Astekaria

"Festetako San Pedro ermitako merenduan urdaia da gogotsuen dastatzen dena"

Maider Betelu Ganboa 2026ko ekainaren 29a

Pello Betelu Ganboa, festetako San Pedro ermitako erromerian parrillari buelta ematen.

Pello Betelu Ganboa Arruazuko herriko auzateen parrillaren arduraduna da.

Arruazuko San Pedroak ekainaren 26an hasi ziren, festetako ostiralean San Pedro ermitara egiten den erromeriarekin. Santuaren aldeko meza elizkizunen ondoren merendu ederra prestatzen du herriak. Gazta eta ardoaz aparte, parrillan prestatzen diren urdaia eta txistorra dira bildutakoek gustura dastatzen dituztenak. Pello Betelu Ganboak urteak daramatza parrillaren arduradun.

Noiz hartu zenuen parrillaren kargua?
Udalean lehen aldian sartu ginenean, 20 urte pasatxo. Ordura arte San Pedro festen bezperan ermitan gazta eta ardoa partitzen zen. Lehen aldiz udalean egon nintzenean ermitan parrilla jartzea erabaki genuen. Niri hor ibiltzea gustatzen zait, eta auzolanen truke hor egoten naiz.

Herriaren aldeko zure auzolanak festetan eta sanjuan bezperan parrillaren kargu egotea dira? Hasierako urteetan boluntario egoten nintzen, baina beranduago udaletik esan zidaten beti parrillarekin egoten nintzenez auzolanaren truke egingo genuela. Bestela ere, ez litzaidake asko axolako parrillan egotea.

Arruazuko parrilla nolakoa da?
Parrila normala da. Hasieran burni txiki batzuk prestatu genituen parrillarako, harri batzuen gainean jarrita. Baina brasa oso ondoan gelditzen zen, eta haragiaren grasa edo koipea lasatzen hasten zenean sutan hasten zen. Sutik kendu behar genuen gero jarri... Altura pixka bat eman behar geniola ikusten genuen. Garai batean Iturgain elkarteak iturrian barra bat muntatzen zuen festetarako, eta iturrian jartzen zen barra edo mostradore hura udaletxeko Kotxeran zegoen gordeta, hautsa pilatzen. Barra hura aprobetxatu genuen eta aldamio batekin bi alturetan jarrita, parrilla prestatu genuen. Nahiko errudimentarioa da, baina funtzionatzen du. Parrilla gora jasotzen duzu hala behar denean, eta ongi helduta geratzen da.

Jendeari zer gustatzen zaio gehiago, txistorra edo urdaia?
Urdaia esango nuke, txistorra ohikoago delako. Gainera, urdaia brasan jatea ez da zartaginean egindakoa jatea bezala; ez du zerikusirik. Lehendabiziko txistorra prestatzen dugu, apropos, bestela txistorra soberan gelditzen delako. Eta ondoren urdaia. Ermitako merendurako uste dut 15 kilo urdai, 5 kilo txistorra eta zortzi gazta banatzen direla, halakoren bat. Eta eztarritik ongi pasatzeko ardoa, Arruazuko zilarrezko barkilloetan, ura eta freskagarriak.

Normalean dena bukatzen da?
Bai. Egun horretan ez dago kolesterolik, dietarik ez ezer (kar-kar).

Noiz pizten duzue sua?
Kontrolatuta dugu, sua bi ordu lehenago egiten dugu, horrela brasa dezentea dugu. Gainera, brasa atera eta bazter batean uzteko aukera dugunez, brasa gehiegi badago, soberan dagoena atera eta listo.

Zein da parrillaren sekretua? Brasa ona izatea eta...
Gainean egotea. Uneoro gainean egotea.

Parrilleroak zerbait jateko tartea izaten du?
Asko ez dut jaten, egia esan. Parrillan hasi baino lehenago gazta puskaren bat jaten dut, eta gero lanera. Baina esaerak dioen bezala, banaketan dagoenari zatirik onena tokatzen omen zaio (kar-kar). Parrilla berean ateratzen dira oso eginak dauden zatiak, horren eginak ez daudenak... Erretilura ateratzen ditugunean prestatzen gaudenendako pusketa batzuk uzten ditugu, gutxienez kapritxoz jateko, bakoitzari gustatzen zaion moduan.

Gehiago eginda, gutxiago... nola gustatzen zaizu?
Niri urdai txigortuak ez zaizkit gustatzen, baina jende askori karras-karras egitea gustatzen zaio. Hozkatu eta gutxienez ez dadila urdaia hautsi, hala gustatzen zait niri. Batzuk nahiago dute beltza bezalakoa egotea. Niretako, ordea, horrek ez du graziarik. Prestatzen gaudela, pixka bat txigortuta dagoela ikusten dugunean ateratzen dugu urdaia.

Parrilleroaren laguntzaileak nortzuk dira?
Patxi Satrustegi, Jesus Mari Ganboa, Aitor Satrustegi, Fermin Goñi, Eugenio, udalekoak... eta arrimatzen den edonor. Jendea ez da falta laguntzeko.

Arruazun kargu bat duzue herritarrek, urtero etxez etxe pasatzen dena, urrenkeran: buuzeya, beste herri batzuetan almiante esaten zaiona. Buuzeyak festetan ardoa banatzen du. Parrillaren ardura duzunez, zuk ezingo duzu.
Urte batzuk pasatu ziren etxean tokatu zitzaigunetik, eta orduan alabak ibili ziren. Buuzeyak festetan ardoa banatzen du, eta urtean zehar udalak egiten dituen abisuak edo notak etxez etxe banatzen ditu: auzolanak, herri batzarrak, kultur ekitaldiak...

Festetako igande gauean parrillada duzue afaltzeko.
Igandean herri bazkaria egoten da, eta gauean parrilla, baina kanpoko catering bat etortzen da, Euskal Parrilla. Udaletxeak mahaiak jartzen ditu eta beraiek zerbitzatzen dute.

Festetako azken egunean bazkaltzeko, herri paella. Hor ere ibiltzen zara?
Duela urte batzuk azken egunean kuadrillen bazkaria egiten genuen. Baina azkenaldian bizpahiru kuadrilla biltzen ginen, beste batzuk esaten ziguten ez zutela jenderik... eta Aitor Satrustegirekin hizketan pentsatu genuen: “eta denondako paella batzuk egiten baditugu?” Udalarekin hitz egin genuen, baiezkoa eman, galdegin ziguten ea boluntarioak bagenituen eta Aitor eta biok atera ginen. Gero jendea batu zitzaigun laguntzera, eta Fermin, Eugenio... eta inguruan dagoen jendea hurbiltzen da. Batzuek mahaiak jartzen dituzte, beste batzuek entsalada prestatu... 20-30 lagun elkartzen gara.

Paella, haragizkoa edo arrainezkoa?
Oilasko paella egiten dugu beti. Arraina, ekonomia, badakizu! (kar-kar). Bazkariarengatik 5 euro kobratzen hasi ginen, eta orain 10 euro kobratzen dugu. Entsalada, paella, izozkia eta kopa. Elkarteak bi paellera handi ditu, guk beste bat, eta beste etxe batetik beste bat ekartzen dugu. Guztira 11 kg arrotz prestatzen ditugu.

Arruazuko festetako zein momentu gustatzen zaizu gehien?
Ermitakoa. Festetako ostirala. Festak topera hasi, eta beste egunetan martxa jaitsita aritzen gara. Zortzikoa dantzatzen dudan? Ez, erretiratu nintzen. Ermitatik jaitsita, dutxatu eta ni ateratzeko jada zortzikoa bukatuta dago. Gero batzen naiz festara, eta gustura aritzen gara.