Nafarroako Tokiko Prentsaren Elkarteak, Nafarpresek, bere baitan herrialdeko hamaika komunikazio proiektu elkartzen ditu: Calle Mayor, Valdizarbe, Mailope, Plaza Nueva, Donibane, Entreto2 Tierra Estella, Merindad, Mendixut, Ttipi-Ttapa eta Guaixe komunikazio taldea. Nafarpressek urtero Nafarroako Tokiko Prentsaren Jardunaldia antolatzen du. Aurtengoa bosgarren edizioa da eta, Guaixe Fundazioak antolatuta, Arruazun izanen da lastailaren 29an, Arruazuko Udalaren laguntzarekin. Jardunaldiaren helburu nagusia Nafarroako tokiko prentsa ikusaraztea da, baita komunikazioaren sektoreko profesionalendako topaleku izatea ere, batez ere tokiko prentsarekin lotura dutenendako.
Jardunaldiaren baitan sari banaketak izanen dira. Lehenik, II. Nafarpress Eskola Sariak banatuko dira. Eta, segidan, III. Nafarpres Sarien emaitzak jakinaraziko dira. Sariketara 109 lan aurkeztu dira eta Guaixe komunikazio taldea elkarrizketa onenari kategorian finalista da.
