Domekan bi herriak Santa Marinara, Trinitatearen omenez

Guaixe 2008ko maiatzaren 16a

Ospakizunei hasiera emateko etxafigua bota eta Urbasako bargara bidean jarriko dira. Batzuk oinez, besteak autoan... Iturmendi eta Bakaikuko herritarrak Trinitateko ermitan bilduko dira. Heltzerakoan bapo gosaldu eta ospakizunei aurre egiteko moduan izanen dira. Ohiturari jarraituz, eguerdian meza izanen da eta elizkizuna eta gero zilarrezko kikaretan ardoa banatuko du Bakaikuko udalak. Dantza egiteko musika doinurik ere ez da faltako. Eta gero, mahaira bazkaltzera eseriko dira. Bakaikuko eta Iturmendiko Udal ordezkariek elkarrekin bazkalduko dute, eta Urdiaingo alkatea ere mahaira gonbidatuko dute, herrien arteko harremanak bulkatzeko asmoz. Bazkalondoan trikiti doinuek dantza egiteko gonbitea eginen dute. Puruak ere banatuko ditu udalak. Seiak aldera guztiek ere beherako bidea hartuko dute. Garai batean, jaisterakoan, bakaikuarrek dantzalarren geldialdia egiten zuten, merendatzeko mokaduren bat jan eta Zortzikoa dantzatzen zuten. Ondoren herriko bidea hartu eta herriaren etxera heltzen ziren, zortzikoa dantzatuz. Aspaldi galdu zen ohitura hori, baina egun jaitsieran geldialditxoak ere egiten dituzte. Ildo honetan, aipatzekoa da herritar talde bat Bakaikuko zortzikoa berreskuratzeko lanetan murgildua dagoela. Aurten Trinitateko azken festa Bakaikuk hartuko du, eta Gaubela taldearen dantzaldiarekin despedituko da jai eguna. Asteazkenean, Pazka laugarrenZenbait bakaikuar eta iturmendiar dagoeneko asteazkenean izan ziren Santa Marinan. Sainduaren irudia ermitara igo zuten eta eguerdian meza izan zen. Ondoren guztiek gosaldu egin zuten. Pazka laugarren izena hartzen du egunak Pentecostes ondoko laugarren eguna delako. Garai batean, egun horrekin, artzainak eta gutxi batzuk gehiago biltzen ziren Santa Marinan. Asteazkenean ahal zuena igo zen. Ospakizun handia, hala ere, domekakoa da.