Iruñeko egongela Gaztelu Plaza bada, Arruazukoa Kale Haundiko jardina da. Inguruetako etxeetako arruazuarrek euren aulki, besaulki, mahai eta bestelako trasteak atera, eta udako zaletasun nagusiena bertan patxada ederrean egotea izaten da. Batzuek irakurtzen, besteak lasai hitz egiten, kartetara edo partxisera jokatzen, josten eta, bateon bat, lokuluxkaren bat egiten. Paradisu txiki bat da, kanpotarrei atentzioa ematen diena.
Metxiñenekoak izaten dira euren etxe parean eta jardinean toki handiena hartzen dutenak, familia handia baitira. Milagros eta Jesus Mari Ganboa anaia-arrebek eta Aitor Kanpion Ganboa ilobak diotenez, Kale Haundiko jardina deitzen diote zuhaitzez inguratutako plazatxo honi. Jesus Marik oso argi du: "udan zein den gure zaletasuna? Itzala". Eta itzal bikaina eskaintzen die jardinak.
Lehengo plaza hura
Lehen ez zuen gaurko itxura. "Txikiak ginela ezberdina zen, ez zegoen jardinik ez belarrik. Lurra, lohia zen. Gaur egungo zuhaitzak plataneroak dira, baina lehen akaziak zeuden" gogoan du Milagrosek. Jesus Marik kontatu duenez, "etxe bakoitzak bere atariaren parean egur epaitzak izaten zituen, plazatxoan. Erdian jartzen ziren egur tontorrak, eta trontzarekin aritzen ginen, di-da. Ume guztiak gora eta behera aritzen ziren. Jendea freskora ateratzen zen". Emakumeak, nonbait, ez horrenbeste. "Hoberenean, gauean pixka bat. Baina arratsaldean kalean egon, sekula ere ez" dio Milagrosek. Padrerenako Juana Ganboak oso ongi oroitzen ditu egur epaitzak. "Dena den, gure etxe parean beti norbait egoten zen". Bestelako garaiak ziren. "Oiloak kalean aske ibiltzen ziren; etxe bakoitzak kolore bateko zinta jartzen zien, gero gauean biltzeko" oroitzen du Milagrosek. "1953. urteko argazki batean hala ikusten da. Metxiñeneko atean agian 20 haur ageri ziren. Etxe horrek imana du" egiten du irribarre Aitorrek. Herriko etxe txikienetakoa da, baina jendetsuena.
Urteek aurrera egin, eta plazatxoak egun duen itxura hartu zuen. "60. hamarkadan izango zen, 1965 aldera. Duela 60 urte pasatxo" dio Jesus Marik. Ordutik, etxe bakoitzekoak bere atari parean jartzen dira jardinean: Metxiñarenakoak, Portarenakoak, Padrerenakoak, Martxorenakoak, Miltorenakoak, Juanmentzarenakoak, Txuriarenakoak... eta ingurukoak. Aulkiak hara eta hona mugitu, eta azkenean talde handiak sortzen dira, giro ederra. "Padrerenako Joxe Mari bizi zenean bere etxe pareko bankuan eseri eta hara hurbiltzen zitzaizkion Tomas Argiñarenakoa, Pello Barbarenakoa, Jesus Mari Metxiñarenakoa, Alfredo Txuriarenakoa... Padrerenako fakultatea zen hori. Izan ere, Arruazuko unibertsitateak bi fakultate zituen: Padrerenako bankua, eta Borda Txikiko Cristobalekin markesinan biltzen zen taldea, Borda Txikiko fakultatea" egiten du txantxa Aitorrek.
Aitor Kanpion Ganboa: "Kalean bizi gara. Ez duzu inorekin geratu behar, ez duzu inora joan behar... kalera atera, eta, azkenean, beti ateratzen da norbait"
Bizitza kalean
Metxiñarenakoak eguraldi ona hasteko irrikaz egoten dira bizia kalean egiten hasteko. "Askoz ere erosoago gaude kalean etxean baino" argi du Milagrosek. "Uda bukatzean urtero ateratzen ditugu kontuak: zenbat egunez egon gara gauean kalean afaltzen? Aurten, dagoeneko marka guztiak apurtu ditugu" kontatu du Jesus Marik.
Arruazuarrak oso gustura egoten dira jardinean, itzalpean. Bakoitzak bere zaletasuna garatzen du. Lourdesek irakurri, Padrerenakoak eta lagunak musera, briskara eta partxisera jokatu, haurrak iturriko herriko keinuan urarekin jolastu, jostunek josi, eta gainontzeko guztiak patxada ederrean egon. Eta afari-meriendak egin.
Kanpotarrei atentzioa ematen die, egongela handi bat baitirudi. "Burundesako txofer batek esaten du bere jubilazioan Arruazun bizi nahiko lukeela, hobe ez dela biziko" irribarre egiten du Milagrosek. "Etxeko atetik ateratzen zarenean jada kalean zaude. Arruazun kalean bizi gara, inolako apururik gabe. Ez duzu inorekin geratu behar, ez duzu inora joan behar... kalera atera, eta, azkenean, beti ateratzen da norbait" dio Aitorrek.
Kale Haundiko plaza luxua da. Primerako egongela naturala, nahi duenarendako irekia, eta gomendagarria, bizitza bertan egiten delako. Gainera, Arruazu biziberritzen ari da; jende berria etorri da herrira bizitzera. "12 urtetik beherako 19 haur daude Arruazun. Hori asko da" aipatu du Aitorrek. Denak ongietorriak dira jardinean.