Domekan gaztaina mozte eguna ospatuko da

Guaixe 2008ko urriaren 24a

Gaur egun bezala, garai batean ere fruitu estimatua zen gaztaina. Harekin abereak eta familiak elikatzen ziren. Aurretik, ordea, bildu beharra zegoen. Bilketa lan hori gogora ekartzeko eta bakaikuar gazteen artean ezagutzera emateko antolatu da gaztaina mozte eguna. Bilketan parte hartu nahi duenak domekan 9:00etan du hitzordua Bakaikuko plazan. Handik, oinez, beheko basorako bidea hartuko dute. Faltsuenak ordu bat geroago abiatuko dira, autotan. Behin gaztendeian fruituak biltzearekin batera, garai batean bilketa nola egiten zen azalduko jende larriak. Azalpenak euskaraz emanen dituzte, eguna antolatzerakoan hizkuntzaren erabileraren sustapena ere gogoan izan baitu udaleko kultura batzordeak. Eguerdi partean gaztainak aldean dituztela Bakaikura bueltatuko dira. Gaztaina mozte eguneko hurrengo hitzordua domekan, 18:00etan, dago jarrita, udaletxean. Han izanen dira Nicanor Anso eta konpainia gaztaina biltzeari buruzko argibideak ematen. Horretaz gain, Nicanorri berari ETBk egindako elkarrizketa ere emanen da. Hura despeditzean, 19:00etan, gaztaina jatea izanen da plazako tabernan.