Alfonbra gorri batek harrera egiten zion Nafarroako tokiko prentsako eta landa eremuaren inguruan lan egiten duten ordezkariei. Arruazuko Herriko Etxea galaz jantzi zen Nafarpres Elkartearen jardunaldiak ospatzeko. Bertan, komunikazio profesionalak, erakundeetako ordezkariak eta lurralde garapenarekin lotutako eragileak bildu ziren, gertuko kazetaritzaren erronka nagusiez hausnartzeko eta tokiko komunikabideen lana aitortzeko.
Sektorearen etorkizunaren inguruko gaiak landu ziren, baita informazio basamortuen sorrera, belaunaldi erreleboa, argitalpenen jasangarritasuna eta Nafarroako lurralde guztietan gertuko informazioa, zorrotza eta kalitatezkoa jasotzeko aukera bermatzeko beharra ere. Jardunaldietan ere Nafarpres III. Sariak banatu ziren eta II. Eskola Sariak banatu ziren.
Jardunaldiak
Nafarroako tokiko prentsaren jardunaldia 16:30ak aldera hasi zen, Arruazuko Herriko Etxeko ganbaran sortutako aretoan, eta Pantxika Lamur izan zen zeremonia gidaria. Kazetari bihurtu zen oraingoan Ainhoa Juanizen pertsonaia, eta esan zuen jubilatzean tokiko prentsan erreportari izanen zela eta ikasteko tokiko prentsaren jardunaldietan parte hartu zuela.
Guaixe Fundazioko kideek hartu zuten hitza, eta oholtzan agertu ziren Goizeder Anton Iturralde kudeatzailea, Eneida Carreño Mundiñano GUAIXE IRRATIko esataria eta komertziala, Gema Lakuntza Lopez administraria, Erkuden Ruiz Barroso kazetaria, Laura Olmos Aristoresna GK diseinu eta komunikazio zerbitzuko diseinatzailea, Maider Betelu Ganboa kazetaria eta Alfredo Alvaro Ganboa erredakzio burua. Aurkezpenean Itziar Gastearena Colmenero komertziala falta zen, jardunaldietan harrera ematen egon zelako. Antonek Sakanara, “gure etxera”, ongietorria eman zuen eta Arruazuko Udalari eskerrak eman zion. Tokiko prentsaren garrantzia goraipatu zuen ere.
Sandra Goldaraz Molinet Nafarpreseko presidenteak ongietorria eman zuen ondoren. Goldarazek tokiko hedabideen zeregina aldarrikatu zuen: herritarrek informazio egiazkoa eta plurala jasotzeko duten eskubidea bermatzea. “Ezin dugu lurralde kohesioz hitz egin informazio kohesioa ere bermatzen ez badugu, eta nekez hitz egin dezakegu lurraldeen arteko berdintasunaz, gure herrietan bizi direnek gertuko informazioa, zorrotza eta kalitatezkoa jasotzeko aukerarik ez badute”. Bestetik, tokiko prentsarekiko erakundeen konpromiso handiagoa eskatu zuen; horretarako, publizitate inbertsioa handitzea eta egonkortzea, 2027an Audientzien Azterlana berreskuratzea eta hedabide horiek landa garapeneko eta despopulazioaren aurkako politeketan txertatzea proposatu zuen.
Ongietorri instituzionala Victor Goñi Nafarroako Gobernuko Ezcurra Nafarroako Gobernuko Komunikazio zuzendari nagusiak itxi zuen. Gobernuko kide izan aurretik kazetari eta prentsako kide izan zela esan zuen, eta etorkizunerako publizitate inbertsioa handitzea aurreikusi zuen. “Egian elkartuko gara”, esaldiarekin amaitu zuen hitzaldia.
Tokiko prentsaren garrantzia
Egitarauak Iñaki Zabaleta Urkiolaren hitzaldiarekin jarraitu zuen. Kazetari, idazle eta ikertzaileak informazio basmortuez hitz egin zuen eta zenbait lurraldetan komunikabideak desagertzeak herritarrendako dituen arriskuez aritu zen. Hain zuzen, Amerikako Estatu Batuetako informazio basamortuei buruz hitz egin zuen, baita Hego Amerikan egindako ikerketa bat aipatu zuen ere. Tokiko prentsa eta hizkuntza gutxien arteko harremana ere aipatu zuen, izan ere, azken urtetan landu duen ikerketa laster aurkeztuko du.
Tokiko prentsaren jardunaldian ere aurkezpenak egin ziren ere, Mailope komunikazio proiektu berriaren kasu. Jon Urtasun Usoz Aralar irratiko esatariak hedabidearen historia eta etorkizunari buruz hitz egin zuen: hilabetekaria izatetik, mailope.eus webgunea eta Aralar Irratia biltzen dituen proiektua izatera. Gaur egun, Araitz, Betelu, Larraun eta Lekunberri hartzen dituen komunikabideak papera, irratia eta komunikazio digitala uztartzen ditu, eta etapa berri bat hasi dute irudia eta maketazio berriarekin, baita atal eta eduki berriekin ere.
Arratsaldeko bigarren aurkezpena Nafarpresen, Fundacion Caja Navarraren eta Rural Citizenen arteko lankidetza proiektua izan zen; Sandra Goldarazek, Fernando Urrak eta Ivan del Caz Nafarpreseko, Fundacion Caja Navarrako eta Rural Citizeneko ordezkariek, hurrenez hurren, egin zuten aurkezpena, eta tokiko hedabideen jarraipena mehatxatzen duten arriskuak identifikatzea eta proposamen zehatzak lantzea du helburu. Prozesu honetan sektorearen egoeraren diagnostikoa eguneratuko dute, hedabideak eta komunitateak entzungo ditu eta elkarlanean belunaldi erreleboa erraztuko duten eta informazio basamortuak sahiestuko dituzten erdu bideragarriak bilatuko dituzte.
Jarraian tokiko prentsaren eta komunikazioarekin, despopulazioarekin, landa garapenarekin eta hizkuntza aniztasunarekin lotutako politika publikoan arteko harremanari buruzko mahai ingurua izan zen; Jesus Maria Rodriguez Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusiak; Jabier Aracama Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak; Julio Iturri Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Kabineteko buruak, eta Gorka Ovejero Arruazuko alkateak eta eguneko anfitrioiak parte hartu zuten.
Sariak
Jardunaldiko une nagusietako bat Nafarpres III. Sarien banaketa izan zen. Nafarroako tokiko prentsarekin lotutako profesionalen, hedabideen eta eragileen lana, sormena eta ardura aitortzea helburua dute sariek. Aurten 108 lan aurkeztu dira, orain arteko kopururik handiena. Nafarroako errealitate soziala, kulturala eta ekonomikoa balioesten laguntzen duten kazetaritza lanak, argazkiak, diseinu editorialak eta publizitate lanak saritzen dituzte, eta hirugarren edizioko berrikuntza nagusia tokiko iragarle onenaren saria izan da, Nafarpres elkarteak tokiko hedabideak sostengatzen laguntzen duten enpresen eta establezimenduen konpromisoa aitortu nahi duen kategoria, publizitate inbertsioaren bitartez egin duten ekarpena nabarmenduz.
Erreportaje onenaren saria Plaza Nueva hedabideko David Preciado Laureosek jaso zuen, Cobertura XXIV Galardones AER lanagatik. Elkarrizketa onenaren sarian hiru finalistak Guaixekoak ziren: Alfredo Alvaro Igoak Jose Ignacio Ulayar Mundiñanori egindako elkarrizketa ("Beti gogoan eduki: hildakoa eta ondokoa pertsonak dira"); Erkuden Ruiz Barrosok Naroa Carrasco Machori egindako elkarrizketa ("Betidanik interesatu zait behetik egindako historia; jende arruntaren historia") eta Maider Betelu Ganboak Monica Zubillaga Anduezari egindako elkarrizketa ("Triatloi epaileena etengabeko formazioa da"). Pantxika Lamurrek esan bezala, saria Sakanan geldituko zen, eta azkenean Erkuden Ruiz Barrosok jaso zuen saria.
Diseinu editorial onenaren kategoriarekin jarraitu zuen sari banaketak, eta Navarra Capital hedabideko Gorka Morenok jaso zuen, Anuario Capital 2025 lanagatik. Argazkilaritzaren atalean Tokiko Hedabideetako Taldearen Argazki Onenaren saria Navarra Capitaleko Victor Ruizek irabazi zuen, Recolección del espárrago lanagatik, eta Unai Beroiz Nietok, Diario de Noticias egunkarikoak, Kanpoko Profesional baten Argazki Onenaren saria jaso zuen, Ibaiaren indarra / La fuerza del Río lanagatik.
Publizitatearen arloan, Merkataritza Publizitateko Kanpaina Onenaren saria Sandra Goldaraz Molinetek jaso zuen, Entreto2 Tierra Estella hedabidekoa, Ainhoa Egizabal kanpainagatik. Publizitate Instituzionaleko Kanpaina Onenaren saria La Voz de la Merindad hedabideko Endika Irisoriri eman zioten, ¡Hazte mecenas de la Merindad! kanpainagatik.
Azkenik, Tokiko Iragarle Onenaren saria, estreinakoz banatzen zuten saria, Xapatero Tabernak jaso zuen, gertuko prentsarekiko duen konpromisoa aitortzeko. Eneritz Karasatorrek eta Garbiñe Karasatorrek jaso zuten saria, establezimenduaren izenean.
Eskola Sariak
Tokiko Prentsaren II. Eskola Sariak banatu zituzten ere jardunaldian. Nafarpres elkarteak sustatuko ekimen honekin belaunaldi berriei gertuko hedabideak ezagutarazi eta kazetaritzarekiko interesa piztu nahi zaie, eta proiektuaren bitartez, ikasleak informazioaren arloko profesionalen lana hurbildu nahi die. Bigarren edizio honetan Nafarroako bost ikastetxeko ehun ikasle inguruko parte hartu dute: Lizarra Ikastola, Añobeko HLHIP, Barasoaingo Martin de Azpilcueta HLHIP, Betelu Araxes HLHIP, eta, estreinakoz, Lakuntzeko Herri Eskola HLHIP.
Eskola Sarietan Albiste Onenaren saria Lakuntzako Herri Eskolako Malen Peñak jaso zuen, eta Elkarrizketa Onenaren saria Barasoaingo Martin de Azpilikueta ikastetxeko Luka Arcillak jaso zuen.
Guztira, beraz, hiru sari gelditu ziren Sakanan.
Topaketa
Ana Ollok eman zion amaiera jardunaldiari. Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak ere sari bat eman zuen aurretik. Kontseilariak Toledon izandako tren istripuaren biktimak gogoratu zituen bere hitzaldiak, eta tokiko hedabideen zereginari buruzko hiru ideia nabarmendu zituen. Lehenik, tokiko grapenerako eragile eta lurraldetik hurbil dauden aktore gisa egiten duten lana azpimarratu zuen; bigarrenik, herriz herri, bailaraz bailara eta auzoz auzo egiten duten ekarpena eskertu zuen, gertuko eta kalitatezko informazioa ematen, eta, azkenik, ikasleei zuzendutako sariei lotuta, belaunaldi berriekin lan egitearen garrantzia nabarmendu zuen, bakearen eta bizikidetzaren balioak lantzea funtsezkoa delako “demokrazia bera indartzeko”.
Ekitaldiarekin amaitzeko sarituen eta parte hartzaileen talde argazkia egin zuten, eta bertaratukoendako Etxarri Aranazko Derry tabernak egindako auzatea izan zen. Topaketa honetan, komunikazio profesionalek, erakundeetako ordezkariek eta lurraldearekin lotutako eragileek harremanak estutzeko aukera izan zuten.