Urte batetik bestera Arruazuko Udalaren aurrekontua %83,10 handitu da, 156.669,64 euro gehiago kudeatuko ditu aurten. Aurrekontua, guztira, 345.184,58 eurokoa da. Gorka Ovejero Ganboa alkateak azaldu duenez, "aurrekontua kasik bikoiztu egin da estalpea egiteko asmoa dugulako". Izan ere, arbazuarrek 2021ean herriko estrategia plana egiterakoan premietako bat estalpe bat zen. Alkateak zehaztu duenez, "estalpea herriko etxearen eta elizaren artean egonen da, frontoiaren ertzean dauden zuhaitzen eta jolas parkeko zuhaitzen artean". Ovejerok herrian halako eraikuntza baten premia dutela jakinarazi du: "herrian, kalean, ez dago aterperik. Kalean egon nahi duten haurrak euri egunetan kioskoan egoten dira gaur egun. Festetan euria eginen balu aterpean gordetzeko aukerarik ez dago". Gaineratu duenez, "aterpea izateak aukera emanen liguke kontzertuak edo emanaldiak antolatzeko".
Alkateak azaldu duenez, "estalpeko lanak baliatu nahi ditugu tarte horretan euri urak jasotzeko sarea egiteko, ez baitago". Horretaz aparte udalak beste asmo bat ere badu: "udaletxeari itsatsia dagoen eta kontsultategia hartu zuen eraikinaren izkinatik elizaraino oinezkoendako eremua sortu nahi dugu. Herriko etxearen eta ostatuaren parean zabalagoa litzateke".
Aipatutako parte hartze proiektuan oinarrituta, Arantxa Satrustegi arkitektoak estalpe proposamena egin zuen 2021ean. "Baina oso proiektu garestia da eta udalak ez du dirurik eta ahalmenik halako estalpe bat egiteko", jakinarazi du alkateak. Zurezko egitura izanen duela eta lauki luze bat forma izanen duela aurreratu du.
Estalpeak eta bestelako lan horiek 175.000 euro inguruko aurrekontua izanen dutela aurreikusi du udalak. Obra finantzatzeko Arruazuko Udalak Cederna-Garalur elkarteak kudeatzen duen Landa Garapeneko Programatik 60.000 euroko dirulaguntza jaso du. Lanak emateko deialdia egiteko, administrazio egitekoak ixten ari da udala.
Aparkalekuak
Arruazuko Udalak hiru aparkaleku egiteko asmoa du. Bata elizaren hegoaldean egonen da. Ostatura joaten diren bezeroendako pentsatutako aparkaleku horretan dozena bat autorendako tokia legoke. Ostatu parekoa oinezkoendako eremu bihurtzen denean han aparkatzen duten ibilgailuei egoki aparkatzeko aukera emanen die udalak.
Beste bi aparkalekuak egiteko Nafarroako Gobernuari baimena eskatu zion. Eta dagoeneko udalak foru administrazioaren baiezkoa jasoa du. Izan ere, egin nahi diren bi aparkaleku horiek Sakanako Autobiaren (A-10) ertzean daude. Bata herriaren ekialdean egin da, Bidezar kalean, autobiarako irteeraren ondoan. Han errepide zaharreko zati bat dago, gaur egun erabiltzen ez dena eta han sei edo zortzi auto aparkatzeko aukera dago. Beste aparalekua berriz, mendebaldean dago, Lakuntzara daraman Mutiobide dermioko bidearen parean, hondakinak jasotzeko etxola dagoen partzelan. Han 24 autorendako eta hiru kamioirendako aparkalekua aurreikusi du udalak. Autoendako plazetako hiru mugikortasun mugatua duten pertsonendako lirateke. Hori disuasio aparkalekua litzateke, jendeak herrigunean nonahi aparkatzen duelako, arbazuarren etxeen ateen kontra askotan. Batez ere udan eta opor garaian. Udalaren esperantza da aparkaleku horrek bisitarien eta arbazuarren arteko erlazioa hobetzea.
Hirigintza
Arruazun indarrean dagoen hirigintza plana 1991. urtekoa da. Herriak duen uholde arriskuagatik Nafarroako Gobernuak atzera bota zuen udalak plan berria egiteko 2012an abiarazitako prozesua. Indarrean dagoen plana eguneratzeko aholkatu zioten udalari. "Arauetan gaur egun erabiltzen diren material eta soluzio asko ez daude", gaztigatu du alkateak. Eguneratzeko lana egiteko dago.
Eta hori eginda, Arruazuko Udalaren asmoa da Nafarroako Gobernuari eskatzea herrigunea Lehentasunezko Birgaitze Eremu izenda dezala. "Hala etxebizitzak zaharberritu nahi dituztenek dirulaguntza handiagoak jasoko dituzte. Maiatzerako espero dugu izendapena", jakinarazi du alkateak.
Etxea eta beste
Udalak Arozarena etxea eta lursaila erosi zuen joan zen urtean. Etxe horren beheko solairua udal biltegi bihurtu du. Ovejerok azaldu duenez, "epe ertain edo luzera udalaren asmoa da goiko solairuetan etxebizitzak egitea. Gazteendako. Edo adinduendako. Zeren adineko pertsonak herrian dauden etxe handi horietan eta igogailurik gabe... Apika, premia izan dezakete".
Iturralde elkartearen hegoaldean dagoen putzu septikoa kentzeko proiektua egin du Nilsa enpresa publikoak. Putzua kenduta, Arnazko zubiaren ondoan punpa jarriko dute eta haren bidez Arruazuko ur beltz guztiak Lakuntzako araztegira eramanen dute. Nilsako ordezkariak lurjabeekin hitzarmenak sinatzen ari dira eta haien asmoa da lanak 2027an hastea.
Aipatutako zubira daraman bidearen ertzean, ubeldearen kontra, txipudi landaketa egin du udalak. "Ubeldea gainezka egiten duenez, han beste ezer landatzeko aukerarik ez dago. Beraz, hogei urtean behin handitutako txipuak moztu eta berriak landatzen ditugu", azaldu du alkateak

