NaBaik ekintzaileen salaketak ukatu ditu

Guaixe 2008ko apirilaren 4a

Bakaiku Baik bere oharrean dioenez, "errealitate bakarra da martxoaren 9an izan ziren ekintza bandalikoak, bakaikuarrei 2.000 euro baino gehiago kostatu zaizkionak". Koalizioak azaldu duenez "udaletxeko giltza-maisuko sistema guztia kaltetu zuten eta herriaren etxeko egoitza guztietako sarrailak aldatzera behartu zuten. Etorkizunean ziber-kultur gunea hartuko duen egoitzaren sarraila ere aldatutakoen artean dago". Gai horri lotuta, Bakaiku Baik dio: "egoitza okupatzen duten erabiltzaileek hura uzteko ezezko borobila egitasmoa atzeratzen ari da, diru-laguntzak eta bideragarritasuna galtzeko arriskuan jarriz". Gelaren erabilerari buruz koalizioak dio, "jabetza publiko bat interes partikularretarako erabiltzeko eskubidea ez du udal erabaki batek eman, baizik eta faborezko tratu nabarmenean oinarritutako uzteak". Bakaiku Baik azaldu duenez ekintzaileei "beste erakunde batzuekin egoitza elkarbanatzea eskaini zitzaien, baina ez zuten nahi izan, erabilera esklusibokoa nahi dutelako. Beste taldeek ez dute halako eskubiderik"."Hautestontziek emandako lau zinegotzigoak hartu" zituela gogoratu du. Bakaiku Baik dio "zoritxarrez herriak azken 6 urteetan arrastaka dituen arazo ugariak eta etorkizuneko garapena larriki baldintzatzen dutenak konpontzeko jarri gara lanean soilik". Aldi berean, "Ezker Abertzale Ofizialari lan egiteko trabak" jarri izana ukatu eta "eskatu duten gehienetan haien jarduerak garatzeko egoitzez, ondasunez eta gauzez gozatzeko aukera izan dute". Koalizioak, aldi berean, nabarmendu nahi izan du orain arte "ekintzaileak herriarendako garrantzitsuak diren gaietan ez dira nabarmendu". Bakaiku Baik "surrealistatzat" jo du "haiei leporatzea borroka bilatzea". Iazko garagarrilaz geroztik ekintzaileek "pintada, buzoneo, kartel, irain, txikizio eta abarren bidez koakzio egiteaz ez dutela utzi" azaldu du Bakaiku Baik. Azkenik, larunbatean izanen den batzarrera joateko gonbitea luzatu die koalizioak bakaikuar guztiei, "herriaren etorkizunaren eraikuntzan guztien artean ekarpenak egin ahal izateko".