki du, bisitarien eta arbazuarren arteko erlazioa hobetuko duen esperantzaz.
Disuasio aparkalekua egin nahi den lur saila iparraldean Sakanako Autobia (A-10) du, ekialdean herriko sarrera, hegoaldean Lakuntzara daraman Mutiobide eta mendebaldean autobideko irteera. Zuhaitzez betetako partzela da eta han hondakinendako etxola dago.
Aparkalekuaren iparraldeko muga autobiatik 30 metrora legoke, eta bien arteko eremua zuhaitzez beteta mantenduko litzateke. Udalak 24 auto aparkatzeko tokia egin nahi du. Plaza horietako hiru mugikortasun mugatua duten pertsonendako lirateke. Gainera, beste hiru plaza autokarabana, autobus edo kamioiendako lirateke. Lursailak 2.100 metro karratu ditu eta aparkalekua egiteko dauden zuhaitz guztiak eta lur geruza bat kenduko da kaskailua zabaltzeko. Aparkatzeko plazak lurrean jarritako trabesek mugatuko dute. Moztutako zuhaitzen zainak ez ateratzeko zoruan geotestilezko geruza jarriko litzateke. Bestetik, euri urak jasotzeko beharreko kanalizazioa eginen litzateke, eta aparkamenduak beharrekoak dituen gainerako seinaleak, argiztatzeko lau farola eta azpiegiturak jarriko dira.
Aparkalekua egiteko Arruazuko Udalak Nafarroako Gobernuaren baimena behar du eta, horretarako, harremanetan daude. Bide batez, harreman horiek baliatuko ditu Bidezar kalean beste aparkaleku bat egiteko baimena eskatzeko. Autobiarako irteeraren ondoan, errepide zaharreko zati bat dago, gaur egun erabiltzen ez dena eta han sei bat auto aparkatzeko aukera dagoela uste du udalak. Azkenik, elizaren ondoan beste hamabost bat autorendako aparkalekua egin nahiko luke udalak. "Horiek ostatuko bezeroei begira", zehaztu du alkateak.
Estalpea, eta lanak
Udaletxearen eta elizaren artean estalpea egin nahian dabil udala. Proiektua egin eta dirulaguntza deialdira aurkeztu zuen, baina ez zuten onartu. Ganboak azaldu duenez, "estalpearen proiektu berria lastailerako izanen dugu eta Cederna Garalurren bidez Landa Garapeneko Programako dirulaguntza deialdira aurkeztuko dugu".
Ebazpena iritsi bitartean, udalak ostatuaren eta elizaren arteko euri urak bideratu beharko ditu. Bestetik, estalpea etortzen denera, zahartuta dagoen haurrendako jolas parkea nola eta non jarri erabaki beharko dute arbazuarrek.
Bestalde, Iturralde elkartearen hegoaldean dagoen putzu septikoa kentzeko proiektua egin du Nilsa enpresa publikoak. Lanak heldu den urtean egin nahi lituzke. Putzua kenduta, Arnazko zubiaren ondoan punpa jarri eta haren bide Arruazuko ur beltz guztiak Lakuntzako araztegian bukatuko dute. Horretaz aparte, Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planeko dirulaguntza deialdira Arruazuko Udalak ez du eskaerarik aurkeztuko. Bestelako lan bat badu udalak esku artean: web orri bat egitea.
Hirigintza plana
Arruazuko hirigintza plana 1991koa da eta, dirudienez, azkena izanen da. "Udala 2012an berritzen saiatu zen, baina atzera bota zuten, herrian dagoen uholde arriskuagatik", argitu du alkateak. Arriskuak bere horretan jarraitzen duenez, arbazuarrek ez dute uste hirigintza plan berri bat onartuko dietenik. "Jakinik ezin izanen dugula berria egin, ahal den guztiak gaurkotu nahi genuke, mugak baititu. Material berriak sartu, lurren baldintzak eta beste begiratu beharko dira". Helburu horrekin, Arruazuko Udala foru administrazioarekin hizketan hasi da.
Udalak ostatua errentan eman du, baina aurretik 12.000 euroko inbertsioa egin du. Hala, sukaldeari eta tabernari errepasoa eman dio, eta aldamenean zegoen medikuaren kontsultako egongela ostatuarendako biltegi bihurtu du. Kontsulta zenari, berriz, beste erabilera bat emanen diote, arbazuarrak egoteko txokoa bihur daiteke.