Bakaikuko EAE-ANVk prentsaurrekoan jakitera eman zuenez "martxoaren 12an, Nafarroa Bai-ko kideak sarraila hautsi eta abisatu gabe EAE-ANVk Bakaikuko udaletxean duen egoitzan sartu ziren. Sarraila aldatu eta gauzak handik ateratzeko Aste Santura arteko epea genuela jakinarazi ziguten". SalaketaEkintzaileek haien "egoitzaren aurkako erasoa salatu" egin zuten eta horrekin batera udala NaBairen esku gelditu ondoren "lan politikoa eta munizipala egiteko zailtasunak" izan dituztela nabarmendu zuten, horren adibide gisa herriaren etxeko hainbat giltzaren aldaketa jarri zuten. EAE-ANVk adierazi zuenez, giltzak aldatu zituztenetik "hainbat bilera egiten saiatu" dira eta giltzak ere ukatu omen dizkiete. Auzo-gelaren erabilera "segurtasun arazoetan" oinarrituz ukatu dietela azaldu zuten ekintzaileek. Bakaikuko EAE-ANVk azaldutakoaren arabera, udalak liburutegia egin nahi zuela aurreratu zien eta otsailean jakinarazi zien haiek udaletxean erabiltzen zuten bulegoa martxoaren 1erako utzi beharra zutela. Ekintzaileek diote kultur azpiegitura hori egitea haien hauteskunde programan jasoa zegoela eta ez zaiela gaizki iruditzen, baina, gehitu zuten "gure jarduera aurrera eraman ahal izateko beste gela bat" behar zutela. EAE-ANVk dio "NaBaiko zinegotzi batek proposamen bat egon zitekeela adierazi" ziela telefonoz eta erantzun ziotela "proposamena definitu arte gelan jarraituko" zutela. Halakorik ez omen dute jaso eta kexu azaldu ziren. Bakaikuko EAE-ANV kezkatuta azaldu da "ez dakigulako zer egin duten gure gelan, bertan zegoen informazio politikoaren erabileraren inguruan". Udalak "proposamenik ez duela" ere iradoki zuten ekintzaileek. Aldi berean, EAE-ANVk "oso larritzat" jo zuen "NaBaiko kideak ezker abertzalearen gelara sartzea aurretik abisatu gabe". Ekintzaileen ustez "NaBairen apustua Bakaikun konfrontazioarena eta etsai politikoaren suntsipena da. Konfrontazio politikoaren beldur dira eta horrelakoak egiten dituzte gure lan politikoa galarazi asmoz". Horrekin batera, udalaren "demokraziaren kontrako egoera" gogora ekarri zuten ekintzaileek. Hala ere, "gure eskubideak defendatzen" eta "Bakaiku ezkerretik eraikitzen" jarraituko dutela adierazi zuten.