Kultur astea bete-betean

Guaixe 2007ko abenduaren 28a

Gaur ostirala, 19:30ean, auzatea izanen da Auzo gelan. Ondoren, Bakaikuko jende larriak hainbat pasadizo eta gertaera kontatuko dituzte, herriko euskaran. Hitza hartuko dute: Agustin Lopez de Zubiria, Florentino Goikoetxea, Pedro Migel Kintana eta Zakarias Kintana. EgitarauaBihar, berriz, Itziar Zabaleta eta Josu Cabodevilla baztandarrak etorriko dira Bakaikura. Biak ere Patxi Ondarrarein arkeologia lanak egin zituzten eta bakaikuarrarekin izandako esperientzien berri eta Aita Patxiren lanaren balioa azalduko dute. Hitzaldia 17:00etan izanen da udaletxeko aretoan. Larunbatean bertan, 19:00etan, Migel Angel Sagasetak, Urdiaingo apaizak, Burundako hainbat konturen berri emanen du beste hitzaldi batean. Domekan Bakaikuko Udalak Patxi Ondarra omenduko du. Lehenik meza izanen da, 12:00etan, eta ondoren, 13:00etan, herriaren etxean omenaldia izanen da. Segituan Patxi zenaren eta haren lanaren berri emanen du Andres Iñigok, Euskaltzaindiren Nafarroako ordezkariak. Ondoren udaleko kideek oroigarria bat emanen diote omenduaren familiari. ErakusketaPatxi Ondarraren omenez Bakaikuko Udalak prestatutako kultur astea astelehenean despedituko da erakusketaren itxierarekin. Atzodanik domeka bitarte, udaletxean omenduari buruzko erakusketa izanen da ikusgai. Ondarraren argazkiak, Bakaikuko euskarari buruz egindako lanetik ateratako zatiak, bere bizitzako pasarteak eta beste jasotzen dira bertan. Hau da ordutegia: ostiralean 19:00etatik 21:30era, larunbatean, 17:00etatik 21:30era eta domekan 11:00etatik 14:00etara. Patxi Ondarra Bidegileak bildumanEusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak karrikaratzen du Bidegileak bilduma. Euskararen alde lan egin duten pertsonen biografiak ematen ditu argitara Bidegileak bildumak. Berriki 49. eta 50. zenbakidun karpetak aurkeztu dituzte (bakoitzean 4 biografia daude) eta 49. karpetan bakaikuarraren biografia jasotzen da. Rosa Miren Pagolak idatzi du Bakaikuko kaputxinoari buruzko liburuxka. 26 orritan Patxi Ondarraren bizitzaren berri ematen da, hainbat argazkiren laguntzaz.