Arruazuko Udalak bere burua Euskal Errepublikaren parte dela deklaratu zuen atzo, irailak 15. Ehun kolektiboak aurkeztutako mozioa bere egin zuen. Idatzi horri jarraituz, Arruazuko Udalak "baieztatu du espainiar eta frantziar estatuen parte garen bitartean ezin izango dugula herritar guztien aldeko legedirik aurrera atera. Ondorioz, Euskal Errepublika herritar guztion ongizaterako derrigorrezko erreminta dugula diogu". Gaineratu zuten, "errepublika hau, eskubide guztiak denondako ziurtatzeko derrigorrezko erreminta dela diogu".
Ehun kolektiboak argudiatu du udalak direla herritarrengandik gertuen dauden erakundeak. "Udalek inork baino hobeto ezagutzen dituzte herritarron taupada eta beharrak. Hala ere, askotan, herritar guztion interesak babesteko erremintarik gabe daude. Gehiegitan, legediak, denon interesak babestu beharrean, gutxi batzuen interesak babesteko eginak daude. Udalen beharretatik urrun sortzen da legedia. Zer esanik ez Euskal Herriko udalen kasuan".
Kolektibotik gaineratu dutenez, "udalak herritarren interesak babesteko baliabiderik gabe daude sarriegitan". Haien iritziz, "udalek herritar guztion zerbitzura dagoen legedia behar dutela; horrela bakarrik egin ahalko baitute inongo mugarik gabe herritar guztien alde". Ehuneko kideen iritziz, "legedi herritar hori espainiar eta frantziar estatuetan ezinezkoa da lortzea". Horregatik, euskal errepublikaren alde egiteko eskatu diete udalei.