Arrakastatsua Patxi Ondarraren omenezko kultur astea

Guaixe 2008ko urtarrilaren 10a

Bakaikuko semearen omenezko kultur astea Jose Luis Erdoziak Burunda eta Bakaikuko euskararen inguruan emandako hitzaldiarekin hasi zen. Etxarriko euskaltzain urgazlea entzutera 30 bat pertsona bildu ziren. Urteko azken ostegun hartan ere erakusketa zabaldu zen. Omenduaren bizitzaren eta lanen berri ematearekin batera hainbat objektu erakutsi ziren, lihoa eta bere langintzaren ingurukoak eta beste hainbat. Haurren txokoa ere izan zen. Erakusketaren atal horrekin Bakaikuko euskararen hiztegia ezagutarazteko modua eman zuen. HitzaldiakIazko azken ostiralerako Bakaikuko jende larriak herriko kontuen berri eman zuen. 60 bat pertsonaren aurrean hizketatu ziren Agustin Lopez de Zubiria, Florentino Goikoetxea, Pedro Migel Kintana, Zakarias Kintana eta Iñaki Urteaga. Azken horrek herriko zenbait bertso zahar kantatu zituen, Santa Marinaren ingurukoa bata eta gertaera baten ingurukoa bestea. Itziar Zabaleta eta Josu Cabodevilla baztandarren eskutik bildu zirenek jakin ahal izan zuten Patxi Ondarra "lanean zorrotz, isila eta langilea" zela. Arkeologian eta megalitiko arloan "lan handia" egina zela Baztan eta Aralar aldean. Haiei lekukoa Migel Angel Sagasetak hartu zien eta Burundako historiaren pasarteak aletu zituen 30 bat pertsonaren aurrean. OmenaldiaBakaikuko Udalak kultur astea omenaldi batekin itxi zuen. Mezaren ondoren, udaletxean egin zen ekitaldian, hainbat herritarrekin batera, Patxi Ondarraren anai-arreba guztiak bildu ziren. Udalak zilarrezko katilu bat eman zion familiari. Katiluan Patxiren lana eskertzen zuen esaldia eta Bakaikuko armarria ageri dira. Omendutakoaren arrebak, Mari Cruzek esan zuen, "anaia oso apala" zela eta "omenaldia gehiegizkoa irudituko litzaioke". Omenaldian Andres Iñigo eta Sagrario Aleman euskaltzainak izan ziren. Aurrenak emandako hitzaldiarekin despeditu zen kultur astea. Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak Patxi Ondarraren inguruko hainbat anekdotaren berri eman zuen bere hizketaldian.