Ekainaren 27rako gogotsu zeuden Naia Satrustegi, Iraide Betelu eta Edurne Satrustegi arbazuarrak. Egun horretan hasi baitziren San Pedro festak Arruazun; lehenengo eguna gogokoena dela esan dute hiru gazteek: "Ermita hoberena da. Han dagoen giroa, herri guztia biltzen da...". "Orokorrean", festa giroa "pizten duena" dela esan dute. Herriko zortzikoaren momentua ere nabarmendu dute.
Zer egiten dute Arruazuko festetan? "Jan, edan, auzolan dezente...". Eta bada festetan ere beste ekitaldi bitxi bat: Ubelde jaitsiera. Igandean,San Pedro egunean, egin zuten, eta "txalupa" lasterketa bat dela esan daiteke.
"Gure gurasoek egiten zuten; aurreko urtean esan genuen, egingo dugu!"
"Gure gurasoek egiten zuten gauza bat da. Beraiek egiten hasi ziren. Gauza asko antolatzen zituzten. Txikiak ginenean txalupan eramaten gintuzten", azaldu du Naia Satrustegik. Denborarekin Ubelde jaitsiera egiteari utzi zioten, "lana, haurrak eta abar zela eta", eta gazteek urteak zeramatzaten esaten berriz antolatu behar zutela: "Eta aurreko urtean esan genuen, benga, ja! Jarri ginen eta antolatu genuen".
Txalupak
Egitasmoa berreskuratzen saiatzen ari dira herriko gazteak: "Aurreko urteko bileran proposatu genuen, eta hasieran uste zuten ez zela aterako, parte hartzerik ez zuela izango... Egin genuen eta txalupa dezente egon ziren", azaldu du Edurne Satrustegik. "Esperimentu" bat izan zela gaineratu du Iraide Beteluk. Zazpi bat txalupek parte hartu zuten, eta Iruñetik ere etorri zirela esan dute.
Ekaina hasieran txalupa prestatzen hasi behar ziren, baina aste bat baino gutxiago gelditzen zenean, oraindik "hasten" ari ziren. Nola egiten da txalupa bat? "Gehienbat poliespana erabiltzen dugu. Poliespana, paleak eta bidoi urdinak". Imajinazio pixka bat ere behar dela esan dute. "Aurten tematikak jartzen hasi gara", gaineratu du Iraidek, "aurreko urtean lehenengo iristen zenak irabazten zuela izan zen, eta aurten txalupa bakoitzak tematika bat izango du". Aurreko urtean egon zen txaluparen bat "ez zena txalupa, eta minutu pare batean beste puntan zeuden", esan du Edurnek; "orduan pentsatu dugu txalupa bakoitzak tematika bat izatea eta mozorroturik joatea". Espektakulua emana dago.
Araurik ez
Txalupa bakoitzaren gainean "bost edo sei pertsona" joaten dira, "bakoitzak nahi duena". Jaitsieran parte hartzeko araurik ez dagoela esan dute. Koxkotik Ubeldetxabalera jaisten dira txalupak: "Hasten gara Koxkon, zubitik pixka bat gorago dagoen leku bat. Hor hasi eta beheraino; alde batetik bestera joaten diren harrietara", azaldu du Naiak. Aurreko urtean espero baino jende gehiago hurbildu zen jaitsiera ikustera; zubitik ikus daitekeela esan dute. "Kanpoko jendea etorri zen ere". Lehenengoa jaisten denak irabazten du, baina sari morala da, ez baitago saririk. Ongi pasatzea da saririk hoberena.
Uraren emaria baliatuz, arraunean... Nola jaisten dira txalupak? "Denetarik pixka bat. Badira ibaiaren zenbait zati txalupa ez dela pasatzen eta hor bai lagundu behar dela...". Joan den urtean parte hartu zuten batzuk "buzo batekin" joan zirela esan dute: "Aletak eta abar zeramatzaten eta oso azkar egin zuten dena, txalupa bultzatzen". Aurreko urtean txalupa bakoitzeko pertsona bat uretan zegoen bultzatzen laguntzen, baina aurten denak txaluparen gainean egotea nahi dute, "eta paseo moduan egitea".
Arruazuko festak "herritik herriarendako" egiten diren festak dira
Arruazuko festak herritik herriarendako egiten diren festak direla esan dute gazteek; "auzolanean". Denendako "zerbait" egiten saiatzen direla esan dute. "Azkenean, herri txiki bat da eta denendako gauzak egon behar dira". Gazteendako gauza gehiago egotea saiatzen ari dira ere, eta aurten, esaterako, Elektrokela Elektrotxaranga izan zela nabarmendu dute.