Ezbeharra inguruko lantegi bateko lan-txanda aldaketarekin batera izan zen eta hasieran esamesak ugariak izan ziren Bakaikun. Hainbat izan ziren trenbide pasara ezbeharraren arrastoak bertatik bertara ikustera joan ziren bakaikuarrak. Haiekin batera Foruzaingoko hainbat patruila eta tren azpiegiturak kudeatzen dituen Adif enpresako teknikariak ere joan ziren. Horiek kalteen aurreneko ebaluazioan esan zuten tren katenariaren 350 metro kaltetuta zeudela, eta tren-makinan tresna jakin baten egoera zein zen zehatz aztertu behar izan zuten. Trenbide pasa kentzeaEzbeharraren tokira hurbildu zirenen artean Alfredo Zelaia zinegotzia zegoen. Hark gogora ekarri zuenez, trenbide pasan istripuak "lauzpabost gertatu dira. Autoa gelditu zenekoa, zubi-garabia kamioia zeramana gelditu zenekoa, autoaren muturra jo zuenekoa...". Eta galdetu zuen: "norbaiti lur eman arte itxaron behar al dute trenbide pasa kentzeko?" Istripu gunean bildu ziren bakaikuarrek adierazi zutenez, trenbide pasan dauden eta trenaren etorreraren berri ematen duten argi eta soinu seinaleek "maiz huts egiten dute". Dirudienez, Bakaikuko trenbide pasa kentzeko hasierako egitasmoa esku artean dute agintariek, hau da, Bakaiku eta Iturmendi artean dagoen autobia gaineko zubiaren paretik iparraldera bidea egitearena. Horrek egungo trenbide pasaren parean oinezkoendako pasabidea ekarriko luke. Antza, bi toki horietan lurraren osaketa zein den aztertzeko laginak hartu dituzte. Hala ere, 2002rako baliogabetua egon beharko luke trenbide pasak. Hori ez zen asteazkeneko ezbehar bakarra izan. Goizean, Bakaiku parean, autobian Etxarriko noranzkoan zihoan auto bat errepidetik atera baitzen.