Bakaikuar baten erretratua Zaragozako Museoan

Guaixe 2008ko maiatzaren 7a

Juan Martin de Goikoetxea y Galartza eta Goya lagunak ziren. Erretratua 1790 urte aldera margotua izan zen. Pintoreak Madriletik Zaragozara egindako bidaia batean bere lagunaren ikerketak eta zirriborroak egin zituen hainbat egunetan. Koadroa Madrilen margotu zuen Goyak, ordurako gorteko margolaria zenak. 84 cm zabal eta 65 cm altu da erretratua. Margolariak erretratua bakaikuarrari oparitu zion. Bere ondorengoen eskuetatik Sobradiel eta Gabardako kondeen jabetza izatera pasa zen. Ondoren Orgazko kondearena izan zen erretratua, Las Palmasko markesen esku gelditu arte. PinturaErretratuan Juan Martin de Goikoetxea y Galartza hiru laurdeneko posizioan posea egiten ari da. Soinean kasaka marroia du eta eskuin eskuaren zati bat kasaka barruan sartzen du. Paparrean 1789an jaso zuen Carlos III. gurutzea darama. Fondo ilun eta kasaka marroiaren gainetik bakaikuarraren aurpegia nabarmentzen da, bere argitasunagatik. Zein zen?Juan Martin de Goikoetxea y Galartza 1732ko azaroaren batean jaio zen Bakaikun. Haurra zela, Zaragozan bizi zen bere osaba Lucas de Goikoetxearen etxera joan zen. Hura hiltzean haren ondasunak jaso zituen eta bere merkatari jarduerekin nabarmen handitu zituen, 1770tik hil arte Zaragozako merkataritzako eta finantzetako pertsona nabarmenena bihurtzeraino. Lyongo merkataritza eskolan egin zituen ikasketan eta han Frantzia, Ingalaterra, Italia eta Herbehereetako hainbat enpresekin erlazioak lotu zituen. Bere jarduerak ekonomiaren arlo guztiak hartu zituen. Nekazaritzan, olibondoak landatu zituen, mahasgintzan ere aritu zen eta gauza berriak probatu zituen. Ardo eta olioa ekoiztu zuen. Industria arloan, artilean eta zeta oihaletan aditu handia zen. Burdina eta bestelako mineralen galdaketan ere aritu zen. Bestalde, Zaragozako gari, olio eta ardo horniketaren zati handi bat kontrolatzen zuen eta esportazioan ere aritu zen. Hainbat kargu bete zituen: ubide inperialeko diruzaina; San Carlos Bankuaren Zaragozako ahalduna; erret agirien interesen ordainketarako Zaragozako ordezkaria edota Compañia de Amigos de Zaragozaren arima. Gainontzeko merkatarien operazioak 6 hilabetera finantzatzen zituen eta inbertitzailea ere izan zen.Frantziara egindako bidaien eraginez edo, neoklasizismoaren alde egin zuen, kontzeptu artistiko eta artisauen eraldaketa ekartzen zuen mugimenduaren alde. Hala, mezenas gisa, 7 urtez marrazketa akademia bat mantendu zuen, gerora Real Academia de San Luis bihurtuko zena. Ilustratua, Zaragoza eta Aragoiko kultur bizitzarekin eta erakundeekin lotura estua izan zuen. Juan Martin de Goikoetxea y Galartza 1806ko apirilaren 4an hil zen Zaragozan. Goya eta SakanaBakaikuarrarena ez da Francisco de Goyak margotu zuen sakandarren erretratu bakarra. Martin de Goikoetxea eta Juana Galartza senar-emazte altsasuarren erretratu bana egin zituen Goyak 1810ean. Gainera, bikote altsasuarraren alaba, Gumersinda, margolariaren Javier semearekin ezkondu zen. Guztiak ere liberalak zirenez erbestean egin zuten bat. Bestalde, pintorea 1828an Bordelen hil zenean Goikoetxea-Galartzatarren panteoian eman zioten lur, lagun minak baitziren.