Udako unetxoak

"Festetako San Pedro erromeria udako momenturik onena da"

Maider Betelu Ganboa 2025eko abuztuaren 1a

Amets eta Unai Satrustegi, San Pedro erromerian ardo barkilloa edaten.

Amets eta Unai Satrustegi arruazuarrek argi dute festetako erromeria "eta atzetik datorren guztia" udako onena dela

Unai Satrustegi Elizabeitia eta Amets Satrustegi Bakaikoa lehengusuak dira, eta lagunak. Iturgain elkartean jarri dute hitzordua. Toki ederra da, are gehiago atzean duen lorategia, zuhaitzez eta itzal goxoez josia. “Arratsaldero ateratzen gara kafea hartzera, eta hori ere udako momentu bikaina da. Elkarte atzeko belardia elegantea da horretarako, udarako txoko ederra. Toki berezia da, udarako ikusgarria, baina guretako Arruazuko festen lehendabiziko eguna da udako momenturik onena”. 

Ardoa, barkillotan
Festetatik “dena” gustatzen zaie, baina festetako lehen egunean San Pedro ermitara igotzea eta ermitako auzatea dute gogokoen. “Herri guztia igotzen da ermitara. Jende guztia pozik dago; festetako lehen eguna da, eta jendea gogoekin dago. Baserritarrez janzten gara, eta kanpoko gure lagunak gonbidatzen ditugu. Ongi pasatzen dute, hori esaten digute, behintzat”. Auzate ederra ematen du herriak: gazta, brasan egindako txistorra eta urdaia, eta, noski, Arruazuko zilarrezko barkillotan banatutako ardoa. “Lehenengo barkilloa kosta egiten da, baina besteak oso ongi sartzen dira. Kontuz ibili beharra dago, bestela...”. Buuzei izatea dagokionak banatzen du ardoa. “Aurten Metxiñarenako Jesus Mari zen buuzei, eta berak banatu zuen. Urtero etxez-etxe aldatzen joaten da kargua. Gure aitek egin zuten, gu gazteago ginela”. 

"Festetako lehen eguna da, eta ermitako auzatean jende guztia pozik dago, gogoekin"

Gero herrira jaisten dira, eta Arruazuko zortzikoaren txanda da. Txikitan ikasi zuen Unaik, Aitor Kanpionekin, ikastaro batean. Ametsek bere kabuz ikasi zuen, aurrekoei begiratuta eta bideotan. “Aurrekoei jarraitu, ez haztapatu eta nahiko. Bukatzen denean, gaindituta” dio Unaik. Ondoren elkartean afaltzera biltzen dira, eta segidan festetako ostiraleko parranda hasten da. “Urteroko ostirala da, baina beti du bere xarma. Guretako egun hoberena da, eta uste dut arruazuar gehienendako ere hala dela. Parranda eguna argitu arte luzatzen baduzu, esku pilotara edo futbolera aritzea tokatzen da. Hori izaten da festen beste momentutxo bat. Aurten goizeko zazpi eta erdietan hemen geunden, makarroiak jaten”. 

Udako une berezi hori usain batekin lotzen ote duten galdetuta, “brasen usaina” etortzen zaie burura, eta kolorea galdetuta, “gorria; barkilloetako ardoarena, erromeriaren arratsalde eta iluntzearena...”. 

Festa eta auzolana
Arruazu herri txikia izanik, festetan disfrutatzeaz gain, lan egitea tokatzen zaie baita ere. “Arruazun dena egiten da auzolanean. Festak baino lehen kioskoa prestatzen dugu, eta ubeldeko jaitsiera egiteko ubeldeko bidea garbitzen dugu, sasiak kendu, ibaiko harrietan taulak jarri... Ostiraleko afariko mahaiak prestatzen ditugu, eta larunbatean badaramatzagu hiru urte gazteen afaria prestatzen. Aurten 60 inguru bildu ginen, Elektrokela Elektrotxarangakoak ere bai. Oso giro polita jarri zuten”. Bestelako lanak ere badaude: eguneroko auzateak, afariak, asteleheneko paella... Aurten sei txalupa inguru prestatu ziren ubelde jaitsierarako. “Oso ongi pasatu genuen, giro onean. Eguzkia, ubeldean egoteko primerakoa. Metxiñarenakoen txalupan barbakoa jarri zuten, eta garagardoak eta brotxetak trukatu genituen” diote, irribarrez. Aurtengo festak “eleganteak, oso onak” izan dira. “Gainera, eguraldi ona egin zuen, beroegi, agian”. 

"Oroitzapenak onak dira. Ostiraleko nerbio horiek, festak hasi baino lehenagokoak..."

Urtean zehar udako momentuarekin gogoratzen dira, “asko”. “Oroitzapen onak dira. Ostiraleko nerbio horiek, festak hasi baino lehenagokoak...”. Ermitara joan baino lehen, bazkaria egin zuten elkartean, “baina lasai ibiltzen gara. Aurten mojitoak prestatu genituen. Arratsaldean, egin beharrekoak bukatu, eta ermitarantz abiatu ginen. Ermitaren unetxoa da onena, zalantzarik gabe. Gainera, ermitara igotzen eta jaisten beti gertatzen da pasadizoren bat. Aurten traktorean jaitsi ginen, esaterako”. 

Sanpedroek, nolabait, udako hasiera iragartzen dute. “Bai, datorren guztiaren irteteko pistola-tiroa dira: sanferminak, Irurtzungo festak, Hatortxu... eta uda bukatu aurretik datozen beste festa guztiak”.