Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Egitasmoaren nondik norakoak azaldu eta hura aurrera eraman ahal izateko, Bakaikuko Udaleko ordezkaria berriki Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari Begoña Sanzberro Iturririarekin bildu zen; dermioko bideak konpontzeko egitasmoa aurrera eraman ahal izateko ezinbestekoa baita departamentuaren laguntza. Bakaikuko Udalak, bere aldetik, aurtengo aurrekontuetan 30.000 euroko diru saila aurre ikusi du horretarako. MaileguaBakaikuko Udalak aurtengo aurrekontuetako diru sail nagusiena, 90.000 euro inguru, mailegu bat ordaintzen bukatzera bideratu du. Mailegu gutxiago izatean udalaren zorpetzeko ahalmena handituko da eta, udaletik azaldu digutenez, "horrek gauza gehiago egiteko aukera emanen digu". Bestalde, Bakaikuko Udalaren aurrekontuetan, 683.470,03 euro guztira, liburutegia hartuko duen egoitza egokitzeko diru-sail txiki bat jaso da. Udalaren asmoa da aurten egokitzapen lanen bat egitea. Ondoren, Kultura Departamentuarekin harremanetan jarriko dira liburutegia errealitate bihurtzeko hitzarmenen bat negoziatu eta diru-laguntzaren bat lortu ahal izateko. Bakaikuko Udalak ere liburutegia Nafarroako sarean sartzea ere aztertuko du.