Independentziaren aldarria zabaltzen

Guaixe 2008ko urtarrilaren 30a

Larunbatean bi herrietako jendeaz gain, ibarrekoa ere bildu zen Bakaikura, independentzia eguna ospatzera. Goizean haurrendako jolas eta denborapasak izan ziren. Bakaiku eta Iturmendi lotzen dituen bigarren mailako errepide bazterrean dagoen transformadorean independentziaren aldeko leloa duen murala jarri zuten eta ondoren 40 pertsona bazkaltzera bildu ziren. Bazkal buruan bakarrizketak entzun, mus txapelketa (Arantxa eta Miren iturmendiarrek irabazi zuten) eta herri kirolak (bakaikuarrak nagusitu ziren) izan zituzten. ElkarretaratzeaGuk euskal nazioa, independentzia leloarekin bilkura egin zuten 50 pertsonek. Nabarmendu zutenez, "sorgin ehiza abiatu dute aukera independentistaren aurka". EAE-ANV legez kanporatzeko PSOE-k hartu duen erabakia "erabat politikoa" zela salatu zuten. Ziurtatu zutenez, "ez dute lortuko ezker abertzalearekin, aukera independentistarekin, amaitzea". Horretaz gain, "gure herriak behar eta eskatzen duen aldaketa politikoa bururaino eramateko determinazio osoa" azaldu zuten. Aldi berean, berretsi zuten "Nafarroa Bai eta Iturmendiko gestoraren inposaketaren gainetik, herriaren alde lan egiten jarraituko" zutela. Bilkuraren ondoren auzatea, afaria eta ordu txikiak arte iraun zuen festa izan ziren Bakaikun.