Bakaikun, zortzikoa berreskuratzeko martxan

Guaixe 2008ko apirilaren 17a

Ernesto Leitza bakaikuarrak hartu du zortzikoa erakusteko ardura eta bere belaunaldiko gazteekin orain dela 13 urte dantzatu zutela gogora ekarri du. Garai hartan Altsasuarrak izan zituzten irakasle eta oraingoan Ernesto berak hartu die erreleboa. "Udalekoek proposatu zidaten eta ni dantzaria naizenez, gauza hauetarako beti prest nago". Altsasuko zortzikoaren antza handia omen dauka Bakaikukoak eta irakaslearen esanetan, "nahiko erraza da ikasteko". Garai batean festetan plazan dantzatzen zen eta aurten ere hau errepikatzeko asmoa daukate dantzari berriek. Larunbatero arratsaldeko 17:00etan izaten dute hitzordua eta dagoneko 15 lagun gerturatu dira entseguetara. Gehienak neskak eta gazteak dira orain arte hurbildu direnak, baina oraindik ere ateak zabalik daudela adierazi du Ernestok. Beraz, aurtengo festetan hainbeste urtetan ezkutuan izan duten zortzikoa, herriko plazan ikusteko aukera izango dute bakaikuarrek.